Lipidoak: Egitura, Funtzioak eta Sailkapena

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 7,83 KB

Lipidoak

Lipidoak biomolekula organikoak dira, C, H, O, P, N eta S osagaiez osatuak. Talde heterogeneoa da, uretan eta disolbatzaile polarretan nekez disolbagarriak. Lipidoen funtzio biologikoak askotarikoak dira: erregaitzat eta erreserba energetikotzat erabiltzen dira, isolatzaile eta babesle gisa ere, eta batzuk mintz biologikoen funtsezko osagaiak dira. Bi mota nagusi daude: lipido saponifikagarriak (gantz azidoak dituztenak) eta ez-saponifikagarriak (gantz azidorik ez dutenak).

Gantz Azidoak

Azido organiko monokarboxilikoak dira, amaierako karboxilo taldea (COOH) dutenak. C atomo kopuru bikoitia dute, 12-24 bitartekoa. Ez daude aske naturan, lipidoen barruan baizik. Bi talde nagusi daude:

Gantz Azido Aseak

Kate hidrokarburoen artean lotura bakunak dituzte. Urtze-tenperatura altuak dituzte eta giro-tenperaturan solidoak dira. Adibideak: laurikoa (12:0), palmitikoa (16:0), estearikoa (18:0).

Gantz Azido Asegabeak

Lotura bikoitzak dituzte. Urtze-tenperatura baxuagoa dute eta giro-tenperaturan likidoak dira. Asegabetasunaren arabera, bi talde daude: monoinsaturatuak (lotura bikoitz bakarra) eta poliinsaturatuak (zenbait lotura bikoitz). Ezinbestekoak dira organismoaren funtzionamendurako, eta azido horiei funtsezko gantz azidoak esaten zaie. Adibideak: oleikoa (18:19), linoleikoa (18:29,12), linolenikoa (18:39,12,15), arakidonikoa (18:45,8,11,14).

Gantz Azidoen Egitura

Molekula anfipatikoak dira, bi zona dituztenak: polar hidrofiloa eta apolar hidrofoboa. Katea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta altuagoa da urtze-tenperatura. Molekula hauen izaera anfipatikoaren eraginez, uretan daudenean gainazaleko monogeruzak, geruza bikoitzak edo mizelak eratzen dituzte.

Energia Erreserbarako eta Babeserako Lipidoak

Lipidoen funtzioak biltegiratzea, isolatzea eta babestea dira. Funtzio horiek betetzen dituzten lipidoak azilglizeridoak (gantzak) eta zeridoak (argizariak) dira.

Azilglizeridoak

Glizeridoak edo gantzak, gantz azidoen eta glizerinaren esterrak dira. Esterifikatutako gantz azido molekula kopuruaren arabera, monoglizeridoak, diglizeridoak eta triglizeridoak izan daitezke. Triglizeridoak edo gantz neutroak apolarrak direlako, uretan ezin disolbatu. Bi funtzio dituzte: energia erreserba eta isolamendu termikoa. Gantzak giro-tenperaturan honelakoak dira: likidoak (olioa, gantz azido asegabeak dituena) eta solidoak (gurina, gantz solido aseak dituena).

Esterifikazioa eta Triglizeridoen Eraketa

Esterifikazio erreakzioa azido organiko batek alkoholarekin erreakzionatzean gertatzen da, ester deritzon konposatua sortuz. Triazilglizeridoa, ordea, hiru gantz azido glizerinaren hiru alkohol taldeekin esterifikatzean eratzen da, hiru ester lotura sortuz. Lotura horiek gantz azidoak glizerinarekin lotzen dituzte eta hiru ur molekula askatzen dira.

Triazilglizeridoen Hidrolisia
  1. Hidrolisi entzimatikoa: lipasa izeneko entzima batzuek katalizatzen dute, digestio-urinetan. Entzimek triglizeridoen ester loturak apurtzen dituzte, 3 gantz azido eta glizerina molekula bat sortuz. Digestio-hodietan gertatzen da eta gantzak digeritzeko balio du.
  2. Hidrolisi kimikoa edo saponifikazioa: triazilglizeridoa base batekin tratatzen da. Erreakzioan ester loturak apurtzen dira, 3 gantz molekula eratu eta glizerina molekula bat askatzen da. Xaboiak sortzen dira.

Zeridoak

Argizariak ere deituak, kate luzeko gantz azido bat kate luzeko monoalkohol batekin esterifikatzean sortzen dira. Solidoak dira eta ezin dira uretan disolbatu, bi muturrak hidrofoboak direlako. Beraz, iragazgaizte eta babes funtzioak dituzte. Animalietan eta landareetan aurkitzen dira.

Mintzetako Egitura Lipidoak

Mintz zelular guztien egitura oinarria geruza bikoitz lipidikoa da. Geruza bikoitzak molekula anfipatikoen eraketak dira, non zona hidrofoboak elkarren aurka dauden barrualdean eta zona hidrofiloak kanpoaldean. Eraketa horiek buztan hidrofoboak mizeletan ondo sartu ezin dituzten fosfolipidoek eta glukolipidoek sortzen dituzte.

Fosfolipidoak

Molekulan azido fosforikoa duten lipidoak dira. Gantz azido batek edo bik, alkohol batek, azido fosforikoko molekula batek eta konposatu polar batek osatzen dituzte. Anfipatikoak dira, bi zonatan bananduta: hidrofoboa eta hidrofiloa. Osaketaren arabera, bi talde daude: fosfoglizeridoak edo fosfozilglizeridoak eta esfingolipidoak.

Fosfoglizeridoak

Azido fosfatidikoaren deribatuak dira eta horien osaketan glizerina dago. Lezitina eta zefalina dira adibideak.

Esfingolipidoak

Molekulan esfingosina dute, kate luzeko aminoalkohol asegabea. Esfingolipido bat esfingosina kate luzeko gantz azido batekin (zeramida) lotzean sortzen da, nerbio-zelula mintzetan. Ugarienak esfingomielinak dira. Mielina zuntzak osatzen dituzten axoien inguruko mielina zorroan daude.

Glukolipidoak

Gluzido bateko edo gehiagoko lipidoak dira, monosakaridoak edo oligosakaridoak izan daitezke. Lotura O-glukosidikoaren bidez, gluzidoarekin lotzen direnean eratzen dira eta ez dute azido fosforikorik. Mintzen kanpoaldeko geruza bakarrean daude, nerbio-mintzetan. Zatiki gluzidikoa glukokalixaren zatia da. Gluzidoaren arabera bi mota daude: zerebrosidoak (azukre bakarra, gehienetan glukosa edo galaktosa lotuta) eta gangliosidoak (zeramidara lotzen den gluzidoa oligosakaridoa da). Konposatu horiek ohikoak dira burmuineko mintzetan.

Esterolak

Esteroide izeneko lipido ez-saponifikagarrien talde berekoak dira. Garrantzitsuena kolesterola da.

Kolesterola

Animalien mintz zelularren barruan dago eta horien jariakortasuna modulatzen du. Anfipatikoa da, zona hidrofilo txikia eta zona hidrofoboa ditu. Molekula bolumen handikoa eta zurruna da, geruza bikoitza osatzen duten fosfolipidoen artean kokatzen da. Higikortasuna eta jariakortasuna murrizten ditu. Odol-plasman lipoproteinak eratuz dago. Dietan har daiteke, baina gibelean ere sintetizatzen da. Odolean kantitate handiegian egonez gero, plaketan metatu daiteke arterien hormetan eta arteriosklerosia eragin dezake.

Mintz Zelularrak eta Lipidoak

Mintz zelularrek funtsezko propietateak dituzte. Iragazgaitzak dira substantzia polarretarako, baina iragazkorrak substantzia apolarretarako.

Lipidoen Beste Funtzio Batzuk

Elektroi transferentziako erreakzioetan esku hartzen dute. Ikusmenerako eta fotosintesirako pigmentuak edo izaki bizidunen berezko koloreak sortzen dituzte. Hormona sexualen nahiz adrenokortikalen eta prostaglandinen katalizatzailetzat dihardute. Funtzio horiek dituztenak hiru taldetan banatzen dira:

Terpenoak

Isoprenoide ere esaten zaie, bi isopreno edo gehiagoz lotuta sortzen dira. Kopuruaren arabera: monoterpenoak (bi isoprenoz osatuta, landare-esentzietan), diterpenoak (bitaminak), triterpenoak (eskualenoa), tetraterpenoak (karotenoideak dituzten landare-pigmentuak). Parte hartzen dute fotosintesian, barruan xantofilak eta karotenoak dituzte.

Esteroideak

Ziklopentanohidrofenantrenoaren edo esteranoaren deribatuak dira. Hainbat talde daude: D bitamina (kaltzioaren eta fosforoaren metabolismoa erregulatzen du), azido biliarrak (garrantzitsuena azido kolikoa da), esteroide hormonak (kolesteroletik sortuak, bi mota: hormona adrenokortikalak, giltzurrun gaineko kapsulen azalean sortuak, eta sexu-hormonak, sexu-organoetan sortuak).

Prostaglandinak

Euler suediarrak aurkitu zituen sekrezio prostatikoetan. Badakigu ia ehun guztiek sortzen dituztela, sexua edozein izanik. Arakidonikotik sortzen dira ziklooxigenasaren bidez. Zelulen jarduera metabolikoak erregulatzen dituzte, beraz, hau sustatzen dute: muskulatura leunaren uzkurdura, muki-sorkuntza eta plaketa-eransketa, odol-hodiren bat apurtu eta sukarra, mina, gorritasuna eta edema eragiten duen hantura-erantzuna aktibatzen dutenean.