Aristotelesen Etika: Zoriontasuna eta Bertuteak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,22 KB

Etika zientzia praktikoa da eta eguneroko bizitzako jardueretara bideratua dago. Aristotelesen ustez, giza ekintzaren izaera teleologikoa da; badirudi gure ekintza eta erabaki moral guztiek lortu nahi dugun onura bat dutela helburutzat. Helburu terminoa, analogoa da. Helburu asko daude eta denak ezin dira maila berekoak izan, batzuk beste batzuen menpekoak dira. Azken onura edo helburua, aldiz, garrantzitsuena da, horren menpe baitaude beste helburu guztiak (bitartekari lana). Azken helburu hori, zoriona, eudaimonia da.

Zoriontasunaren Interpretazioak

Hala ere, denok ez dugu zoriona berdin kontsideratzen eta interpretazio ezberdinak badira:

  • Plazerrak zorion gisa hartzea.
  • Bizitza publikoko ohorea eta ospea.
  • Adimenezko bizitzan oinarritutakoa, kontenplazioa.

Aristotelesen Benetako Zoriontasuna

Azken hau da, Aristotelesen ustez, benetako zoriona lortzeko modu bakarra. Izan ere, zoriontasuna lortzeko, gizakiaren berezko funtzioa, hau da, beste izakietatik bereizten duena, ezagutu beharko da. Funtzio hori, arrazoimenezkoa da eta arrazoimenezko edo adimenezko jardueran oinarritu beharko da gizakiaren bizitza. Horrela, giza arimaren bertutearekin bat egingo dugu eta, ondorioz, bizitza bertutetsua izatean, zoriontsuak izango gara. Hala ere, ezin ditugu gorputzaren irrikak edo plazerrak albo batera utzi, neurriak beharrezkoak baitira.

Arimaren Bertuteak: Dianoetikoak eta Etikoak

Aristotelesek giza bertutetzat hartzen du arimaren bertutea, izan ere, arimari dagokio zoriona lortzea. Arimak bi gaitasun ditu izaki arrazional gisa: arrazoimena eta grina.

Arrazoimenarekin Lotutako Bertuteak: Dianoetikoak

Arrazoimenarekin, batez ere, adimen bertuteak edo bertute dianoetikoak lotzen dira. Jarduera intelektual soiletik, hau da, adimen beretik eratorritakoak dira eta hezkuntzaren eta ohituraren ondorio dira.

Bertute Dianoetiko Teorikoak

Alde batetik, bertute "teorikoagoak" daude, gaitasun zientifikoekin lotuak:

  • Epistemea edo zientzia: frogapenen bidez beharrezkoa eta unibertsala den ezagutza lortzea.
  • Nousa edo adimena: gauzen esentziak prozesu intuitiboei esker bereganatzea.
  • Sophia edo jakinduria: epistemea eta nousa biltzen ditu eta adimen bertute perfektuena da, bere objektuak perfektuenak direlako (metafisika).

Bertute Dianoetiko Praktikoak

Bestetik, bertute "praktikoagoak" daude, hala nola sofrosinea, egiazko bertutea, ongiaz eta gaizkiaz dihardu eta bertute dianoetikoak etikoekin lotzen ditu, ikasitakoa praktikara eramatean.

Grinarekin Lotutako Bertuteak: Etikoak

Grinarekin, bestalde, bertute etikoak lotzen dira. Hauek praktikaren bidez lortzen dira eta aukeratzeko garaian, erdiko terminora jotzen laguntzen digute, erdiko termino hori gure buruarekiko erlatiboa delarik. Bertute etikoetan ere arrazoimenak paper nagusia betetzen du, izan ere, erabakiak arrazionalki hartu behar ditugu, jokabide arrazionala lortzeko.

Aristotelesek intelektualismo moralaren esklabu zen hura kritikatu egin zuen. Ezagutzaren menpekoa da jokabidea, hau da, ongia eskuratzeko ongia ezagutu behar da, baina ongia ezagutzeak ez du zertan esan nahi lortuko duzunik, zeren bitartekoak aukeratzerakoan huts egin baitezakezulako.

Bizitza Bertutetsu bat Lortzeko Faseak

Hauek dira, Aristotelesen ustez, bizitza bertutetsu bat lortzeko jarraitu beharreko faseak:

  1. Benetako ongia (xedea) ezagutzea, eta faltsuarekin ez nahastea.
  2. Konbentzimenduz determinatzea.
  3. Bitartekoen inguruko hausnarketa edo gogoeta etikoa.
  4. Bitartekoak aukeratzea.
  5. Ohitura bertutetsuak sortzea.

Ondorioa: Ohituraren Garrantzia eta Zoriontasun Osoa

Azken pauso hori oso beharrezkoa da bizitza bertutetsu bat lortzeko, ez baita nahikoa ekintza bertutetsu bakar bat egitea. Ekintza horiek gure jokabidearen oinarri izan beharko dira. Horrela, bizitza bertutetsua lortzean, zoriontasuna eskuratuko dugu, maila indibidualean lehenik eta gizarte mailan gero. Hala ere, ez dugu ahaztu behar gizarte mailako zoriontasuna osoagoa dela.