Argudiaketa-akatsak eta Falaziak: Motak eta Adibideak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,85 KB
Argudiaketa-akatsak eta Falaziak
Argudiaketa batzuk zuzenak dirudite, baina okerrak izaten dira: falaziak. Nahita esaten diren falaziei sofisma esaten zaie, eta nahi gabe esaten direnei paralogismo. Bereizketa hori egitea oso zaila da; hobe da argudioetan falaziak erabili direla esatea, batzuetan falaziak izango baitira, eta beste batzuetan, argudio zuzenak.
Falaziez jabetuko bagara, arreta handiz erreparatu behar diogu elkarrizketa zer testuingurutan gertatzen ari den, batetik, eta solaskideek zer jarrera duten, bestetik; bestela, litekeena da falaziez ez ohartzea. Hona hemen falazia mota nagusiak:
Galdera konplexuak
Galdera batzuek aurresuposizioak dituzte. Adibidez, “Utzi al diozu behingoz nire lehengusua bakean?” galderak ziurtzat jotzen du “nire lehengusua gogaitzen ibili zara” egia dela. Galderari baiezko edo ezezko erantzunda ere, baieztapena onartu egingo duzu. Solaskidearentzako tranpak izaten dira sarritan, eta hala gertatzen denean, falaziak erabiltzen dira galderetan.
Ad ignorantiam argudioa
Helburua izaten da enuntziatu jakin bat faltsutzat jotzea, egiazkoa denik inork frogatu ez duelako, edo enuntziatu bat egiazkotzat jotzea, gezurrezkoa denik inork frogatu ez duelako. Adibidez:
- “Ez da frogatu P egiazkoa denik; hortaz, P gezurrezkoa da.”
- “Ez da frogatu P gezurrezkoa denik; hortaz, P egiazkoa da.”
Horrelako argudioak onargarriak dira batzuetan; beste batzuetan, aldiz, horrelako enuntziatuak argudiaketaren arauen kontrakoak izaten dira, solaskidea frogak ematera behartzen baitute. Konklusioa adieraztean “nahitaez”, “egia biribila da” eta halako terminoak erabiltzen direnean, oso litekeena da argudioa falazia izatea. Aldiz, “ziur asko”, “agian” eta horrelakoak erabiliz, argudioa ona edo akastuna izango da, baina ez falazia.
Argudio zirkularrak
Batzuetan, esanahi bereko hainbat arrazoi ematen ditugu, esandakoa defendatzeko, eta halakoei argudio zirkular deritze. Horrelako argudioak akastunak dira, ez baitute laguntzen elkarrizketaren helburua lortzen. Izan ere, argudio zirkularrek ez dute ezertxo ere frogatzen.
Ad hominem argudioa
Solaskidearen kontra jotzen dute, haren iritzia defendatzeko. Eztabaidagaia erabat alde batera utzita, solaskidea kritikatzeari ekiten zaio, haren ustezko akatsak edo haren komunitatearen gabeziak aipatuz. Horrelako argudioak falaziak izaten dira gehienetan, baina batzuk gutxi-asko ahulak izan arren, ez dira erabateko falaziak. Tu quoque (zu ere bai) motako argudiozko erasoa erabiltzean, bestearen arrazoiei kontra egiteko, guri zuzendu nahi digun arazo edo akats bera leporatzen diogu besteari. Portaera-eztabaidetan erabiltzen dira sarritan horrelako argudioak. Baina beste hainbat testuingurutan, baliabide hori ez da inolaz ere baliozkoa.