Platon: Bizitza, Obra eta Testuinguru Historikoa

Historia4 KB

Platon: Datu Biografikoak

Platon Atenasen jaio zen K.a. 427an, goi-mailako familia aristokrata batean, eta honi zegokion heziera jaso zuen: arteak, letrak eta heziera militarra. Peloponesoko Gerran parte hartu zuen, eta gerra honek eragindako gaitzak ezagutu zituen gaztaroan: izurriteak, hondamena, ezegonkortasun politikoa (Atenasko demokrazia ustelduta zegoen Platonen ustez) eta Atenasen porrotaren ondorioz Espartak atenastarrei ezarritako erregimen politiko tiranikoa. Gertaera hauek, Platonen maisu Sokratesek jasotako heriotza-zigor bidegabearekin batera, zapuztu egin zuten Platoni leinutik zetorkion Atenasko politikan parte hartzeko gogoa.

K.a. 407an, Platon gazteak Sokrates ezagutu zuen, bere pentsamendu filosofikoan erabateko eragina izango zuen gizona. Sokratesen heriotzaren ondoren, Platon Atenasetik atera eta urte askotan bidaiatu zuen hainbat lekutan zehar: Megara, Korinto, Egipto eta Sizilia. Egipton matematikak ikasi zituen, eta ondoren Sirakusara (Sizilia) joan zen lagun baten laguntzaz bere proiektu politiko berria martxan jartzeko, baina porrot egin zuen.

Berriro Atenasen zela, K.a. 387an Akademia fundatu zuen. Bertan, filosofiaz gain, matematika, astronomia eta zientzia fisikoen inguruko ikerketak zuzentzen zituen Platonek. Urte batzuk geroago, Platon Sirakusara itzuli eta beste bitan ahalegindu zen bere Errepublika ideala martxan jartzen, baina berriro ere porrot egin zuen. Bere bizitzako azken urteak Atenasen eman zituen, bere Akademiaren lan teorikoari eskainita, K.a. 347an hil zen arte.

Platon, pentsalari sakona izateaz gain, idazle bikaina ere izan zen. Bere pentsamenduak plazaratzeko erabili zuen literatura-generoa elkarrizketa izan zen, Sokrates bere maisua protagonista zela. Bere helduaroan idatzitako hiru lan hauek aipamen berezia merezi dute: Fedon, Oturuntza eta Errepublika. Azken honek, bereziki, pentsamenduaren historian zehar oihartzun gehien jaso du.

Platon: Testuinguru Historikoa

Platonen garaia (K.a. 427-347), hots, K.a. V. mendearen amaiera eta IV. mendearen hasiera, krisi-garaia izan zen mundu greko osoarentzat, eta bereziki Atenasentzat. Atenasen gainbehera horretan zerikusi handia izan zuten Atenas eta Espartaren arteko gerrek (Peloponesoko Gerrak, alegia), eta, bestetik, Atenasko sistema demokratikoaren ustelketak.

Peloponesoko Gerra K.a. 431n hasi eta K.a. 404ra arte luzatu zen, Atenasko (eta Grezia osoko) urrezko aroari amaiera emanez. Adituen ustez, Atenasek Peloponesoko Gerra galdu zuen hurrengo arrazoi nagusiengatik:

  • Atenas birrindu zuen izurriteagatik (K.a. 430).
  • Atenastarrek hartu zituzten erabaki militar oker batzuengatik.
  • Periklesen heriotzak (K.a. 429) utzitako lidergo sendo baten faltagatik.
  • Atenastarren antolakuntza politiko eskasa eta ustelagatik.

Periklesen garaian (K.a. 478-432), Atenasko sistema demokratikoak goi-muga jo zuen. Demokrazia izeneko gizarte antolamendu berri horretan bi printzipio juridiko berri agertu ziren: isonomia (“legearekiko berdintasuna”) eta isegoria (“hitzarekiko berdintasuna”, hau da, jendaurrean hitz egiteko eskubidea). Hori dela eta, hiritarrek jo zezaketen helbururik gorena auzitegietan eta parlamentuetan arrakasta lortzea zen. Egoera horretan sofistak agertu ziren, ordaintzen zieten guztiei hitzaldi eraginkorrak nola sortu irakasten zieten “jakindurian adituak”. Hainbatentzat (Platon barne), hor hasi zen gaiztotzen Atenasko demokrazia. Entzuleria harri eta zur uztea garrantzitsuago bihurtu zen argudioetan egia bera erabiltzea baino. Jarduera demokratikoa demagogia hutsa bihurtzen ari zen. Gainera, aristokraten eta herri xehearen artean agertutako liskarrek Atenasko gizartea zatitu zuten. Alderdi-interesen arteko lehiek eta azpijokoek oztopatu egiten zituzten erabaki zuzenen eta interes amankomunaren bilakuntza.

Descargar

PDF Word HTML