Platonen Filosofia: Kontzeptu Nagusiak eta Iruzkinak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 7,58 KB

Platonen Hiztegi Filosofikoa

  • Egia: Erreala den edozer da. Platonek, ordea, beste esanahi bat ematen dio. Nous-a erabiliz, ideia guztiak ulertuko ditugu, Episteme deritzon ezagutza lortuz. Ideia guztiak ezagutzean, “egia” deitutako ezagutza gorena lortuko dugu. Ondorioztatzen den arazoa da jende guztiak ez duela ideiak ezagutzeko trebetasuna; beraz, egia lortzea ez da lan erraza.
  • Izatea: Den guztia definitzeko termino orokorra da. Platonek izateari buruz zeukan pentsaera Parmenidesen definiziotik hartu zuen. Platonen ustez, izatea aldaezina eta betirakoa da.
  • Espetxea: (Ezjakintasuna), atxilotuak dauden egoitza da. Termino filosofiko moduan, espetxeak gorputzari egiten dio erreferentzia; arima hilezkorra da eta gorputza hilkorra. Gorputza hiltzean, arima gatibutasun horretatik ateratzen da, askatu egiten da. Gorputza da arima ideietatik urrun mantentzen duen kartzela.
  • Arima: Gizakiaren espiritu hilezkorra da. Platonen epistemologiak dioen bezala, arima haragiztatzean, amnesia datorkio. Baina gauzak ikusteak eta entzuteak oroimena dakarzkio. Beraz, ezagutzea oroitzea da (metempsikosia).
  • Onaren ideia: Ideien artean ederrena da. Egiaren baliokidea Platonen teoria politikoan.
  • Zuzentasuna: (Justizia), harmonia dagoenean gizakian, hiru giza talde desberdinen artean. Zoriontasun amankomunean oinarritzen da, eta ez interes pertsonalean.
  • Legea: Hizkuntza arruntean autoritatea ezartzen duen arau bati buruz hitz egiteko erabiltzen da. Platonen arabera, ordea, Estatuari erreferentzia egiten dio. Honen helburua gobernatzen duen giza taldearen onura lortzea da, ez klase batena soilik. Onura hori lortzeko (justizia), talde sozial bakoitzak bere eginkizuna bete behar du, batzuetan honen zailtasuna handia izanik.
  • Zoriontasuna: Adiera orokorrean, gaizki egoteko arrazoirik ezak sortzen duen sentimendua da; ondo sentitzea. Platonen ikuspuntutik, gizabanakoen zoriontasuna bilatu beharrean, guztiona bilatu behar da, eta hau lortuko da pertsona bakoitzak gizartean duen eginkizuna betetzen duenean. Arazoa pertsona bakoitzaren alderdi grinatsuak pertsonaren interesak soilik bilatzen dituenean sortzen da.
  • Harmonia: Talde bateko elementu guztien funtzionamendu aproposa gertatzen denean harmonia dagoela esaten da. Platonen ustez, harmonia hiru arima moten arteko oreka lortzean ematen da; hau da, arima grinatsua (nahi fisikoak), suminkorra (sentimenduak) eta arrazionala (pentsamendua) kontrolpean eta orekan daudenean. Sortzen den arazoa da arima grinatsuak kontrolpetik kanpo egoteko joera duela, harmonia lortzeko oztopo handia izanik.
  • Laburpena: Platonen politikan, filosofoak zenbait talde sozialetan banatzen du gizartea. Talde bakoitzak eginkizun ezberdinak ditu, eta bakoitzak bere betebeharrak betetzean lortuko da bai justizia, bai ongia. Platonek talde-zoriontasuna goraipatzen baitu, banakoena alde batera utziz.

Lehenengo Iruzkina: Intelektualismo Morala

Testu honek adierazten duen bezala, Platonen filosofian oso garrantzitsua da intelektualismo morala. Izan ere, ongia dakienak ongia egingo duela uste du filosofo atenastar honek. Ideia honen ikuspuntua kontuan hartuta, hainbat filosofo agertu dira teoria honen alde eta kontra.

Intelektualismo moralaren alde agertu zen filosoforik esanguratsuenetariko bat Sokrates izan zen. Honen arabera, balore unibertsalak existitzen dira. Beraz, guztientzako diren oinarrizko ideia batzuk daude. Ongia balore hauen barruan sartzen da. Izan ere, ez da harritzekoa Platonek ere ideia hau defendatzea, Sokratesen ikaslea izanik.

Kontra zegoen bat, ordea, San Agustin izan zen. Filosofo honen arabera, borondatea beharrezkoa da ongia egiteko. Ongia zer den jakin daiteke eta, hala ere, ondo ez jokatu. Pertsonok bi aukera ditugu: mundu fisikoa maitatzea edo Jainkoa maitatzea. Lehenengo aukera hartzekotan, gaizki jokatuko dugu; bigarrena hartzekotan, ordea, ongia egingo dugu.

Teoria honi buruzko iritzia ematekotan, honako hau esan dezaket: orokorrean San Agustinekin ados nago. Zentzu estuan, nire ustez ongia zer den jakin dezakezu baina, hala ere, asmo txarrez jokatu; izan ere, ezinbestekoa da ongia egiteko borondatea edukitzea. Gizakiok gure gustura moldatzen ditugu egoerak. Beharbada, egiten ditugun gauza batzuk edota esaten ditugunak ez dira zuzenak, baina gure onerako badira, ez digu hainbeste axola. Honen adibide erraz bat gezurrak esatea izan daiteke: oso kontziente gara egiten ari garena gaizki dagoela, baina gezurra esateak dakarren ondorioa guretzat onuragarria baldin bada, ez gara gaizki sentitzen.

Beste aldetik, ordea, ez nago ados San Agustinek erlijiotasunari ematen dion garrantziarekin. Nire aburuz, ongia egiteko ez dago Jainkoa maitatu beharrik, eta gaizki jokatzeko ez dago mundu fisikoa maitatzeko beharrik. Laburbilduz, zeuk ondo jakin dezakezu ongiaren ideia zer den, baina ongia egiteko borondaterik ez baduzu, ez duzu ondo jokatuko.

Platonen teoria honek garrantzi handia edukiko du historian zehar eta hainbat eremutan. Argi dago teoria hau bere politikaren oinarria izan dela. Izan ere, bere politikak dioena da gobernatzen duten pertsonek ongiaren ideia jakin behar dutela; beraz, ongi jokatuko dutela herriaren aurrean.

Bigarren Iruzkina: Platonen Errepublika eta Politika

Platonek heldutasunean idatzi zuen testu honetan, Errepublika izenekoan, bere filosofiaren alderdi bat aurkezten da: politika. Hiru talde bereizten ditu gizartean, bakoitzaren ezagutza lortzeko ahalmenetan oinarrituak. Talde hauek ezaugarri, betebehar eta eskubide ezberdinak zituzten.

Ikuspuntu honek kritika ugari sortu zituen, baina baita honen alde zeuden zenbait filosofo ere. Platonen ikasle izanda, ez da harritzekoa azken talde horretan Aristoteles topatzea. Filosofo mazedoniar honek gizakiaren izaera soziala aipatzen du (Zoon Politikon); hots, Estatua pertsonaren aurretik jarri behar da. Platonek ere ikuspuntu hori du, eta maisua eta ikaslea beste atal batean ere bat datoz: gizartearen zoriontasuna pertsona batena baino garrantzitsuagoa da.

Aurrean aipatutako ideiaren aurka Kant dugu. Honen arabera, gizakiak ez du estatuaren beharra; egoera naturalean oihaneko lege batean bizi da. Beraz, estatuak ezarri nahi dion egitura soziala ez da naturala. Kanten ustez, estatua kontratu sozial bat da, pertsona bakoitzaren askatasuna babesten duena.

Platonen eredu politikoak ukaezinak diren hainbat onura ekarriko lituzke gizarte mailan. Alde batetik, gobernarien hezkuntza eta ezagutza maila aproposa ziurtatzen da; ez dute gobernatuko ezjakinak direnek. Beste alde batetik, goi-mailetako klaseetan jabetza pribatua deuseztatzeak gaur egun hain ezagunak diren ustelkeria kasuak saihesteko balioko luke.

Baina politika honek biztanleen askatasuna erabat murrizten du: ez dute lanbidea aukeratzeko ahalmenik, haien gaitasunen arabera antolatuta baitaude, eta horrek herri xehearen ondoeza ekar dezake. Estatuak dena kontrolatzen du, eta klase altuen arteko harremanak bultzatzen saiatzea askatasun ezaren adibide garbia da. Estatu nahiko autoritarioa sortuko litzateke.

Platonek garrantzi handia izan du bai filosofian bai historian. Aditu batzuen arabera, bere politika-sistema eredu autoritario gehienentzako gakoa izan zen; hau da, bere garaia baino askoz geroago ere, bere eragina handia zen oraindik.