XVIII. Mendea: Hegoaldeko Idazleak eta Manuel Larramendi

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,04 KB

Sarrera

Euskal liburugintzari dagokionean, aurreko bi mendeetan izugarrizko aldea hartu zion Iparraldeak Hegoaldeari. XVIII. mendean alde hori txikitzen hasi zen.

Edonola ere, XVIII. mendeko lehen hamarkadetan geldo samar aritu zen Hegoaldeko euskarazko literatura.

Manuel Larramendi jesuitak suspertu zuen apur bat egoera hau. Era askotako lanen bidez euskararekiko jarrera aldarazi zien bere garaikideei. Egia esan, bere konpainiakideen artean eduki zuen arrakastarik handiena; A. Kardaberaz eta S. Mendiburu jesuitak izan baitziren mendearen erdialdean idazlerik oparoenak eta liburu gehien argitaratzea lortu zutenak.

Alabaina, 1766an Larramendi hil egin zen, eta hurrengo urtean jesuitak atzerriratu egin zituzten. Mendearen bukaerara arte oso liburu gutxi argitaratu zen euskaraz.

Manuel Larramendi (1690-1766)

Arrazoi askorengatik bere mendeko gizonik ospetsuenetakoa izan zen Aita Manuel Larramendi andoaindarra. Jaioterrian, Hernanin eta Bilbon bizi ondoren, Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak; Valentzian, Salamancan eta Valladoliden goi mailako hizlari eta irakaslea izan zen (1720-1730); Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle izan zen Baionan hiru urtez (1730-1733); eta harrezkero, heriotzara arte, Loiolan kokatu zen, baina ez komentuan sartuta egoteko, baizik eta makina bat ibilaldi egin zuen Gipuzkoan zehar sermoigintzan, aholkulari bezala, edo arazoak eta auziak konpondu nahian.

Hizlari iaio eta zorrotza baldin bazen, idazten ere ez zen kamutsa. Euskal Herria eta Gipuzkoa dira bere arlorik jorratuenetakoak; baina, beste ororen gainetik, euskaldunen hizkuntza du idazgairik kutunena: euskararen azterketa eta defentsan egin zituen bere ahaleginik handienak. Bi modutara lortzen du Larramendik euskararen alde lan egitea:

  1. Euskara gutxiesten dutenak lotsagarri jarri eta euskaldunak beren hizkuntzaz harro egotera animatuz; eta
  2. Euskara erabili eta lantzeko ardura dutenak lan egitera bultzatuz.

Lan historiko, politiko eta autobiografikoak alde batera utzita, hizkuntzari dagozkionak bakarrik gogoratuko ditugu hemen:

  • De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España (1728). Euskararen apologia sutsua dugu. Ordurako, han-hemenka, gure hizkuntzaren aurka kanporatzen ari ziren iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua. Egilearen oinarri filologiko eta historikoa klasiko samarra da: tubalismoan sinesten du, euskara Babeleko hizkuntzen nahasmenduan sortutako mintzairetako bat baita, eta, orain Euskal Herriko mugetan mugatu arren, garai batean penintsula iberiar osoan zehar hedatzen baitzen.
  • El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (1729). Hizkuntzaren Artea sasoi hartan Gramatika izaten zen. Beraz, euskararen lehen gramatika dugu obra hau; lehenengo inprimatu zena, behintzat. Izenburu arranditsu horrek erronka bati erantzuten dio: garai hartako jakintsurik gehienen ustez, euskara ezin zen egokitu gramatika baten arau eta legeetara. Larramendik euren ustea ustela dela erakutsi nahi die, hau da, ezina ekinez garaitzen dela.