Tomas Akinokoaren Filosofia: Tomismoaren Oinarriak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,94 KB
Tomismoaren sintesia
Tomas Akinokoaren filosofia sintesi bat da, Aristotelesen ideiak eta kristau fedearen sinesmenak bat egiten dituelako. Platonen idealismoa baztertu zuen, "mundu sentigarriko banakako izakiak benetan existitzen diren bakarrak" direla esanez.
Aristotelesen kontzeptuak erabili zituen:
- Metafisika: potentzia/egintza bereiztea.
- Hilemorfismoa.
- Lau kausen teoria.
- Ikuspegi teleologikoa.
Kristaua zen heinean, Jainkoa ahalguztiduna, orojakilea eta gauza guztiak ezerezetik sortu dituenarengan sinesten zuen. Aristoteles eta kristau fedea uztartzeko, esentzia eta existentziaren arteko bereizketa egin zuen.
Esentzia eta existentzia
Gure inguruko izaki guztietan esentzia eta existentzia bereizten dira:
- Esentzia: Gauza bakoitza definitzen duena. Potentziarekin lotuta dago. Esentzia duen guztia ez dago benetan munduan (forma materiala).
- Existentzia: Zerbaitek benetako izatea edukitzea. Egintzarekin lotuta dago, benetako errealitatean dagoen gauza baten esentzia gorpuzteko modua da.
Esentzia guztiak Jainkoaren adimenean daude. Hark esentzia horietako batzuei existentzia ematea erabaki zuen, errealitatea sortu zuenean. Horrela, gauza guztiak esentziaz eta existentziaz konposatu zituen.
Jainkoa ez da izaki konposatua, bere esentzia existentzia baita. Jainkoaren esentzia = existentzia. Jainkoa izaki sinplea da, nahitaez eta ezinbestez existitu behar duen bakarra. Jainkoa izaki beharrezkoa da; gainerakoak (Jainkoak sortutakoak) kontingenteak dira.
Izakien arteko hierarkia
Jainkoaren eta gainerako izakien arteko bereizketari esker, Tomas Akinokoak izaki guztien arteko aldeak azaldu ditzake. Izaki guztiak ez dira berdinak:
- Izaki batzuen esentzia materiaz eta formaz osatuta dago.
- Beste batzuen esentziak, berriz, forma besterik ez du, materiarik ez (aingeruak).
Izakien hierarkian, gizakiak baino beherago animaliak, landareak eta gauza bizigabeak daude.
Fedea eta arrazoimena: bi modu osagarri
Filosofo eskolastikoek jorratu zuten gai garrantzitsuenetako bat arrazoimenaren eta fedearen arteko harreman konplexua izan zen:
- Agustin: Arrazoimena eta fedea elkartuta daude, biek egia bakarra dutelako jomugan.
- Tertuliano: Fedeak beti arrazoimenaren gainetik egon behar duela.
- Tomas Akinokoa: Arrazoimena eta fedea jakinduria-iturri desberdinak dira, baina biak dira baliotsuak.
Zenbait egia fedearen bidez baino ezin dira ezagutu (adibidez, Jesusen bizitza eta mirariak deskribatzen dituzten gertakariak).
Teologia naturala
Arrazoimenaren bidez ezagutu daitezkeen erlijio-egien esparrua da. Oinarrizko egia hauei Tomasek fedearen atariko esaten die:
- Jainkoaren existentzia.
- Giza arimaren hilezkortasuna.
- Mundua Jainkoaren esku-hartze batek sortutako zerbait izatea.
Jainkoaren existentziaren frogak
Jainkoaren existentzia teologia naturaleko egia garrantzitsuenetakoa da. Eskriturek Jainkoa badela esaten dute, baina gure arrazoimena erabiliz ere hel gaitezke hori ezagutzera. Akinokoaren ustez, garrantzitsua da argudio arrazionalak lantzea Jainkoaren existentzia frogatzeko.
Bi motatako argudioak
- A priorizko argudioak: Ez dute zerikusirik esperientziarekin, eta Jainkoaren definiziotik abiatzen dira.
- A posteriorizko argudioak: Esperientzia hartzen dute oinarritzat, eta, ondorioz, zentzumenak erabiliz gure inguruan ikus dezakegun horretatik abiatzen dira.
Gizakiok Jainkoaren esentzia zuzenean ezagutuko bagenu, konturatuko ginateke Jainkoak nahitaez existitu behar duela, Jainkoaren esentzia existitzean datzalako (horrelako esentzia duen izaki bakarra da).
Jainkoagana hurbildu nahi badugu, analogiaz ezagutzen saiatzea beste biderik ez dugu, benetako esperientziaz ezagutzen ditugun beste izaki batzuk eta Jainkoa alderatuz.
Gorputza eta arima gizakian
Filosofia tomistan, gizakiek oso leku berezia dute izakien hierarkian. Gainerako izaki material guztiak bezala, gizakiak esentziaz eta existentziaz daude osatuak, bai eta materiaz eta formaz ere.
Aristotelesi jarraituz, Tomasek dio pertsona bakoitza substantzia bakarra dela, baina pertsonengan gorputza eta arima bereiz daitezkeela:
- Gorputza: Gizakiengan materiak gauzatzeko duen modua da.
- Arima: Gizakiak izaki bizidun eta pentsatzaile egiten ditu.
Arima ez da mugimenduaren, biziaren eta adimenaren printzipio soila, Akinokoaren iritziz. Arimak alderdi espirituala ere badu, eta horrek esan nahi du ez dela heriotzarekin desagertzen. Tomasen ustez, giza arima substantzia hilezkorra da, Jainkoak sortu duena eta heriotzaren ondoren betiereko salbamena lortu nahi duena.
Ezagutza eta abstrakzio prozesua
Ezagutza lortzeko, abstrakzio prozesu bat beharrezkoa da. Prozesua zentzumenekin hasten da, haiei esker hautematen baitugu errealitatea:
- Zentzumenak: Errealitatea hautematen dute.
- Irudimena: Hautemandako banakoen irudiak sortzen ditu buruan.
- Memoria: Irudi horiek gorde eta gogora ekartzen ditu.
- Adimena: Antzeko banakoen irudiak alderatzen ditu, eta elementu akzidentalak kentzen ditu.
Tomas Akinokoak adimen jasailea eta adimen egilea bereizten ditu:
- Adimen jasailea: Potentzian dago.
- Adimen egilea: Banako irudietan guztietan dagoen alderdi unibertsala ateratzeko zeregina eta ardura du.
Adimenaren ardura da banako desberdinek duten esentzia bera ateratzea. Horrela, izaki horietan guztietan dagoen forma ezagutu ahal izango da. Esentzia horri Erdi Aroko filosofoek unibertsal esaten zioten.