XIX. mendeko gizarte klaseak, langile mugimendua eta euskal nazionalismoaren sorrera

HistoriaActualizado el 14,75 KB

Resumen

Testuak XIX. mendeko klase-gizartearen sorrera azaltzen du, eta gizarte talde berriak deskribatzen ditu. Gainera, langile mugimenduaren hastapenak, anarkismoaren (CNT) eta sozialismoaren (PSOE eta UGT) garapena eta Bizkaiko langileen bizi baldintza latzak aztertzen ditu. Azkenik, euskal nazionalismoaren sorrera, Sabino Aranaren ideologia eta EAJren bilakaera laburtzen ditu.

Puntos clave

  • XIX. mendean estamentuen gizartea klaseen gizarteak ordezkatu zuen, askatasunaren, jabetza eskubidearen eta legearen aurreko berdintasunaren oinarrian.
  • Anarkismoa CNT sindikatuan antolatu zen (1911), eta sozialismoa PSOEn (1879) eta UGTn (1888/1881 legearen ondoren) oinarritu zen.
  • Bizkaiko langileek 12-16 orduko lan jardunaldiak, barrakoi kaskarrak eta kantina bonuen zorra jasan zituzten.
  • 1890eko grebaren ondoren Bizkaiko langileek 10 orduko laneguna lortu zuten.
  • Sabino Aranak euskal nazionalismoaren oinarriak ezarri zituen, arraza, foruak eta erlijioan oinarrituta, eta 1895ean EAJ sortu zen.
  • 1876ko uztailaren 21eko legeak foru historikoak indargabetu zituen, eta horrek euskal abertzaletasunaren sorreran eragin handia izan zuen.

Ponte a prueba

XIX. Mendeko Gizarte Klaseak eta Langile Mugimenduaren Hastapenak

Gizarte Klaseen Sorrera

XIX. mendean, klaseetako gizartea sortu zen, estamentuetan bereiztutako gizartea ordezkatu zuena. Honen oinarria gizaki guztien askatasuna, jabetza eskubidea eta legearen aurreko berdintasuna ziren. Gizarte ireki eta dinamikoa zen, eta denentzako aukera berriak zeuden. Horrekin batera, gizarte talde berriak sortu ziren:

Goi Mailako Taldea

  • Goi burgesia: Finantza gizonak, enpresariak, bankariak, negozio gizonak eta esportatzaileak.
  • Lurjabe handiak: Antzinako nobleziakoak, pribilegioak galdu arren lur jabetzak mantentzen zituztenak.
  • Estatu eta ejerzitoko goi-karguak.

Erdi Mailako Klasea

Hirietako klase erdiak osatzen zuen (ejerzitoko ofizialak, sendagileak, irakasleak, etab.).

Behe Mailako Klasea

Nekazariek (Espainiako gehiengoa) eta fabriketako langileek osatzen zuten. Nekazari batzuk lurjabeak ziren, baina beste batzuk maizterrak, jornalariak eta lurrik gabeko langileak.

Langile Mugimenduaren Hastapenak

XIX. mendean zehar, lan istiluak areagotu egin ziren, eta lehenengo langileen elkarteak sortzen hasi ziren. Nahiz eta hauek gaizki antolatuak izan, makinen aurkako lehen erasoak egin zituzten, eraso luditak izenez ezagunak (adibidez, Bartzelonako “El Vapor” lantegia erretzea). Hala ere, gobernuak langileen elkarteak eta ekintzak zapaldu zituen.

1839an, gobernuak langileen “laguntzarako elkarteak” onartu zituen. Hauek laguntza eskaintzen zieten langileei gaixotasun, istripu edo langabezia jasanez gero. Geroxeago, soldata hobea eta biltzeko eskubidea lortzeko errebindikazioak egiten hasi ziren; baina gobernuak ez zituen halako eskaerak onartu.

Langile Mugimenduaren Hedapena eta Joerak

Seiurteko Demokratikoaren askatasun giroan langileen mugimendua hedatu zen. Giuseppe Fanelli anarkista Espainiara etorri zen Espainiako Nazioarteko Langileen Elkartea antolatzeko. Anarkista eta marxisten arteko apurketa gertatu zenean, Espainiako langile gehienek anarkismoaren alde jo zuten.

Pavia jeneralaren estatu-kolpearen ondoren, Nazioarteko Langileen Elkartearekin harremana zuten Espainiako taldeak legez kanpo utzi zituzten.

Errestaurazio Garaiko Alderdiak

Errestaurazio garaian, 1876ko konstituzioa aldarrikatu ondoren, txandaketa politikoaren sistemaren barruan eta kanpoan zeuden alderdi politikoen arteko bereizketa egin zen. Hainbat alderdi sistematik kanpo utzi zituzten:

  • Karlistak
  • Nazionalistak
  • Errepublikazaleak
  • Langile mugimendua (anarkistak eta sozialistak)

Anarkismoa: CNT

Anarkisten artean, bi joera kontrajarri zeuden:

  1. Ezkutuan itxarotea proposatzen zutenak, bide politikoa jarraitzeko.
  2. “Ekintzen politika” aldezten zutenak, terrorismoaren bitartez estatua lehenbailehen suntsitzeko (Andaluzian, esaterako, “Esku Beltza” taldea).

1881ean, Sagastaren gobernuak elkarteak legeztatzeko legea eman zuen, sindikatuak onartuz. 1911n CNT sindikatua sortu zuten. Momentuko Espainiako anarkosindikalismoaren bultzatzailea Anselmo Lorenzo izan zen. Ideologiaren ezaugarri nagusiak hauek ziren:

  • Estatuko erakunde guztien ezabapena eskatzen zuten.
  • Jabetza pribatua ezabatu nahi zuten, produkzio tresna guztiak herriarenak bihurtuz.
  • Iraultza bortitza aldezten zuten (greba orokorrak, altxamenduak eta ekintza terroristak eginez).
  • Politikan parte hartzea ukatzen zuten.
  • Antiklerikalak ziren, eliza eta erlijioa ukatzen zituzten.

Anarkismoak Andaluzian eta Katalunian izan zituen jarraitzaile gehien.

Sozialismoa: PSOE eta UGT

1879an Espainiako Alderdi Sozialista sortu zen (PSOE), Pablo Iglesias alderdiaren buru izendatuz. 1881eko Elkarteen Legea baliatuz, UGT (sozialisten sindikatua) sortu zuten. Hauek ziren sozialisten ideia nagusiak:

  • Langileen askatasun osoa eskatzen zuten.
  • Jabetza pribatua ezabatu nahi zuten, herriarena bihurtzeko.
  • Helburua gizarte-klase guztiak ezabatzea zen.
  • Langileek agintea eskuratu behar zuten.
  • Gerra kolonialen aurka zeuden.
  • Hauteskundeetan parte hartzearen alde zeuden.

PSOE hauteskundeetako politikari ekin zion, nahiz eta emaitza eskasak lortu. 1910etik aurrera, errepublikanoekin elkarlanean hasi ziren, Batasun Errepublikano-Sozialista eratuz. Horrela, lehenengo diputatu sozialista lortu zuten: Pablo Iglesias. Borroka politikoaren bitartez, besteak beste, honako hauek lortu nahi zituzten: elkartzeko eskubidea, adierazpen eta prentsa-askatasuna, gizonezko sufragio unibertsala, zortzi orduko laneguna, soldata berdina sexu bateko eta besteko langileentzat, eta langileen esklabutza ezabatzeko erabaki guztiak.

Sozialismoak Extremaduran, Madrilen, Asturiasen, Valentzian eta Bizkaiko meatze eta industria-guneetan izan zuen eragina.

Euskal Herriko Langile Mugimendua

Langileen Bizi Baldintzak Bizkaian

Industrializazioak eta immigrante ugarien etorrerak Langile Mugimendua eta Euskal Nazionalismoa sortzea eragin zuten. Industrializazio prozesuaren eraginez, inmigrante asko etorri ziren eta langileen bizitza oso gogorra eta astuna zen:

  • Kontzentrazio demografikoa eman zen (heriotza tasa altua eta bizi itxaropena murriztu).
  • Meategi eta lantegi inguruetan jabeen barrakoi zikinetan pilaturik bizi ziren, alokairu garestiak ordainduz eta bertan bizitzera derrigortuta. Barrakoiak instalazio ahulak ziren, gela bakar batekoak, ehun ohe baino gehiagorekin, eta ohe bakoitza bi edo hiru langilerentzat.
  • Nagusien kantinetan erosketak egitera behartuta zeuden (soldata bertan gastatzeko bonotan), baina bertako janariak txarrak eta garestiak ziren.
  • Elikadura urria, kalitatez txarra eta kantitatez nahikoa ez zena zuten (ogia zen dietaren oinarria, urdaia, zezina, babarrunak, garbantzuak, patatak eta ardoa osatzeko; fruta, barazkiak eta esnea ez), eta nutrizio-hutsuneen ondorioz gaixotasunak eta errakitismoa pairatzen zituzten.
  • Lana oso nekeza zen, 12 edo 16 orduz lan egiten zuten, igandeetan ere (sarritan destajuan).
  • Emakume eta ume txikiek gizonen lan berdina egin arren, soldata askoz txikiagoa jasotzen zuten.
  • Soldata oso txikiak (dirutan edo bonotan) jasotzen zituzten, eta espezializaziorik gabeko langileak erraz ordezkatu zitezkeen protestan hasiz gero edo gaixotuz gero.

Sozialismoaren Garapena Euskal Herrian

XIX. mendearen azken aldera, Facundo Perezagua Bizkaira iritsi zen eta Bilboko lehen Elkarte Sozialista sortu zuen. Propaganda lan handiari esker, gune sozialistak sortu zituzten. 1890eko greban, langileek 10 orduko laneguna lortu zuten, eta kantinetan erosteko eta barrakoietan bizitzeko obligazioari amaiera eman zitzaion. Hala ere, patronalak ez zituen akordioak bete, eta ondorioz lau greba orokor egon ziren Bizkaian (oso gogorrak eta erradikalak). Bizkaitar sozialismoa estatu osoko indartsuena izatera iritsi zen.

Hurrengo hauteskundeetan, PSOEk lau zinegotzi lortu zituen Bilbon, hauen artean Perezagua (estatuko lehenengo zinegotzi sozialista).

Gipuzkoan, sozialismoaren zabalkuntza Bizkaian baino motelagoa izan zen, enpresak txikiagoak zirelako, immigrazioa eskasagoa zelako eta lan baldintzak Bizkaikoak baino hobeagoak zirelako. Mende amaieran sindikalismo sozialistak indarra hartu zuen Donostian eta Eibarren. Azken honetan, Gipuzkoako gune sozialista garrantzitsuena zegoen, arma industria zela eta izaera euskalduna eta negoziatzailea izan zuen sozialismoa garatu baitzen (Toribio Etxeberria).

Sozialista gehienak kanpotik etorriak ziren arren, baziren Euskal Herrian jaiotakoak, adibidez, Tomas Meabe. Lehen urteetan, erradikalismoa eta antinazionalismoa izan ziren Euskal Herriko sozialismoaren ezaugarri nagusiak.

1914an aldaketak eman ziren euskal sozialismoan. Indalecio Prietok Perezagua ordezkatu zuen, eta prietismoaren ezaugarri nagusia moderazioa izan zen. Bizkaian sozialistek eta errepublikazaleek hauteskundeetan elkarrekin parte hartu zuten eta bide politikoa, hauteskundeak, erabili zituzten.

1918-1920 urteetan, inflazioak (prezioen igoera), boltxebikeen garaipenak eta Europako giro iraultzaileak langile sindikatuen garapena ekarri zuen (sozialista, anarkista, katolikoa eta abertzalea ere). Hala ere, anarkismoak oso eragin txikia izan zuen Euskal Herrian: Gipuzkoan, Errenteria, Donostia eta Beasain izan ziren anarkisten guneak.

1921ean sortu zen Alderdi Komunista (PCE), Perezaguak zuzenduta, Dolores Ibarrurirekin batera.

Sindikalismo Berriak

Langile mugimenduaren garapenak burgesiaren ezinegona areagotu zuen eta sindikalismo berri bat bultzatu zen:

  • Sindikatu katolikoak edo “sindikatu horiak”: Leon XIII.a Aita Santuaren “Rerum Novarum” entziklikan oinarrituak, askotan patronalak kontrolatutakoak.
  • ELA/STV: Buruzagi nazionalistek sortu zuten langile euskaldunak bereganatzeko.

Euskal Nazionalismoaren Sorrera eta Bilakaera

Nazionalismoaren Oinarriak

Ideologia nazionalista hizkuntza, kultura, historia eta lege bereziak dituzten eremu geografiko zehatz bateko biztanleak elkartzen dituen sentimenduan oinarritu zen. Nazionalistentzat, ezaugarri horiek zituen herriak nazio bat osatzen zuen.

Euskal abertzaletasunaren sorreran eragin handia izan zuten faktore hauek:

  • Gerra karlistak galtzeak.
  • Foru historikoak indargabetzeko 1876ko uztailaren 21eko legeak.
  • Industria Iraultzak.

1876ko legearen ondorioz bi joera desberdindu ziren: batzuek amore eman eta kontzertu ekonomikoa onartu nahi zuten; eta besteek foruak oso-osorik berreskuratzearen alde egin zuten. Industrializazioaren eraginez, langile eskaera beste eskualdetatik etorritako langileekin ase behar zen. Kanpotarren etorrerak ohiko euskal gizartean eta haren erlijio sentipenetan haustura eragin zuen.

Sabino Aranak ohiko euskal nekazari gizartea idealizatu eta emigrazioaren, kapitalismoaren eta Espainiako gobernu liberalen aurka egin zuen. Proiektu nazionalista behe eta erdi-mailako burgesiak zuzendu zuen eta nekazariak ere erakarri zituen. Hasieran, Bizkaira mugatu zen eta 1920. urtetik aurrera gainerako probintzietara hedatu zen.

Sabino Aranaren Ideologia eta EAJ

Sabino Arana Goiri izan zen euskal abertzaletasunaren bultzatzaile nagusia. 90eko hamarkadan, katolizismoan eta karlismoan oinarrituta, bere ideologia aurkeztu zuen, “Bizcaya por su independencia” lanean eta “Bizkaitarra” egunkarian. Euskal teoria nazionalista hiru zutaberen gainean eratu zen: arraza, foruak eta erlijioa.

Ideologiaren Ezaugarri Nagusiak

  • Nazioa: Euzkadi nazio bat da, beharrezko elementuak baititu.
  • Independentzia: Foruak eta Euskalerriko independentzia berreskuratu nahi zituen, Euskal Herriko eskualdeek osatutako Euskal Estatua sortuz.
  • Arraza: Euskal arrazaren garrantzia azpimarratzen zuen. Arrazaren garbitasuna gordetzearren, euskaldunen eta atzerritarren arteko ezkontzen aurka zegoen eta kanpoko probintzietatik etorritako industriako langileak baztertzea proposatu zuen.
  • Erlijioa: Sabino Aranak erlijio katolikoa besterik ez zuen onartzen (Integrismo katolikoa).
  • Kultura: Hizkuntza eta euskal ohiturak berreskuratu nahi zituen, euskararen egoera tamalgarria azpimarratuz, etorkinen eta hiritartzearen erruz gero eta gutxiago erabiltzen zela salatuz.
  • Ekonomia: Kapitalismoaren eta sozialismoaren kondena egiten zuen, nekazal-mundua idealizatuz.
  • Leloa: Bere proiektu politikoa laburtzeko lelo bat proposatu zuen: Jaungoikoa eta Lege Zaharra (foruak).

Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) Bilakaera

Hasieran, nazionalismoa Bizkaira mugatu zen; eta 1918tik aurrera, Gipuzkoara eta Arabara zabaldu zen. 1890ean Sabin Aranak, “Bizcaya por su independendia” artikuluan Bizkaiarentzako independentzia eskatu zuen. Gero, Larrazabaleko diskurtsoan, euskal alderdia sortzeko beharra azaldu zen; eta 1895ean, Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zen Espainiaren kontrako adierazpena eginez.

Ondorioz, goi-burgesia nazionalismotik urrundu zen, euren ekintza eta jarduera ekonomikoek Espainiako eremuarekin lotura estuak zituztelako. Beranduago, EAJk ez zituen lortu espero zituzten emaitzak eta moderatuz joan zen. Ramon de la Sota, Bilboko goi-burgesiaren parte zena, sartu zen alderdian eta liberalismoaren eta “maketoen” aurkako erasoak baztertu zituzten.

1903an Sabin Arana hil zen eta 1904an, Eusko Gaztedi sortu zen eta herri askotan batzoki asko zabaldu zituzten. Beranduago, SOV izeneko sindikatu bat sortu zuten (geroko Eusko Langileen Elkartea, ELA), Euzkadi egunkaria argitaratu zen eta sinbologia nazionalista hedatu zen, ikurrina (hasieran EAJren bandera, geroago nazio euskaldun osoa ordezkatu zuena).

EAJren Barne Joerak

Abertzaleen artean joera desberdinak zeuden:

  • Foruzaleak edo Euskalerria taldekoak: Ramon de la Sota enpresariak zuzentzen zuen talde autonomistaren aldekoa.
  • Sabindarrak edo Aberritarrak: Luis Aranak (Sabinen anaia) zuzendutako baserri-giroko abertzaletasun independentistaren aldekoak.
  • Talde errepublikar nazionalista laikoak: Adibidez, Askatasuna taldea (gutxi iraun zuena) edo Bigarren Errepublikan sortu zen pentsaera berdineko Eusko Abertzale Ekintza taldea.

Azkenean, Sotaren aldeko joera nagusitu zen, dirua alderdiarentzat beharrezkoa zelako, eta katalanen bide autonomista bera hartu zuten. Espainiako agintariek begi onez ikusi zuten alderdian emandako aldaketa, sozialismoaren aurkako azken hesia izan zitekeelako.

Lehen Mundu Gerran egindako negozio onei esker, euskal burgesia (Ramon de la Sota bereziki) asko aberastu zen eta Sota Euskal Herriko enpresarien buruzagi bilakatu zen. Euskal abertzaletasuna nazionalismo burgesa bilakatu zen eta autonomia errebindikatzen zuten. Bide moderatu horren aurrean, beste batzuek Sabino Aranaren ideia etnizistak eta independentzia defendatu zituzten eta EAJ berria sortu zuten.

Hauek erresistentzia gogorra egin zieten Primo de Riveraren diktadurari; eta diktadura ezartzean, nazionalismoaren bi joerak elkartu ziren, EAJ berritua eta bakarra sortuz. Honako hau Jose Antonio Agirreren gidaritzapean egon zen eta Euskal Estatutua prestatzea erabaki zuten. Bigarren Errepublikan, EAJk protagonismo handia izan zuen, Autonomia Estatutua lortzeko saiakerarekin, Gerra Zibilean onartua izan zena.

Descargar

PDF Word HTML

Preguntas frecuentes

Zer izan zen Sabino Aranaren ideologiaren oinarria?

Sabino Aranaren ideologia arraza, foruak eta erlijioan (katolizismoan) oinarritu zen. Euskal Herria nazio bat zela eta independentzia berreskuratu behar zela defendatu zuen.

Noiz sortu zen Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ)?

Eusko Alderdi Jeltzalea 1895ean sortu zen, Sabino Aranaren eskutik. Testuaren arabera, Espainiaren kontrako adierazpen baten bidez sortu zen.

Ponte a prueba

Tarjetas de repaso

Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.

Test

1. Zein sindikatu sortu zen 1911n Espainian anarkismoaren ondorioz?
2. Zein urtetan sortu zen Espainiako Alderdi Sozialista (PSOE)?
3. Zein izan zen Bizkaiko langileek 1890eko grebaren ondoren lortu zutena?
4. Zein hiru zutabetan oinarritu zen Sabino Aranaren teoria nazionalista?
5. Zein legek foru historikoak indargabetu zituen?
6. Zein izan zen Bizkaiko langileen lan baldintzetako bat?

Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.