1931ko Konstituzioa: Testuingurua, Edukia eta Garrantzia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,86 KB

Sarrera eta Testuaren Ezaugarriak

Esku artean dugun testua lehen eskukoa da, eta izaera juridiko-politikoa du. Testu publikoa da, eta egileak Gorteetako alderdi ezkertiarrak izan ziren, Gorte Konstituziogilekoak. 1931ko abenduan onartu zen publikoki Espainiako Gorteetan, II. Errepublika onartu eta bederatzi hilabetera, hain zuzen.

Testua 1931ko Konstituzioaren zenbait artikuluz dago osatua:

  • 1. artikulua: Estatu errepublikar berriaren definizioa.
  • 2. eta 36. artikuluak: Hiritarren lege-berdintasunari buruzkoak.
  • 3. eta 26. artikuluak: Erlijio-auzikoak.
  • 8. eta 12. artikuluak: Estatuaren deszentralizazioari buruzkoak.

Testuinguru Historikoa eta Errepublikaren Aldarrikapena

Donostiako Ituna eta Udal Hauteskundeak

1930ean, Donostiako Ituna sinatu zuten alderdi sozialistako, errepublikanoko eta katalanistako ordezkariek. Bertan erabaki bat hartu zuten: alderdi horien artean mugimendu politiko bat sortzea monarkia suntsitzeko eta errepublika ezartzeko.

Jakako altxamendu errepublikarren porrotaren ondoren, Aznar gobernuburuak antolatutako udal hauteskundeetan, hiri nagusietan, alderdi errepublikar eta sozialistek lortu zuten garaipena.

II. Errepublikaren Jaiotza eta Konstituzioaren Onarpena

Alfontso XIII.a politikoki isolatua gelditu zen eta estatutik alde egin behar izan zuen. Horrela, II. Errepublika aldarrikatu zen, eta Niceto Alcalá Zamoraren gidaritzapean, behin-behineko gobernu bat osatu zuten Donostian bildutako alderdiek.

Gobernu berriak 1931ko hauteskundeak deitu zituen, eta bertan eskuinak ordezkari gutxi lortu zituen. Gorteetan, ezkertiarrak ziren nagusi, eta, hortaz, adostasuna azkar lortu zuten. Sei hilabetetan onartu zuten esku artean dugun 1931ko Konstituzioa.

Eztabaidak eta Erreformak Gorte Konstituziogileetan

Eliza eta Estatuaren Banaketa, eta Autonomiak

Testua Gorte Konstituziogiletan idatzi zenean, eztabaida gogorrak sortu ziren Eliza katolikoa eta estatua legearen bidez banatzeagatik eta eskualdeei autonomia izateko eskubidea emateagatik. Eskuina elizaren defendatzaile agertu zen eta autonomiak ematearen aurkakoa adierazi zuen.

Azañaren Programa Erreformista

Bitartean, Azaña gobernuko presidenteak programa erreformista sakona jarri zuen martxan, Espainiar Estatuak zituen arazoak konpontzeko helburuarekin. Gobernuak autonomia eman zion Kataluniari, eta erlijio-legedi berria zela eta, elizako goi-karguekin ika-mikatan aritu zen.

Izan ere, Elizak errepublikarren erasoak jasan zituen, Errepublika onartu eta berehala (adibidez: elizen eta komentuen erreketak).

1931ko Konstituzioaren Bereizgarriak

Espainiako Konstituzio Tradizioa

Espainiar Estatuko konstituzioen artean, gehienek unean-uneko talde garailearen ideologia politikoa islatzen dute, eta oso gutxi dira kontsentsuaren gainean erabakiak. XIX. mendeko tradizio liberalera jotzen bada, konstituzioetan liberal aurrerakoien edo atzerakoien programa politikoak islatzen ziren.

Horrela, 1845ekoa atzerakoiena zela esan dezakegu eta 1837koa aurrerakoiena.

1931ko Konstituzioaren Ezaugarri Bereziak

1931koa, ezker-errepublikarrek egindakoa izan zen, eta aurreko mendeko tradizioari jarraiki, galtzaileen eskakizunak ez ziren kontuan hartu (kasu honetan, eskuin alderdiak baztertu zituzten).

Bestalde, aipatzekoa da Espainiar Estatuaren lehen konstituzio errepublikarra izan zela; I. Errepublikan ez baitzen denborarik izan konstituzioa egiteko.

Ondorioak eta Adostasun Falta

Ondorioz, 1931ko Konstituzioak ezkerraren sostengua bakarrik izan zuenez, eskuinak ahal zuenean aurka egin zuen. Erradikalek eta CEDAk gobernua osatzean, beraien ideologiakoak ez ziren atalak indargabetu zituzten, edo, hobeto esanda, Konstituzioak esandakoa ez zuten behar bezala aplikatu.