San Tomas Akinokoa: Jainkoaren Izaera eta Lege Naturala
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
con un tamaño de 2,21 KB
Jainkoaren izaera eta ezagutza
Zentzumenen bidez ezin da Jainkoaz ezer jaso. Gure ideiak gauzen esperientziaz eginak dira, eta gure hizkuntza esperientziaren ekintzak adierazteko egina da. Nola ezagutu esperientziaren gainetik dagoen Jainkoaren zerizana? Geure ideiak eta esperientzia nola erabili behar ditugu Jainkoaz hitz egiteko? Tomasek honako bideak proposatzen ditu erantzuteko:
Jainkoa ezagutzeko hiru bideak
- Ezezko bidea: Alde batetik, Jainkoaren izaerari —lehen kausa eta beharrezko izateari— ez dagozkion materiazko izakien artean ikusten ditugun tasun guztiak uka diezazkiokegu. Jainkoari tasun horiek ukatzeak ez du esan nahi berari zerbait onik ukatzen diogunik, Jainkoa tasun horien gainetik dagoela aitortzen dugula baizik. Adibidez, Jainkoa ez da materiazkoa, edota ez da hilkorra.
- Baiezko bidea: Izadian ikusten ditugun alderdi onak egotziko dizkiogu Jainkoaren izaerari. Honela lortuko duguna ezagutza inperfektua da. Zergatik? Izadiko errealitatetik abiatuz baigoaz Jainkoaren ezagutzara; izadian guk, berez, izadia besterik ezagutzen ez dugulako, ez Jainkoaren izaerarik. Ezagutza analogiaz egiten dugu, konparazioz.
- Eminentziaren bidea: Izakien gauza positiboak maila gorenean suposatzen zaizkio Jainkoari, baina horren esanahia guztiz menderatu gabe.
Etika eta politika: lege naturala
Jainkoaren legea unibertsala da eta mundua ordenatzen du. Gizakia askea denez, aukera du lege horren aurka egiteko. Arima salbatzeko, legea jarraitu behar da. Gizakiaren helburua zoriontasuna da. Zoriontasun hau Jainkoaren ezagutzarekin emango da, eta horretarako salbazioa beharrezkoa da.
Jainkoak lege naturala utzi digu bere pausoak bideratzeko. Naturan, gizakiak aurkitu dezake nola jokatu behar duen (bizirautea, ugaltzea eta familia izatea). Familia izatea ondo dago, naturako izakiak ugaltzen direlako. Gizakia, askea denez, sindieresiaren bitartez borondatea hezi dezake, lege naturala betetzea ohitura bilakatu arte. Gizakiek egiten dituzten legeek ezin dute naturaren kontra joan, gizakiari bere helburua lortzea galaraziko baitiote.