Birusen Ugalketa: Ziklo Litikoa eta Lisogenikoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,51 KB

Ziklo litikoa

Birusak zelula ostalaria infektatzen du, ugaldu egiten da eta, amaieran, ostalaria hiltzen du. Bakteriofagoen eta animalia-birusen ugalketa-sistema nagusia da.

  1. Finkatzea: Birusaren itsaste-proteinak zelula-mintzean dauden errezeptore batzuei lotzen zaizkie.
  2. Sartzea: Birusak material genetikoa ostalariaren zitoplasman sartzen du.
  3. DNA erreplikazioa eta proteinen sintesia: Ostalariaren makinaria erabiliz, DNA erreplikatu eta birusaren geneak espresatzen dira (kapsideko proteinak, esaterako).
  4. Birus berrien paketatzea: Kapsidea osatzen duten proteinak mihiztatu egiten dira eta DNA birikoaz betetzen dira. Honek birus gehiago sortzera bideratuko du.
  5. Lisia: Birusak ostalariaren mintza zulatzen duten proteinak sintetizatzen ditu. Zulo horietatik ura sartu eta zelulak eztanda egiten du.

Eztandaren ondorioz, milaka birus askatzen dira; hauek inguruko zelula guztiak infektatuko dituzte.

Ziklo lisogenikoa

Ziklo lisogenikoaren bidez birusa ugaldu egiten da, baina ostalaria ez da hiltzen. Birus batzuek ziklo litikoa soilik egin dezakete; beste batzuek, ordea, lisogenikoa ere burutu dezakete.

Lehenengo bi pausoak, finkatzea eta sartzea, ziklo litikoan bezala gertatzen dira. Behin birusaren DNA ostalariaren barruan dagoela, hau ez da espresatzen: ostalariaren material genetikoarekin errekonbinatzen da.

Profagoak eta Bakteriofagoak

Ziklo lisogenikoa aztertzeko, bakterioek daramaten birusen (fagoak) kasuak ikertu dira sakonen: bakteriofagoenak. Bakterioaren genoman integratutako birusaren genomari profago esaten zaio.

Profagoa ez da aktiboa; hau da, bere geneak ez dira espresatzen fago berrien sintesia bultzatzeko. Beraz, ostalaria zatitzen den bakoitzean, profagoa jatorrizko genomarekin batera kopiatzen da, inolako esfortzurik egin gabe.

Baldintzak egokiak direnean, profagoa ez-aktibo izatetik aktibo izatera pasa daiteke. Aktibatzean, ostalariaren genomatik ateratzeko gaitasuna du eta, orduan, ziklo litikoa martxan jar dezake.

Erretrobirusak

Ziklo hau duten birusen artean erretrobirusak azpimarragarriak dira. Birus hauek RNA dute material genetiko moduan, baina alderantzizko transkriptasaren bidez DNA bitartekari bat sintetizatzeko gaitasuna dute. Ondorioz, DNA hori ostalariaren genoman txertatu dezakete eta ziklo lisogenikoa zein litikoa burutu.