Zelula: Bizi Unitatea, Egitura eta Funtzioak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,83 KB
Zelula: Bizi Unitate Oinarrizkoena
Bizi unitate oinarrizkoena zelula da. Izaki biziduna da, eta osagai hauek ditu:
Zelularen Osagai Nagusiak
- Mintz zelularra: Zelula inguratzen duen egitura oso aktiboa da. Zelularen osagaiak sistematik irtetea eta galtzea eragozten du, hau da, zelulak zelula izateari uztea. Horrez gainera, zelularen barnealdearen eta kanpoaldearen arteko substantzia mugimendua erregulatzen du.
-
Zitoplasma: Barneko ingurune jariakorra da, kimikoki aktiboa. Entzimek katalizatutako erreakzio metabolikoen bidez, energia handiko elikagaiak erabiltzen ditu, funtzio hauek betetzeko:
- Zelularen osagaiak sortzea eta berritzea.
- Kanpoko zein barneko aldaketei erantzutea.
- Materia genetikoa (Azido Nukleikoak): Bikoizteko eta zelularen hazkuntza kontrolatzeko ahalmena duen polimero baten molekula batek edo batzuek osatzen dute, eta zelula haztea eta ugaltzea ahalbidetzen du.
Hortaz, zelula makromolekula eta organulu zelularren multzo erabat antolatua da, eta makromolekula zein organulu horiek biziari lotutako funtzio guztiak betetzen dituzte:
Zelularen Bizi Funtzioak
- Nutrizio funtzioa: Barne hartzen ditu zelulari ingurunearekin materia eta energia trukatzea ahalbidetzen dioten prozesuak. Truke hori erreakzio kimikoen bidez (metabolismoa) gauzatzen da eta bizia bermatzen du.
- Erlazio funtzioa: Zelularen barneko zein kanpoko ingurunean gertatzen diren aldaketak antzemateaz arduratzen da, eta aldaketa horiei erantzun egokia ematen die, baldintza zelularrak egokiak eta orekatuak izan daitezen ingurunearekin (homeostasia).
- Ugalketa funtzioa: Zelulen kopiak sortzea ahalbidetzen du. Prozesu hori ezinbestekoa da Lurrean bizitza hedatzeko.
Teoria Zelularra
XIX. mendearen erdialdean, alemaniar botanikari batek eta bi alemaniar medikuk Teoria Zelularra adierazi zuten. Teoria horren arabera, zelula izaki bizidunen unitate egiturazkoa, funtzionala, ugalketakoa eta genetikoa da.
Teoria Zelularraren Oinarriak
- Egiturazko unitatea
- Zelula izaki bizidun ororen oinarrizko unitatea da.
- Unitate funtzionala
- Zelula oro sistema ireki bat da. Sistema horrek materia eta energia truka ditzake ingurunearekin eta bizirik iraun dezake, bizi funtzioak betez.
- Ugaltze unitatea
- Zelula oro aurretiko beste zelula bat zatitzean sortzen da.
- Unitate genetikoa
- Zelula bakoitzak bere baitan darama bere ziklo zelularra, bere garapena eta bere funtzionamendua erregulatzeko behar duen informazio hereditario guztia, baita informazio hori zelula-kumeei transmititzeko behar duena ere.
Metabolismoa: Katabolismoa eta Anabolismoa
Katabolismoa
Metabolismoaren fase honek bere baitan hartzen ditu degradazio bideak. Bide horietan, molekula organikoak oxidatu egiten dira, energia (ATP) lortzeko, ezinbestekoa baita bizi-jarduerak gauzatzeko.
Anabolismoa
Anabolismoa bi motatan banatzen da:
- Anabolismo autotrofoa: Materia organiko sinplea sintetizatzen da, konposatu inorganikoetatik eta kanpoko energia iturri batetik abiatuta. Energia iturri hori eguzki-argia baldin bada, anabolismo autotrofoaren prozesuari fotosintesi esaten zaio. Landare-zelulek eta bakterio fotosintetikoek egiten dute.
- Anabolismo heterotrofoa: Materia organiko konplexua sortzen da, molekula organiko sinpleetatik eta erreakzio katabolikoen bidez lortutako ATP energiatik abiatuta. Organismo heterotrofoen (protozooak, animaliak, onddoak eta bakterio ugari) zeluletan gertatzen da. Molekula organiko sinple horiek ingurunetik hartutako konposatu organiko konplexuen digestioa eta xurgapena dute jatorri.