Mendizabalen Desamortizazio Dekretua: Testuingurua, Helburuak eta Ondorioak
3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO DEKRETUA
Testuingurua
Nekazaritza-molde zaharkitua zegoen, laboreak urtero txandaka aldatuz eta ekoizpen maila apalekin. Biztanleriaren bi heren hartzen zituen eta iraupen ekonomiara mugatzen zen. Ezin izan zion industriaren eskariari erantzun eta ez zuen kapital-iturri gisa balio.
Egoera atzeratu honen faktoreen artean nabarmendu behar dira lurren topografia, klima lehorra, barne-merkatu eskasa, hezkuntza eta alfabetatze maila apala, atzerapen teknologikoa, azpiegitura-sare desegokia eta lurren jabetza. Lurren lotura zen nekazaritzak zuen arazo larriena; modu horretan, elizaren, aristokraziaren eta udalerrien esku zeuden lurrak %60 ziren. Lotutako jabetzen artean maiorazkoak, elizaren jabetzak edo “esku hilak” eta udalerrien lur komunalak zeuden. Nekazaritza jabetza handi hauek amortizatuta zeuden, erakundeen esku (noblezia, Eliza, udalak…), merkatu libretik kanpo, gaizki ustiatuta eta ezin ziren saldu.
Desamortizazio prozesu asko izan ziren, aurrerakoiek edo progresistek sustatuak; izan ere, Cadizeko Gorteek lehenengoetariko legeak egin zituzten, nahiz eta Fernando VII.aren aldi absolutistan desagertarazi zituzten.
Hala ere, desamortizazio garrantzitsuenak Isabel II.aren garaikoak izan ziren, progresisten gobernuarekin. Progresisten lehen neurria Konstituzio berriaren aldarrikapena izan zen: 1837ko Konstituzioa. Laburra (77 artikulu) eta bi ganberakoa zen. Printzipio hauek onartzen zituen: nazioaren subiranotasuna, botere-banaketa eta banakako eskubideen aitorpena. Prentsa-askatasuna, udalei aitortutako autonomia politikoa eta kudeaketa-autonomia eta Milizia Nazionala berreskuratu nahi zituzten. Konstituzioan ere desamortizazioa ezartzen zen.
Progresistek lurra merkantzia gisa merkatuaren barruan sartzeko eta nekazaritza jabetzaren egitura aldatzeko hainbat neurri hartu zituzten desamortizazioa baino lehen: maiorazkoen eta jaurerrien abolizioa.
Gobernuburu Mendizábal progresista zela, Konstituzioaren barruan zegoen desamortizazio legea onartu zen (1836). Elizaren ondasunen desamortizazioa zen. Vatikanoarekiko harreman diplomatikoak haustea ekarri zuen.
1836ko dekretua, I. Gerra Karlistaren erdi-erdian sinatu zen, eta erlijio-ordenak (klero erregularra: fraideak, mojak) deuseztatu zituen eta haien ondasunak desamortizatu: lurrak, etxeak, monasterioak, komentuak… konfiskatu eta enkante publikoan salduz.
Helburuak
Helburuak testuan agertzen dira: ogasunaren defizita konpontzea, metatuta zegoen zorra murrizteko ahalmena izateko, dirua lortzea I. Gerra Karlista irabazteko, lurrak merkatu librean uztea merkataritza suspertzeko, jabe kopuru handiagoa lortzea liberalismoaren alde eta, aldi berean, erregimen liberalarentzako botoak lortzea. Ezin dugu ahaztu Maria Kristinak gerra karlistari aurre egin behar ziola eta, horretarako, bai dirua gerra lehenbailehen amaitzeko, bai karlisten kontra eta erregimen liberalaren alde aldekoak behar zituela.
Salmentari esker, nabarmen handitu ziren Ogasunaren diru sarrerak, eta karlisten kontrako gerra finantzatzeko eta zorra txikitzeko erabili zituzten.
Garrantzia
Lege honen garrantzia ezin da ukatu. Elizaren ondasunen desamortizazioa hasi zen, baina jarraipena izan zuen. 1855ean Madozen desamortizazio orokorra edo zibila egin zen. “Orokor” izena jarri zitzaion, jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jarri baitzituen: batetik, Mendizabalen etapan saldu ez zirenak; bestetik, udalerrien ondasunak (“Propioak eta Komunalak”). Hortik datorkio emandako izena (“zibila”). Saltzeko erabilitako prozedura Mendizabalen kopia izan zen, hau da, lehenbizi ondasunak konfiskatu eta enkante publikoan saltzea, baina bi alderdietan bereizten zen:
- Diru horren jabea ez zen Estatua, udalak baizik.
- Dirua industria eta azpiegitura lanetan inbertitu zen, trenbidegintzan bereziki. (Ez ahaztu urte berean Burdinbideen Lege Orokorra onetsi zela.)
Ondorioak
Ondorioak aztertzen baditugu, batzuk positiboak izan ziren, beste batzuk negatiboak.
Ondorio positiboak: desamortizazioa amaitzean, ondasunak jabetza pribatu eta indibidual bihurtu ziren, eta, aldi berean, lantzen zen lurren azalera zabaldu zen; hau da, “esku hilen” egoera desagertzen hasi zen.
Ondorio negatiboak: desamortizazio prozesuak ez zituen eraldatu lantze eta ustiapen sistemak, nahiz eta nekazaritza ekoizpenaren bolumena handitzen lagundu.
Ez zen jabetza egitura aldatu. Nekazaritza erreforma baino gehiago, neurri fiskal gisa sortu zen desamortizazioa. Hegoaldean latifundioaren egitura sendotu egin zen. Lurrak dirudunek erosi zituzten: merkatariek, burgesek, herrietako errotariek, prozesuaren berri zehatza zuten estatuko funtzionarioek, militarrek eta diru handiak kudeatzen zituztenek… Aberatsak aberatsago!
Elizarekin batera, galtzaileak nekazari txiroak izan ziren: desamortizatutako lurrak erosteko dirurik ez zutenez eta komunalak desagertzean, beren burua ordaintzen ikusi zuten, beharrean.