Berrezarkuntza Espainian: Borboitarren Itzulera eta Sistema Politikoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 8,22 KB

Berrezarkuntza Borboitarra Espainian (1874-1902)

Berrezarkuntza Borboitarren dinastiaren itzulera eta dinastia horri eusteko beharrezko baldintzen sorrera izan zen.

Pavia jeneralaren kolpearen ostean (1874ko urtarrilean), Serrano jenerala gobernuburu jarri zen, eta gerra karlista amaitzera bideratu zituen ahalegin guztiak. Borboitarren dinastia berrezartzearen aldeko presio-taldea osatu zuten. Abenduaren 1ean, Alfontso printzeak, hamazazpigarren urtebetetzean, manifestu bat irakurri zion nazioari Sandhurst-eko (Ingalaterra) akademia militarretik. Canovasek idatzitako manifestu horretan, Espainiaren arazoetarako irtenbide bakarra monarkia tradizionala berrezartzea zela adierazten zen. Canovas del Castillo, jazarraldi gehiagoren aldekoa ez zen arren, 1875ean Martinez Campos jeneralak, Sagunton, soldadu-brigada baten aurrean, Alfontso XII.a Espainiako Errege izendatu zuen. Armadaren gehiengoaren babesa lortu zuen Alfontso XII.aren tronuari eusteko. Horrela hasi zen Berrezarkuntza, erregimen moderatu liberala berrezartzeko asmoz.

Erregimen Berriaren Lehen Urratsak eta Egonkortzea

Erregea 1875ean sartu zen Madrilen, denon arteko bizikidetasunaren bideratzaile gisa. Erregimen berriak hartu zituen lehenengo neurriak Elizaren babesa lortzera zuzendu ziren, iraultzaren garaian jasandako erasoek urrundu zutenez gero. Aurreko urteetan, oposizioko egunkariak eten, polizia berria eta auzitegi bereziak ezarri ziren inprimategietako delituetarako, Armada laguna lortu eta funtzionarioen artean garbiketa egin zen. Gainera, gerora altxamendu militarrik ez izateko, Canovasek defendatzen zuen bizikidetza jarraitua hautsiko zutelakoan, Erregea armadaren buru gorena ere izango zen, agintari militar gorenak mendean hartzea ziurtatzeko. Karlisten kontrako gerra zibila 1876an amaitu zen, eta Kubako auzia 1878an amaitu zen, nolabait, Zanjoneko Bakearekin.

1876ko Konstituzioa eta Canovasen Sistema

Gorteek Konstituzio berria prestatzeko deialdia sufragio unibertsalaren bidez egin zuten, indarreko legedia betez (1869ko Konstituzioa), baina tramite hutsa izan zen, botoak hartzeko sistema antolatua zegoenez gero. Eztabaidak hasi baino lehen, Canovasek funtsezko iritzi zion premisa batzuk ezartzeari: monarkia alderdi politikoen gainetik ipini zuen; hau da, oinarrizko erakundeak (Monarkia eta Gorteak) edozein testu idatziren aurretik eta gainetik zeuden. Lehenengo hauteskundeetan, 1876an, aukeratutako diputatuen %90a alderdi liberal-kontserbadorekoak izan ziren.

Artikuluak berehala onartu ziren, eztabaida gutxirekin, erlijioaren gaiari buruzkoa kenduta. Kongresua zatitu egin zen, batasun katolikoaren aldekoen eta 1869ko Konstituzioaren ildokoen artean; azkenean, formula eklektikora heldu ziren, denak ase nahian. Formula eklektiko horren arabera, Konstituzioak Estatua konfesionala zela zioen, pribatuan beste erlijio batzuetakoak izatea onartu arren. 1876ko Konstituzio laburrean (laurogeita bederatzi artikulu), aginteak ez zeuden ondo banatuta, monarkiari ematen baitzion Gobernuko burua izendatzeko ahalmena; azaletik aitortzen zituen oinarrizko askatasun politikoak; bi ganberatako parlamentua ezartzen zuen, eta Senatuko kide gehienak berezko eskubidez edo bizi artean ziren senatariak ziren.

Konstituzioa onartu eta gero, Canovasen sistemak bi oinarri nagusi zituen: burujabetza partekatua (Erregearen eta Gorteena) eta konstituzioaren legezkotasuna onartzen zuten alderdi ofizialak. Eredu ingelesaren miresle, Canovasek uste zuen beharrezkoak zirela Konstituzioa errespetatuko zuten bi alderdi, Gobernuan txandaka aritzeko. Handikien alderdiak izango ziren, masa-partiduekin zerikusirik gabe, eta alderdi horietako diputatuek beteko zituzten Kongresuko ia eserleku guztiak. 1878ko hauteskunde-legeak zentsuko sufragioa berrezarri zuen, eta, ondorioz, biztanleen %5ek besterik ez zuen parte hartzeko aukera izango. Printzipio horien arabera, bi alderdi nagusi eratu ziren: Canovasek zuzendutako alderdi liberal-kontserbadorea (goi-mailako burgesia lurjabea, goi-mailako funtzionario militar eta zibilak eta Iberiar penintsulako handikiak) eta Sagastak zuzendutako alderdi liberal-fusiozalea (progresistak eta demokratak).

Zentralismoa, Foruen Abolizioa eta Elizarekiko Harremanak

Legegintzako jardunean nabarmenena zentralismo politiko-administratiboa izan zen, herritarren kodeak eta berdintasun juridikoan islatuta. Lehenengo egiaztapena 1876ko uztaileko legea izan zen, euskal probintzietan foruak indargabetu zituena. Foruak indargabetzeko jarraitutako prozedurak gerra nork irabazi zuen argi erakusten zuen: Canovasek foru-aldundietako ordezkariei jakinarazi zien soldadutza egiteko eta Estatuko aurrekontuetan ezarritako diru-ekarpenak ordaintzeko eginbeharrak probintzia guztietara hedatuko zirela.

Ardatza Madrilen zuen zentralismoa nabarmen gertatu zen probintzietako diputazioak eta udalak berrantolatu zirenean. Herritarren parte-hartzea murriztu zen: 30.000 biztanletik gorako herrietan (probintzietako hiriburu ia guztiak eta beste hiri batzuk) alkateak erregeak izendatuko zituen (hau da, Gobernuak), eta probintzietako eta udaletako aurrekontuak Gobernuak onartu behar zituen.

Bigarrenik, inprimatzeko askatasuna murriztu zen. 200 orrialdetik beherako inprimakiak aldez aurretik zentsuratu behar ziren; hau da, foileto eta egunkari guztiak estatuaren kontrolpean zeuden. Horrez gain, Elizarekiko harreman onak berrezartzeak Elizari liburu guztiak moralari eta ohitura onei zegokienez zentsuratzeko ahalmena ekarri zion. Inprentari buruzko legeak Berrezarkuntzako sistema politiko eta sozialaren kontrako edozein eraso, baita zalantza bera ere, delitu bihurtu zuen.

Txandakatze Politikoa eta Jauntxokeria

Txandakatzearen formula politikoak, hauteskundeak manipulatuz, aukera ematen zien bi alderdiei gobernuan modu baketsuan txandaka aritzeko. Horrela, aldez aurretik ituntzen zen faltsutzea. Faltsutze iraunkorra onartzeak planteamendu ekonomiko eta sozial batzuekin bat etortzea zekarren; hau da, produkzio-sistema kapitalista eta jabetza pribatua defendatzea, eta goitik behera jardun behar zuen sistema politikoa.

Espainiar landatar pobretuan, garrantzi ekonomiko eta sozial izugarria zuen jauntxokeriazko jardunaren bidez kontrolatutako tokian tokiko aginteak bermatzen zuen sistema, borondate nazionala faltsutuz. Formula Gobernuak oniritzitako hautagaien zerrenda osatzea zen. Hautagai ofizial horiek ia ziurtatuta zuten irabaztea, hauteskundeak egin aurretik. Hitzarmena ezinezkoa edo zalantzazkoa zenean, emaitzak jarritako helburuetatik ez urruntzeko, presioa egiten zen: iruzurra, hertsatzea, indarkeria, botoak erostea, eta abar.

Jauntxokeria XIX. mendearen erdialdetik XX.aren lehen herenera arte Espainian azaleratu zen egitate soziopolitikoa izan zen. Gizartean eragin eta ospe handia zuten pertsonek agintea kontrolatzen zuten eremu jakin batzuetan, batez ere eremu landatarretan. Antzinako jauntxoen harremanen hondakina zen. Jauntxoak, printzipioz, eremu geografiko, ekonomiko edo sozial jakin batean errotuta zeuden, gizarte itxi hartan nagusi ziren eta Estatuaren aurrean gizarte horren bitartekariak ziren herri- edo eskualde-mailako elite bateko kideak ziren. Funtzionarioak edo diputatuak trukagarriak ziren; jauntxoak, ordea, han irauten zuen, bere eremuan tinko. Mesedeak eta opariak banatzen zituzten botoen truke; jaun eta jabe ziren landetako auzietan eta jarraitzaileen babesaren sortzaileak ziren.

Maria Cristinaren Erregeordetza eta Erregimenaren Bilakaera (1885-1902)

1885ean Alfontso XII.a hil zen, eta erregimenaren jarraipena arriskuan geratu zen. Sagastak akordioa adostu zuen Canovasekin alderdiak txandakatzea bermatzeko, El Pardoko Itunean. Maria Cristina Habsburgokoaren erregeordetza hasi zen horrela, 1902ra arte iraun zuena (Alfontso XII.aren hil osteko semeak hamasei urte bete zituen arte). Urte horietan, bi alderdi dinastiazale nagusiak txandakatuz joan ziren. Erreginak Sagastarekin konfiantza berezia zuela diote, haren erreformak sustatu eta babestu zituelako. Sagastak bost bider osatu zuen gobernua 1901ean erretiratu arte, eta haren gobernupean hainbat lege onartu ziren, erregimena, nolabait, demokratizatu zutenak: bilera- eta adierazpen-askatasunaren legea, prentsa-legea, sindikatu-askatasunaren legea eta, garrantzitsuena, gizonezkoen sufragio unibertsala.