Birusak: Egitura, Motak eta Ugalketa Zikloa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,68 KB

Zer dira birusak?

Egitura azelularrak dira, eta ez dira izaki biziduntzat hartzen. Hain tamaina txikikoak direnez gero, mikroskopio optikoaren bidez ezin dira ikusi. Birusen tamaina nanometrotan neurtzen da. Izaki bizidun guztietan egoten dira eta zelulen derrigorrezko parasitoak dira; berezko metabolismorik ez dutenez, parasitatzen duten zelularen egitura erabiltzen dute ugaltzeko. Birusak gaur egungo infekzio-gaixotasun garrantzitsuenen eragileak dira (gripea, katarro arrunta, hepatitisa, HIESa, etab.).

Birusen egitura

Barrutik azido nukleikoa eta inguruan proteinazko kapsida geometriko bat dute. X izpien bidez ikusi denez, kapsida hori mosaiko eran dauden kapsomeroek (unitate proteikoek) osatzen dute. Azido nukleikoak kapsidarekin batera birion deitutako multzoa eratzen du. Birus batzuek birion horren inguruan beste estalki lipoproteiko bat dute. Azido nukleikoa DNA ala RNA izan daiteke.

Birus motak

Birusak sailkatzeko irizpide desberdinak erabili ohi dira. Horietako bat duten azido nukleiko mota da; horren arabera, DNA birusak eta RNA birusak daude. Gainera, azido nukleikoa irekia edo zirkularra izan daiteke, eta katebikoitza edo katebakarra. Beste irizpide bat parasitatzen duten zelula mota da. Horren arabera, animali birusak, landare-birusak eta bakteriofagoak ditugu.

Kapsidaren formaren araberako sailkapena

  1. Poliedrikoak: Kapsidak poliedro erregular baten forma duenean (adibidez, ikosaedroa, 20 triangelu ekilaterodun poliedroa). Poliomielitisaren eta hepatitisaren birusak, esaterako, honelakoak dira.
  2. Zilindrikoak: Kapsida zilindrikoa dute, adibidez, tabako-landarearen mosaiko gaixotasunaren eragilea.
  3. Konplexuak: Bi zati dituzte: ikosaedro forma duen burua eta isats zilindrikoa. Isatsak muturrean daukan plaka batetik gako batzuk ateratzen zaizkio, eta baita aurrera begira dauden sei harizpi trinko ere. Adibidez, bakteriofagoak (bakterioak infektatzen dituzten birusak).

Birusen zikloa

Birusek berez ez dute metabolismorik. Horregatik, zelulen derrigorrezko parasitoak dira eta bizidunengan gaixotasunak eragiten dituzte. Zelula ostalaritik kanpo ezin dira ugaldu, eta birusen funtzio bakarra azido nukleikoaren eramaile izatea besterik ez da. Birus bat zelula batean sartzen denean, bere azido nukleikoak zelularen metabolismoa zuzentzen du bere onerako.

Birusek ezin dute edozein zelula infektatu, zelula ostalariarekiko espezifikoak baitira. Hau da, birus bakoitzak zelula mota bakarra parasitatzen du. Honela, animali birusak, landare birusak eta bakteriofagoak bereizten ditugu.

Birusen ugalketa-zikloa barneratze aldiarekin hasten da, eta, horretarako, mekanismo desberdinak daude. Bakteriofagoek, adibidez, isatsa uzkurtu eta DNA injektatzen dute, kapsidak kanpoan gelditzen direlarik. Beste birus batzuen kasuan, aldiz, biriona osorik barneratzen da (ikus irudia). Birusek, ugalketari dagokionez, hainbat bide jarrai ditzakete. Ikus ditzagun adibide hauek: bakteriofago baten zikloa eta HIESaren birusarena.

Bakteriofagoaren zikloa: litikoa eta lisogenikoa

Fagoak, zelula barruan, bi bide jarrai ditzake:

  • Ziklo litikoa: Zelulak birusaren azido nukleikoaren kopiak eta kapsomero berriak sortzen ditu (proteinen sintesiaren bidez); gero, osagai horien mihiztadura gertatzen da; eta, azkenik, birus sortu berriak ateratzen dira, zelularen lisia eraginez.
  • Ziklo lisogenikoa: Birusaren DNA zelularen kromosoman txertatzen da, bakterioarekin batera erreplikatuz eta hasiera batean infektatutako zelularen ondorengoetara igaroz. Sortasun aldi honetan profago izena hartzen du. Horrela integratutako birusak ziklo litikoa abiaraz dezake, adibidez, zelulak lesio bat jasaten duenean.

HIESaren birusaren zikloa

HIESaren birusa erretrobirusa da, alegia, material genetiko gisa RNA molekulak dauzkan birusa, baina DNA bihur ditzakeena alderantzizko transkriptasaren bidez. Talde horretakoak dira, besteak beste, ugaztunetan leuzemia sortzen duten birusak.

HIESaren birusa (GIBa) infektatutako zelularen mintz plasmatikoarekin bat eginez sartzen da zelulan. Behin zelularen barruan, RNA birikotik abiatuta eta alderantzizko transkriptasari esker, DNA bikoitza lortzen da. DNA zirkularizatu eta barneratzen da, birkonbinazioaren bidez, zelularen genoman. DNA horrek zuzentzen ditu birus berrien osagaiak: RNA birikoak, entzimak eta kapsidaren proteinak. Horiek guztiak mihiztatu ondoren, partikula biriko berriak sekuentzialki irteten dira zelulatik gemazioz.