Mintz Plasmatikoa: Egitura, Osagaiak eta Funtzioak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,01 KB

Mintz plasmatikoa zelula mugatzen duen eta kanpo ingurunetik bereizten duen geruza mehea da. Osagai nagusi hauek ditu: fosfolipidoak, glikolipidoak, proteinak eta kolesterola.

Egitura

Lipido geruza bikoitz bat da, eta molekula proteinikoak ditu tarteka txertatuta. Geruza bikoitz hori ingurune polar batean kokatutako molekula anfipatikoz osatuta dago (ura du barnealdean eta kanpoaldean). Geruza bakoitzeko erradikal polarrak ur-ingurunerantz kokatzen dira; erradikal lipofiloak, beste geruzako erradikal lipofilikoen aldera. Autoakoplamenduaz sortzen da.

Osagaiak

Fosfolipidoak eta Glikolipidoak

Beren buruarekiko biratu eta geruza bakun bakoitzean alboetara higitzen dira; geruza bakun batetik bestera ere alda daitezke. Horrek mintzaren fluidotasuna sortzen du.

Proteinak

Horien erradikal polarrak mintzaren kanpoaldean kokatuta egoten dira. Kokapenaren arabera, bi mota bereizten dira:

  • Periferikoak: Geruza bikoitzari itsatsitako proteina disolbagarriak. Horien alde polarrak lipidoen erradikal polarrei eta proteina intrintsekoei lotuta egoten dira.
  • Intrintsekoak edo integralak: Geruza bikoitzean murgilduta daude. Batzuk transmintz-proteinak dira: geruza bikoitza zeharkatzen dute, alde polarrak zelularen barnerantz eta kanporantz dituztela.

Kolesterola

Gantz-azido asegabeen angeluek sortutako tarteetan dago. Fluidotasuna gutxitzen du, egonkortasuna mantentzen laguntzen du, eta lipidoak elkarrekin nahastea eragozten du.

Propietate Nagusiak

  • Egitura Dinamikoa: Lipidoen molekulak alboetara higi daitezke, eta beren artean lotura lipofilikoak eratu ditzakete. Propietate horrek mintzari bere hausturak konpontzeko edo beste edozein mintzekin bat egiteko aukera ematen dio.
  • Egitura Asimetrikoa: Glikokalixa (glikolipidoen eta glikoproteinen oligosakaridoak) mintzaren kanpoaldean soilik egoten da animalia-zeluletan. Oligosakarido horiek mintzaren errezeptoreak dira, eta horien funtzioa zelulaz kanpoko molekulak ezagutzea da.

Funtzioak

Lipido-geruza Bikoitzari Esker

  • Kanpoko eta barneko ur-inguruneak bananduta mantentzea.
  • Endozitosia eta exozitosia egitea.

Proteinei Esker

  • Molekula espezifikoen garraioa (adibidez, Glukosa).
  • Ioien garraioa (adibidez, Na+/K+ ponpa).
  • Makromolekulak lotzea (adibidez, Zitoeskeletoa).
  • Seinale kimikoak hartzea (adibidez, Hazkuntza zelularreko faktoreak).
  • Erreakzioak katalizatzea (adibidez, AMPz-aren eraketa).

Glikokalixari Esker

  • Gainazal zelularra babestea eta lubrikatzea (adibidez, Globulu zuriak mugitzeko).
  • Zelula batzuk identifikatzea eta itsastea (adibidez, Espermatozoideak obuluekin).
  • Substantziak identifikatzea (adibidez, Makrofagoek fagozitatzeko).
  • Entzimen euskarria izatea (adibidez, Hesteko epitelioaren mikrobiloetan).