Zirkulazio-aparatua: Funtzionamendua, Osagaiak eta Gaixotasunak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,59 KB
Zirkulazio-aparatua
Zirkulazio-aparatua bi likido zirkulatzailez (odola eta linfa), bihotzaz eta odol-basoez (arteriak, zainak eta kapilarrak) osatuta dago.
Funtzioak
- Elikagaiak garraiatzen ditu heste meharretik zeluletara.
- Arnasketa-gasak (O2, CO2) garraiatzen ditu gorputzera/gorputzetik arnas-aparatura.
- Hondakin zelularrak garraiatzen ditu iraitz-aparatura (giltzurrunak, izerdi-guruinak).
- Beroa banatzen du gorputzean zehar.
- Zelula immunologikoak (globulu zuriak) garraiatzen ditu ehun ezberdinetara organismoa babesteko.
Odola
Plasmaz (ura, gatz mineralak eta proteinak) eta odol-zelulez (globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak) osatuta dago. Bakoitzak bere funtzioa du:
- Globulu gorriek (eritrozitoak): Hemoglobina izeneko proteina dute, eta horri esker oxigenoa garraiatzen dute.
- Globulu zuriek (leukozitoak): Antigorputzak sortzen dituzte infekzioetatik babesteko.
- Plaketek: Zaurietako odolaren koagulazioan parte hartzen dute eta odol-jarioak gelditzen dituzte.
- Proteina plasmatiko batzuek odolaren koagulazioan parte hartzen dute; beste batzuek (antigorputzak) infekzioetatik babesten gaituzte.
Odol-hodiak
- Arteriak: Odola bihotzetik organo guztietara eramaten dute, eta horretarako asko adarkatzen dira. Finenak arteriolak dira. Arteriek pareta lodiak, gogorrak eta elastikoak dituzte odol-presioa jasateko.
- Zainak edo benak: Odola organoetatik bihotzera eramaten dute. Finenak benulak dira. Bihotzera hurbildu ahala, gero eta lodiagoak eratzen dira. Zainen paretak ez dira hain lodiak eta elastikoak, odol-presio gutxiago jaso behar dutelako. Haien barruan balbulak daude, odola atzera egin ez dezan.
- Kapilarrak: Arteriolak eta benulak lotzen dituzten hodiak dira kapilarrak; ugariak dira (10.000 bat milioi). Diametro mikroskopikoa dute eta zelula guztien hurbiletik pasatzen dira. Pareta oso mehea dute, eta horri esker elikagaiak, O2 eta hondakin zelularrak oso azkar igarotzen dira zeluletara/zeluletatik.
Bihotza
Kaxa torazikoan dago. Aurikulek bihotzera datorren odola jasotzen dute. Bentrikuluek odola ponpatzen dute bihotzetik gorputzera.
Bihotz-zikloa
Bihotz-taupada bat hasten denetik hurrengoa hasten den arte gertatzen da. Horretarako, bi mugimendu ematen dira bihotzean: sistolea (uzkurtzea) eta diastolea (erlaxatzea).
- Sistole aurikularra: Aurikulak uzkurtu egiten dira, eta, ondorioz, odola bentrikuluetara pasatzen da.
- Sistole bentrikularra: Odola aurikuletatik pasa ostean, balbula aurikulobentrikularrak itxi egiten dira, eta horrek taupada baten lehen hotsa sortzen du.
Gaixotasun kardiobaskularrak eta odolekoak
- Miokardio-infartua: Arteria koronario baten buxaduragatik, miokardioko zelulak oxigenorik gabe geratu eta hil egiten dira. Miokardioaren gune zabal batean gertatzen bada, bihotza gelditu eta heriotza dator.
- Anemia: Odoleko hemoglobinaren kopuru baxuak eragiten du. Ondorioz, oxigeno gutxiago garraiatzen da zeluletara, eta pertsona nekatuta sentitzen da. Sarritan, burdinaren gutxiegitasunak eragiten du. Dieta desegokia, odol-jarioak eta hileroko ugariak dira eragile batzuk.
- Hemofilia: Gaixotasun hereditarioa da. Odoleko proteina batzuk falta direla eta, odola ez da koagulatzen, eta gaixoak odol asko galdu dezake odol-jario normal batean.