Pertsiarren Manifestua eta Fernando VII.aren absolutismoa: laburpena
Resumen
Dokumentu honek 1814ko Pertsiarren Manifestua aztertzen du, 69 diputatu absolutistak Cadizko Konstituzioa indargabetzeko eta monarkia absolutua berrezartzeko sinatutakoa. Testuinguru historikoa azaltzen du: Independentzia Gerra, Baionako abdikazioak eta Cadizko Gorteen jarduera legegilea. Era berean, Fernando VII.aren erregealdiko hiru etapak laburbiltzen ditu: Sei Urteko Absolutista, Hiru Urteko Liberala eta Hamarkada Gaitzesgarria.
Puntos clave
- Pertsiarren Manifestua 1814an sinatu zuten 69 diputatu absolutistek, Fernando VII.ari zuzenduta.
- Helburua 1812ko Cadizko Konstituzioa indargabetzea eta monarkia absolutua berrezartzea zen.
- Monarkia absolutua defendatzeko argudioak: arrazoia eta adimena, Jainkoaren legearen araberakoa izatea eta subiranoaren jatorri jainkotiarra.
- Cadizko Gorteek subiranotasun nazionala, berdintasun juridikoa eta inprenta askatasuna ezarri zituzten.
- Fernando VII.aren erregealdiak hiru etapa ditu: Sei Urteko Absolutista (1814-1820), Hiru Urteko Liberala (1820-1823) eta Hamarkada Gaitzesgarria (1823-1833).
- Fernando VII.a hiltzean Lehen Karlistaldia hasi zen, karlisten eta isabelinoen artean.
Pertsiarren Manifestua: Jatorria eta Edukia
Testuaren ezaugarriak eta helburua
Pertsiarren Manifestua lehen mailako iturria den testu historikoa da. Gainera, Manifestu bat denez, testu politikoa da. Agiri hau Cadizko Gorteetako kide ziren 69 diputatu absolutistek sinatu zuten, 1812ko Konstituzioa indargabetzeko eta Fernando VII.ak zuzendutako monarkia absolutista berrezartzeko asmoz. Fernando VII.ari, Espainiako erregeari, zuzenduta dago. Hasiera batean izaera pribatua zuen, baina Fernando VII.ak publiko egin zuen nazio osoari adierazteko.
Testuinguru historikoa (1814)
Testuinguruari dagokionez, 1814ko apirilaren 12an kokatzen da, Independentzia Gerra amaitu ostean eta erregea erbestetik itzultzerakoan idatzitakoa da, eta Madrilen argitaratutakoa.
Eduki nagusiak
Testuaren edukiari dagokionez, hainbat ideia nagusi azpimarratu behar dira:
- Lehen paragrafoa: Espainiako egoera pertsiarrenarekin alderatu eta erregea gatibu egon zen sei urteetan anarkia egon zela diote.
- Bigarren paragrafoa: Monarkia absolutua defendatzeko hainbat arrazoi ematen dituzte:
- Arrazoia eta adimena.
- Jainkoaren legearen araberakoa denez, justua da.
- Subirano absolutuak jatorri jainkotiarra du.
- Hirugarren paragrafoa: Cadizen egindako guztia deuseztatu eta foruak, usadio eta ohiturak berrezartzea eskatzen dute.
Testuinguru zabala: Independentzia Gerra eta Gorteak
Karlos IV.aren krisia eta Baionako abdikazioak
XIX. mendearen hasieran Karlos IV.aren monarkia krisian zegoen. 1807ko Fontainebleauko Itunaren bitartez, Napoleonen tropak Espainian zeuden. Horren ondorioz, Madrilgo herritarrek altxamenduak egin zituzten frantses tropen aurka. Gainera, 1808ko martxoan, Aranjuezeko altxamenduan, Karlos IV.ak (Fernandoren aita) bere semearen alde abdikatu behar izan zuen. Karlos damutu egin zen, eta Fernandori koroa itzultzeko eskatu zion, baina honek uko egin zion eskaera horri. Horrek 1808ko Baionako abdikazioak eragin zituen. Napoleonek Baionan, desadostasun hori konpontzeko aitzakiarekin, Fernando eta Karlos bahituta izan zituen. Horren bidez, Napoleonek lortu zuen Fernandok Karlosi tronua itzultzea, eta gero Karlos IV.ak berari pasatzea. Orduan, Napoleonen helburua Espainia konkistatzea zenez, tronua bere anaia Jose Bonaparteri pasatu zion, Espainiako errege izendatuz.
Independentzia Gerra eta botere hutsunea
Gertaera honi Independentzia Gerra gehitu behar zaio, izan ere, Karlos eta Fernando Baionan bahituta zeudenez, Espainian botere hutsunea sortu zen, eta horrela, Independentzia Gerra piztu zen. Giro horretan, Juntak sortu ziren, eta orduan, Espainian bi gobernu mota zeuden: alde batetik, Napoleonen anaia, Jose Bonaparte, eta, bestetik, Junta Zentrala.
Cadizko Gorteen jarduera legegilea
Geroago, 1810eko urtarrilean, Gorte Nagusiak Cadizen bildu ziren. Gorteek jarduera legegile handia izan zuten:
- Subiranotasun nazionala adierazi.
- Berdintasun juridikoa aldarrikatu.
- Inprenta askatasuna ezarri.
- Tortura, Santiagoren botoa (zerga), Inkisizioa, jaurerriak eta antzinako kontseiluak deuseztatu.
- Kleroaren ondasunak desamortizatu eta Ogasuna erreformatu zuten.
Gorteetako diputatu gehienak liberalak zirenez, erregimen politikoa aldatu zuten zenbait dekreturen bidez eta 1812ko Cadizko Konstituzioaren bidez. 1810eko abenduaren 23an Konstituzioaren proiektua egiteko batzordea sortu zuten, eta urte eta erdiz eztabaidan egon eta gero, 1812ko martxoaren 19an Cadizko Konstituzioa aldarrikatu zen, absolutismoa deuseztatzeko eta liberalismoa ezartzeko helburuarekin.
Absolutismoaren berrezarpena eta erregealdiko etapak
Valençayko Ituna eta Valentziako Dekretua
Gerra amaitu zenean, 1813an Valençayko Ituna sinatu zen. Ondoren, 1814an Fernando VII.a Valentzian lehorreratu bezain laster, Pertsiarren Manifestua argitaratu zen. Fernando VII.a Valentzian zegoela prestatu zen estatu-kolpea, eta Valentziako Dekretuaren bidez erregearen botere absolutua berrezarri zen. Ondorioz, Cadizko Gorteen jarduera legegilea eta 1812ko Konstituzioa indargabetu ziren, eta erregeak haien lanen arrastoak ezabatu nahi zituen.
Fernando VII.aren erregealdiko hiru etapak
Hiru etapa bereizten dira bere erregealdian:
- Sei Urteko Absolutista (1814-1820)
- Hiru Urteko Liberala (1820-1823)
- Hamarkada Gaitzesgarria (1823-1833)
Erregealdiko etapak zehaztuta
Sei Urteko Absolutista (1814-1820)
Sei Urteko Absolutistan errepresio handia egon zen liberalen eta frantsestuen aurka. Ondorioz, Frantziara eta Erresuma Batura erbesteratu ziren, eta Espainia garaikideko lehen erbesteratzea gertatu zen. Inkisizioa, Foru Erregimena, Mesta eta hamarrena indarrean jarri ziren. Bestetik, Espainiak Ameriketako kolonietako independentziaren aurkako gerrari aurre egin behar zion, eta bi arazo larri zeuden: ezegonkortasuna sortu zuen politika aldakorra eta zor publiko itzela. Sistema fiskala ezegonkorra zen, pribilegiatuek ez zituztelako zergak ordaintzen. Garay zerga bakarra eta sarrerekiko proportzionala ezartzen saiatu zen, baina pribilegiatuen aurkakotasunagatik porrot egin zuen. Monarkia absolutuak ez zuen irtenbiderik.
Hiru Urteko Liberala (1820-1823)
Bigarren etapa Riego komandantearen pronuntziamenduarekin hasten da. Fernando VII.a Konstituzioa zin egitera behartu zuten. 1812ko Konstituzioaren printzipioak eta Gorteen jarduera legegilea indarrean jarri zituzten, Erregimen Zaharra alde batera utzita. Neurri nagusiak hauek izan ziren:
- Preso politikoak askatu zituzten.
- Inkisizioa betiko deuseztatu.
- Agintari konstituzionalak udaletan eta probintzietan haien karguetara itzuli ziren.
- Gorteak hautatzeko hauteskundeak deitu ziren.
- Milizia Nazionala sortu zen.
Liberalismoaren barne-zatiketa gertatu zen: moderatuak eta erradikalak. Moderatuek erregeari botere gehiago eman, sufragio zentsitarioa ezarri, bi ganbarako gorteak ezarri eta prentsa erradikala kontrolatu nahi zuten. Erradikalek, aldiz, Cadizko Konstituzioko arauak mantendu nahi zituzten, Riegoren jarraitzaileak ziren eta ganbara bakarriko gorteak ezarri nahi zituzten. Moderatuak izan zuten boterea ia beti.
Hamarkada Gaitzesgarria (1823-1833)
1823an Aliantza Santuak “San Luisen Ehun Mila Semeak” armada bidali zuen absolutismoa berrezartzeko. Fernando VII.ak Riego exekutatu eta Antzinako Erregimena berrezarri zuen. Horrela hasi zen zapalkuntzaz beteriko Hamarkada Gaitzesgarria. Liberal askok ihes egin zuten. Lehenagoko erakundeak berrezarri ziren, Inkisizioa eta Estatu Kontseiluak izan ezik. Koloniak galduta, Ogasunaren krisia areagotu zen eta absolutisten barne-zatiketa gertatu zen:
- Erreforma batzuen premia ikusten zutenak eta moderatuekin lan egiteko prest zeudenak.
- Karlos Maria Isidro erregearen anaiaren aldeko karlistak edo apostolikoak, erreformarik onartzen ez zutenak.
Ondorengotza arazoekin egoera larriagotu zen, eta Fernando VII.a hiltzean, Elisabet II.a bi urte zituela erregina izendatzean, Lehen Karlistaldia hasi zen, non Karlistek (absolutistek) eta isabelinoek (liberalek) elkarren aurka egin zuten.
Ondorioak
Testu honen xedea Erregimen Zaharra berrezartzea zen, eta lortu zen. Manifestu honekin Iraultza Liberal Burgesa amaitu zen, eta krisia larriagotu zen, Ogasunaren zorra izugarria zelako eta konponbide bakarra pribilegiodunek ere zergak ordaintzea zelako.
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Noiz eta nork sinatu zuen Pertsiarren Manifestua?
1814ko apirilaren 12an sinatu zuten 69 diputatu absolutistek, Cadizko Gorteetakoek. Fernando VII.ari zuzendu zioten, Independentzia Gerra amaitu eta erregea erbestetik itzulita.
Zer lortu nahi zuen Manifestuak?
Cadizko Konstituzioa eta Gorteen jarduera legegilea deuseztatzea, eta Erregimen Zaharra, foruak eta ohiturak berrezartzea eskatzen zuen.
Zein dira Fernando VII.aren erregealdiko hiru etapak?
Sei Urteko Absolutista (1814-1820), Hiru Urteko Liberala (1820-1823) eta Hamarkada Gaitzesgarria (1823-1833). Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, liberalen errepresiotik Riegoren pronuntziamendura eta Antzinako Erregimenaren berrezarpenera.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.