Aurrezkiaren Garrantzia eta Finantza Plangintza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Economía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,29 KB
1. Aurrezkia
Diruaz kezkatu gabe bizitzea da pertsona ororen amets handienetako bat. Hala ere, dirua ez da mugagabea. Asko kostatzen zaigu dirua irabaztea, eta, horrez gain, beti daukagu nahi baino gutxiago.
Diruarekin lotutako kezkarik ez izateko, pertsonok ahalik gastu gutxien eta ahalik diru-sarrera gehien izaten saiatzen gara. Baina azken hori ez da hain erraza, diru-sarrerak ez baitira norberaren borondatearen araberakoak. Gure mende dago, ordea, etorkizunean dirua izateko plangintzak egitea eta dirua aurreztea.
Aurrezkia gure diru-sarreretatik kontsumitzen ez dugun zatia da. Gaur egungo diru-sarreren kontura etorkizunean egin dezakegun kontsumoa da. Aurrezkiaren kontrakoa zorra da. Zorra etorkizuneko diru-sarreren kontura gaur egun egiten den kontsumoa da.
1.1. Aurrezteko arrazoiak
Dirua aurreztuta izateak lasaitasuna dakar, honako hauetarako dirua izan dezakegu eta:
- Larrialdiei edo ustekabekoei aurre egiteko: Esaterako, gaixotasunak, istripuak, matxurak eta etxeko konponketak.
- Etorkizunerako planak egiteko: Helburu jakin batzuk dira; adibidez, auto bat erostea, bidaiatzea eta seme-alaben ikasketak ordaintzea.
- Zorrik ez izateko: Aurrezkirik ez badago, gerta liteke dirua maileguan eskatu behar izatea, ustekabeko egoeraren bati aurre egiteko.
- Inbertsioak hala moduz saldu behar ez izateko: Batzuetan, gerta liteke jabetzak edo beste ondasun batzuk nahi baino merkeago saldu behar izatea.
- Gogokoak ez diren lan-egoerei aurre egiteko: Lanik gabe geratzea ustekabekoen kategorian sar genezake, baina egoera horrek bereizita aztertzea merezi du, sarritan lana baita pertsonen diru-sarreren iturri nagusia edo bakarra. Horrez gain, lan-testuingurua ere hartu behar da kontuan: krisialdietan batez ere, langile orok aurreikusita izan beharko luke lanpostua galtzeko arriskuari aurre egiteko modua.
1.2. Zenbat aurreztu behar da?
Denok aurreztu dezakegu, baina denok ez dugu diru-kopuru bera aurrezteko beharra. Aurreztu beharreko zenbatekoa egoera pertsonalen eta ekonomikoen araberakoa da, eta hauek dira kontuan hartu ohi diren faktore garrantzitsuenak:
- Diru-sarreren egonkortasuna: Lan-egonkortasuna oso faktore garrantzitsua da, eta, alde horretatik, funtzionario izatea da onena, baina funtzio publikoan lan egitea ez dago denon esku, eta, gainera, ez da ongien ordaindutako lanbidea.
- Ondare-aberastasuna: Oro har, jabetza gehien dituztenek kezka gutxiago izaten dituzte, baina ondasun asko izateak ez du esan nahi bizimodua ziurtatuta izango denik. Ondasunek ez badituzte jabearentzako behar adina errenta sortzen (alokairuko errentak, dibidenduak...), gerta liteke zenbait egoeraren ondorioz ondasuna saldu behar izatea, merkatu-prezioan baino merkeago, edo, nolanahi ere, nahi baino merkeago.
- Osasuna: Osasun ona ez duenak diru gehiago beharko du, agian, osasun-sistema publikotik kanpo geratzen diren osasun-arreta eta farmazia-gastuak ordaintzeko.
Dena dela, oro har, zentzuzkotzat jotzen da hilean diru-sarreren % 10 aurreztea, baina edozerk balio du: 10 € hilean 120 € dira urtean (360 € hiru urtean), etab.