Arrazionalismoa, Enpirismoa eta Ilustrazioa: Ezagutzaren Oinarriak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 8,97 KB

Arrazionalismoaren Ezaugarri Nagusiak

Filosofian, epistemologia izeneko adarrak ezagutzaren jatorria edo iturria zein den argitzen du. “Nola ezagutzen dugu?” edo “zerren bitartez eskuratzen dugu ezagutza?” Arrazionalisten ustez, arrazoia da ezagutza eskuratzeko iturri baliagarri bakarra.

René Descartes (1596-1650) Frantzian jaio zen eta arrazionalismoaren sortzaile gisa ezagutzeaz gain, filosofia modernoaren aitatzat ere hartzen da. Edonola ere, korronte epistemologiko horren baitan beste bi filosofo hauek ere aipagarriak dira: Spinoza eta Leibniz. Descartesek, zentzumenek engaina gaitzaketela ikusirik, existentzia guztia, norberarena barne, zalantzan jarri zuen. Nola jakin nire inguruko objektuak existitzen ote diren? Nola dakit ni existitzen naizela eta ez naizela ametsetan ari? Arrazoimena erabiliz galdera hauek argitzeko metodo bat proposatuko du: zalantza metodikoa.

Zalantza metodikoaren arabera, zalantzazkoak izan daitezkeen baieztapen guztiak baztertu behar dira, eta horien artean daude zentzumenetatik datozkigunak.

Descartes konturatzen da existitzen ez den ezer ezin daitekeela zalantzan egon, hau da, zalantzan dagoen zerbaitek existitu beharra daukala; beraz, zalantzan dagoen zerbait denez, bera existitzen dela: cogito ergo sum (pentsatzen dut, beraz, banaiz).

Arrazionalistek baieztatzen dute arrazoimenak bakarrik sortzen dituela ideia argiak eta esperientziak, berriz, sentsazio, inpresio eta irudikapen mental nahasiak sortzen dituela. Arrazionalismoak, matematika (aritmetika eta geometria) hartzen du jakintza arrazionalaren ezagutza-eredua.

Arrazoimenean oinarritutako ezagutza jakintza unibertsala eta beharrezkoa da; esperientziaren datuek ematen duten jakintza, berriz, partikularra da. Arrazionalisten helburua arrazoimen hutsean oinarrituko den zientzia eta filosofia unibertsala lortzea da. Arrazionalistek matematikaren aldeko apustua egin zuten benetako ezagutzaren eredu gisa.

Enpirismoa: Ezagutzaren Iturri Esperientziala

XVII-XVIII. mendeetan sortu zen korronte filosofikoaren sortzaileak John Locke eta David Hume ditugu. Egiazko ezagutza lortzeko giza gogamenaren azterketa egin behar dela zioten. Gure gaitasunak aztertuz bakarrik erabaki ahal izango da zer gauza ezagut ditzakegun eta zein ez. Giza ezagutza mugatua dela gaineratu zuten. Haien aburuz, gizakiaren gogamenean ez dago berezko edo jatorrizko ideiarik. Horregatik, gizakiaren gogamena jaioberritan “tabula rasa” edo “orri zuri” batekin alderatzen dute; ez baitago aurretiazko ideiarik bertan. Hain justu, enpiristek diote ideia guztiak zentzumenen bitartez jasotako irudikapenen kopiak direla. Beraz, garrantzitsuak ez dira ideiak, baizik eta irudikapenak.

Europa kontinentalean arrazionalismoa hedatu bitartean, Britainiar irletan enpirismoa nagusitu zen, eta ezagutzaren jatorrizko iturria giza esperientzia zela ziurtatzen zuten. Enpirismoaren tesi nagusiak Aristoteles du aurrekari. Haren arabera, pertzepzioak gauzen esentziara iristeko bidea ematen baitigu.

Enpirismoaren Ideia Nagusiak

  1. Esperientzia da ezagutza-iturri bakarra.
  2. Jaiotzatiko ideiak ez dira existitzen: burmuinak zentzumenetatik jasotzen ditugun sentsazioak prozesatzen ditu, eta ezagutza lortzeko eraldatzen ditu.
  3. Egiaztapen enpirikoa eta ezagutza sentigarria dira egiaren irizpide bakarrak.
  4. Gure burmuinak inpresioetatik abiatuta sortzen dituen ideia konplexuak edo kontzeptu unibertsalek ez dute balio objektiborik.
  5. Zientzia-eredua ez da matematikarena, zientzia esperimentalena baizik, gertakarien behaketatik abiatzen baitira. Zientzia eredua fisika, kimika, biologia… bezalako zientzia esperimentalak dira.

Arrazionalistek proposatutako eredu matematikoaren aurrean, enpirismoak zientzia enpirikoen berezko metodo induktibo-esperimentala hartzen du eredutzat, egiazko ezagutzara iristeko modu gisa. Helburua zen legeak eta hipotesiak formulatzea, etorkizuneko gertaerak iragartzeko.

Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak

  1. Arrazoi-eredu berria
    1. Arrazoi enpirikoa eta analitikoa: enpirismoaren kritikaren ondoren eta zientziaren garapenari esker, esperientziatik abiatzen da ezagutza zientifikoa.
    2. Arrazoi kritikoa: tradizio, aurreiritzi eta sinesmenen aurka, autokritika eginez.
    3. Arrazoi autonomoa: arrazoia gizakiaren gidari bakarra.
  2. Naturaren ikuspegi berria: natura erreferentzia nagusia. Newtonen ikuspegian, natura fenomenoak zuzentzen dituen lege naturalen multzoa.
  3. Aurrerapenaren ideia: Denbora aurrera doan heinean, gizakiaren bizi-baldintzak hobetuz doazela dioen sinesmena. Arrazoiaren bidez natura menderatu eta gizadiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor daitekeela uste dute. Gaur egun, etengabeko aurrerakuntzaren ideia zalantzan dago, errekurtsoak ez baitira mugagabeak.
  4. Tolerantzia: Ilustrazioan garrantzi berezia hartu zuen askatasunak. Tolerantzia aldarrikatu zen arlo guztietan. Baina askatasun eskaera horrek ekonomia-arloan hartu zuen indarrik handiena: aristokraziaren pribilegioak ezabatu eta burgesia aberasteko. Ilustrazioak erreforma eta tolerantziaren alde jokatu zuen.
  5. Erlijio arrazoiduna: Ilustratuek erlijioaren interpretazio arrazionala egiten dute eta ondorioztatu gizakiak ezin duela Jainkoa ezagutu.
  6. Askatasuna: Kantek askatasuna defendatu zuen. Pentsamendu askea eta adierazpen-askatasuna ezinbesteko baldintzak dira arrazoimenaren erabilera publikoa ahalbideratzeko. Askatasunaren bidez, gizakiak autonomia lortzen du, baita adin nagusitasuna ere.

Arrazionalismoa eta Enpirismoaren Sintesia: Kant

Immanuel Kantek bere garaiko bi korronte handiak zalantzan jarri zituen eta haien arteko aurkakotasuna gainditzen saiatu zen: enpirismoa eta arrazionalismoa. Horrela, Kantek Kritizismoa proposatu zuen.

  • Arrazionalismoarentzat, ezagutza guztia adimenetik eratortzen da, eta ez esperientziatik. Arrazoimenak bere kabuz eta esperientziaren beharrik gabe ezagutu dezake egia absolutua, bere baitan aurkitzen dituen jatorrizko (a priori) ideietatik abiatuta, dedukzioaren bidez.
  • Enpirismoarentzat, ordea, ezagutza oro esperientziatik eratortzen da, datu sentigarriei esker. Adimena, berriz, datu sentigarriak eskuratu aurretik, tabula rasa edo hutsik dagoen arbel baten modukoa da. Ezagutza guztiak, a posteriori lortzen dira, hortaz.

Kantek, alde batetik, onartzen du gure ezagutza guztiek esperientzian dutela abiapuntua, eta horretan bat egiten du enpirismoarekin. Ez dago Kantentzat esperientziaren aurreko ezagutzarik. Baina, hala ere, ez du onartzen subjektu ezagutzailea tabula rasa bat denik. Bere ustez, subjektua ez da hartzaile pasiboa; bere baitan badira a priori (jaiotzatik) esperientziaren datuak antolatzen dituzten kategoriak eta esperientzia bera posible egiten duten egiturak (denbora eta espazioa).

Hortaz, Kanten ustez, egia ezagutzeko esperientzia beharrezkoa da, baina ez da esperientziara mugatzen. Izan ere, adimenean izaera unibertsala duten zenbait eduki daude, eta horiek jaiotzetikoak dira. Aldiz, enpirismoaren alde, a priorizko eduki horiek esperientzian aplikatu behar direla baieztatzen du Kantek. Horrela, filosofia kantiarrak, kritizismoaren bidez, jarrera arrazionalistaren eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du.

Ilustrazioa Kanten Arabera: Sapere Aude

Ilustrazioa, Kantentzat, gizakia bere erruzko adingabetasunetik askatzea da, hau da, beste baten gidaritzarik gabe bere adimena erabiltzeko ahalbidetasuna emango digu. Adingabetasun horren arrazoia ez da adimenik eza, baizik eta ausardia eta erabakimen falta. "Sapere aude!" ("Ausart zaitez zure adimenaz baliatzen!") da ilustrazioaren lema.

Kanten arabera, gizaki askok adingabe jarraitzen dute alferkeria eta koldarkeriarengatik, nahiz eta natura askatasunerako gai egin dien. Beste batzuen gidaritza erosoa da, haien ordez pentsatzen duten tutoreak dituztelako, besteak beste, liburuak, arima-zuzendaria, sendagileak… Adin nagusitasuna eskuratzeko urratsa neketsua eta arriskutsua dela iritzita, askok bertan behera uzten dute, eta tutoreek ere egoera hori mantentzea errazten dute.

Kanten arabera, ilustrazioa norberaren adimena modu librean eta publikoan erabiltzea da, hau da, norberak pentsatzea eta arrazoitzea, besteek agindutakoa itsu-itsuan onartu gabe. Hala ere, autoritate ezberdinek askotan askatasun hori mugatzen dute, obedientzia lehenetsiz. Kantentzat, arrazoimenaren erabilera publikoa uneoro askea izan behar du eta mugagabea, hori baita ilustrazioa sustatzeko bidea. Bestalde, erabilera pribatua mugatua izan daitekeen arren, ilustrazioari ez dio eragotziko.