Leturiaren Egunkari Ezkutua: Argumentuaren Laburpena

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 24,5 KB

Sarrera

Leturia bakarrik doa Zerubide parkera, jende artean ibiltzeak bakardadea sortzen dionez, bere buruarekin mintzatu eta barrua garbitzeko asmoarekin. Bere iritziz, norbere buruarekin bakarrik topatzeko beldurrak bultzatzen gaitu jendartera. Bere burua aurkitzen laguntzeko hasten da egunkaria idazten. Zoriontsu izan nahi du. Bide horretan, landare, lore eta beste izakien bekaitza sentitzen du, haiek ez baitute inongo kezkarik. Bera haiek bezalakoa ez dela jabetzen da, ordea, eta zoriona aurkitu beharra du.

II. Atala: Natura eta Ezkontza Gogoetak

Zerubidera itzultzen da beste egun batean, eta hango natura liluratuta geratzen da. Ezkontza ospakizun baten soinua entzunda, bikote harremanei buruz pentsatzen hasten da. Bizi-mugarri garrantzitsutzat hartzen du, baina bizitzaren beheraldiaren hasiera dela deritzo; abantaila moduan egonkortasuna eta erabakiak hartu behar ez izatea ditu aldi berean, lehengo ametsak galbide bihurtzen badira ere. Bere bizitza okerragoa dela uste du, ez baitaki nora jo. Halako batean, neskatxa bat inguratzen da parkeko urmaelera bere txakurrarekin, eta begirada bat trukatzen dute.

III. Atala: Zorion Une Laburrak

Egun euritsu batean Zerubideko urmaelera inguratzen da berriz. Bere baitan murgilduta, zorion uneak bizi ditu; berehala aienatu egiten zaizkio errealitatera itzultzean. Parkean barrena paseatuz, neska gaztearekin topatzen da berriz ere. Agurtu egiten du, baina neskak alde egiten du, lotsatuta edo.

IV. Atala: Miren Ezagutzea

Neska berriz ere topatzeko gogoarekin parkera doa beste egun batean, baina ez du aurkitzen. Itzultzean, Xabin lagunarekin topo egin, eta berehala, neska pasatzen da aldamenetik. Lagunari esker neska ezagutzen du, eta liluratuta geratzen da bere edertasunarekin. Miren du izena eta 17 urte ditu. Xabinek alde eginda, etxera laguntzen dio. Etxean gutun bat idazten dio, bere sentimenduak azalduz, gutuna noiz eta nola emango dion erabakitzeke. Harekiko sentitzen duen maiteminak asaldatu egiten du, zoriona eta atsekabea sentituz aldi berean.

V. Atala: Jelosiaren Lehen Zantzuak

Egun bat pasatzen da bera ikusi gabe; egonezinak hartuta, bere etxe aldera abiatzen da, ezkutuan. Azkenean, Miren ikusi egiten du beste mutil batekin une labur batez, aski dena berarengan maitemina areagotu eta jelosia pizteko.

VI. Atala: Gutun Uko Eginak

Egun batzuk pasatzen ditu triste, Miren ikusi gabe, baina azkenean berarekin topo egin, eta etxera laguntzen dio. Ezkaratzera heltzean, gutuna eskaintzen dio, baina neskak ez dio hartu nahi.

VII. Atala: Damua eta Zalantzak

Ez zuen espero Mirenek gutuna ukatzea. Lo hartu ezinik pasatzen du gaua, eta gutunarekin izan duen jokabideaz damutzen da, oldarkorregi jokatu ote duen. Zalantzek asaldatuta dago, Mirenekin nola jokatu duen.

VIII. Atala: Miren Izetara doa

Miren Izeta herrira doalako berria jasotzen du atsekabez.

IX. Atala: Izeta, Miren dagoen tokia

Izeta Gipuzkoako mapa batean aurkitzen du, eta hango bazterrak eder irudikatzen ditu, Miren han dagoenez gero.

X. Atala: Dantzalekuko Topaketa

Miren ustekabean ikusten du hirian. Bere etxera laguntzen dio. Berarekin topo egiteko esperantzarekin, Zerubidera doa, baina ez han ez du aurkituko. Bi lagunekin dantzaleku batera joan, eta han beste mutil batekin ikusten du, lehengo mutil berdinarekin. Dantzalekutik ateratzean, moto batera igo behar direla ikusten ditu, eta neskaren agurrari erantzuten dio. Jeloskor, gaua lo gutxi eginda pasatzen du.

XI. Atala: Bigarren Gutuna

Mireni gutuna idazten dio dantzalekuan gertatutakoak sorrarazi dion atsekabea eta sentitzen duen maitemina aitortuz. Gutunak Mirerengan sortuko duen sentimenduaren beldur bada ere, bidali egiten du.

XII. Atala: Udaberriko Gogoetak

Udaberriko giroaz gozatzen du Leturiak, jendearen joan-etorria eta natura begiztatuz. Hala ere, Miren du beti gogoan, gutuna nola hartu ote duen.

XIII. Atala: Hotzago Mirenenganako

Iraila heltzen da, eta Mirenengatik zertxobait lasaitu da, udako giroari esker. Egun batean, ordea, harekin topo egin, eta paseo luze bat ematen dute berriketan; berarekin zebilen mutil hari buruz, ordea, ez dio ezer galdetu. Etxeraino lagundu ondoren, bere barrena aztertu, eta lehen baino hotzago sentitzen du bere burua Mireni buruz.

XIV. Atala: Zineko Hitzordua

Goiz batean Miren topatu, eta arratsaldean zinera joateko gonbitea egiten dio. Leturiaren harridurarako, Mirenek onartu egiten du. Zinean berari begira dago etengabe, guztiz liluratuta. Filma bukatu eta agurtzean, Mirenek egun batzuetarako kanpora doala esaten dio, Leturia atsekabetuta utziz.

XV. Atala: Tristura eta Kontsolamendua

Bizikletaz landa-giroko bazter batera heltzen da Leturia, tristuraz beteta, kontsolatzera. Mirenen lagun batekin hitz egin du lehen, eta bere partez eskuminak emateko eskatu dio.

XVI. Atala: Maitasunaren Zergatia

Kepa lagunarekin poteoan, Kepak Mirenen zein atal duen gogokoen galdetzen dio, baina Leturia erantzun ezinik geratzen da, Mirenen arima baita maite duena. Pertsonen ikuspuntu desberdinei buruzko gogoeta egiten du, munduko arazoak ikuspuntu subjektibo hauetatik datozela iradokiz. Arrazoiaren absolutua zalantzan jarriz, bakoitzak bere arrazoia duelakoan dago Leturia, bihotzez jokatzen baita. Horregatik ezin dio frogatu lagunari Miren zergatik maite duen. Maitasunak ziorik ez duela deritzo.

XVII. Atala: Opari Baten Esanahia

Mireni opari bat bidaltzea pentsatzen du, baina bere maitasuna beste bikoteetan gertatzen den maitasunaren parean jartzea litzatekeela gogoetatzen du. "Maite zaitut" esatearekin berdin gertatzen da: zerbait arrunta iruditzen zaio, denek esaten baitute. Azkenean, opari egoki bat aurkitu eta postaz bidaltzen dio.

XVIII. Atala: Mirenen Itzulera

Biharamunean datorrela eta, irrikaz itxaroten du Leturiak Mirenen itzulera. Zerubidera doa, eta lehen aldiz Pintto txakurrarekin ikusi zuenean datorkio gogora. Gogoeta horrek tristetu egiten du, euren topaketa ausaz gertatu baitzen, eta gertagarri ere izan zitekeelako Miren ez ezagutzea.

XIX. Atala: Maitasunaren Aitorpena

Izetatik itzultzen denean, Mirenek Leturiak oparitutako eraztuna jantzita darama. Leturiak eskua hartu, eta musu bat ematen dio. Mirenek maite duela aitortzen dio Leturiari, eta honen gogoa berotu egiten da, horrenbeste nahigabe ondoren.

XX. Atala: Zoriona eta Desberdintasunak

Zorionez beteta, Zerubidera joan da Leturia. Kalean, andre zahar txiro bat ikusten du, eta errukituta eskura duen diru guztia ematen dio, hiltzeko beldurraz gainera bizitzeko beste arrazoi bat izan dezan. Munduan dauden desberdintasunei buruzko gogoeta egiten du, nola nahasten diren zoriona eta atsekabea, heriotzak eta jaiotzak, aberatsak eta txiroak, eta guztiari bidegabea deritzo.

XXI. Atala: Egonezina eta Bizitzaren Lilura

Egonezinak asaldatu egiten du Leturia, Mirenen musuek bere gogoa bete ez, eta gehiago behar duela sentitzen baitu; berarekin ez dagoenean ere, triste sentitzen da. Belardian etzanda, landare eta intsektuen ikuskizuna datorkio begietara, eta liluratuta geratzen da ikusgai dituen bizitza horien aurrean. Bizitza horiek eta berea ere nork ezagutzen dituen galdetzen dio bere buruari, eta Miren datorkio gogora.

XXII. Atala: Jelosiak Berriz

Miren beste mutil harekin ikusten du, eta ezin ulertuta geratzen da. Jelosiak hartzen du. Mirenek deitu egiten dio, eta Leturiak gogor egiten dio hitz; Miren, berriz, samur. Biharamunerako zitatzen dira, eta Leturiak mutil horri buruzko argibideak eman beharko dizkiola tematzen da, bien arteko harremanak jarraituko badu.

XXIII. Atala: Azalpenak eta Berpiztea

Biharamunean ikusten duenean, Leturiak zaplazteko bat ematen dio, eta Miren negarrez hasten da. Berehala damutzen da, eta besarkatu egiten du. Leturiaren jokabidea gaitzetsi, eta mina egin diola adierazten dio. Azalpenak ematen hasten da: Andoni Iturzaeta da gaztearen izena, eta aspaldiko adiskideak dira; Andonik bere maitasuna aitortu dio soldaduskan dagoela bidalitako gutunetan, baina berak ez dio erantzun; itzuli denean, Leturiarekin zegoela aitortzeko soilik geratu da berarekin. Hunkituta eta maitasun-grina berrituta, Leturia musukatzen eta ferekatzen hasten da. Miren gabe ezingo dela bizi idazten du egunkarian.

Uda

Atal labur honetan Leturiaren egunkaria eten egiten da, eta egunkariaren biltzaileak horren arrazoiei buruz egiten du gogoeta. Egunkaria etenda dagoen garaian Leturia zoriontsu izan zela ondorioztatzen du, atsekabeak eta etsiak izaten baitira egunkaria idazteari ekiten diotenak bere iritziz. Areago, egunkariez gainera, poesiaren gai nagusia ere tristura dela aipatzen du. Horren arrazoi gisa, egunkariak eta poesia idazteak tristura arintzen duela aipatzen du. Bestalde, tristura eta larrimina pertsona guztien eta bizitza osoan zehar sentimendu orokorra dela adierazten du. Hortik guztitik, Mirenekin ezkondu omen den Leturia zoriontsu izan zela ondorioztatzen du. Deitoratu egiten du, halaber, egunkariaren bitartez Leturia tristea soilik ezagutzea.

Udazkena

I. Atala: Ezkondu Osteko Nahigabea

Leturiak berriz ere idazten hastea zeinen zaila egiten zaion adierazten du, baina bere nahigabea handia da, Mirenekin ez baita zoriontsu eta lehengo larrimina berbera sentitzen duelako harekin. Ohikeria bilakatu da beren bizimodua, eta tarteka bien artean grina izan bada ere, kea baizik ez da geratzen. Desiratzen zuena eskuratuta eta Miren gehiegiz goratu ote zuen, hutsunea sortzen ari zaio berriz ere. Mirenek maite egiten duela onartzen du, baina berak beste zerbait behar du. Harekiko sexu harremanek ere hustasunez uzten dute. Zoriona inoiz asetzerik ez dagoela gogoetatzen du, eta hala ere, ilun ikusten du bere etorkizuna eta ez daki zer egin.

II. Atala: Ezkonberrien Alderaketa

Zerubiden ezkonberrien bikotea ikusten du, eta bera ezkondu zenekoa gogoratzen du. Orduko Leturia, guztiz zoriontsua, eta egungoa, nahigabez beteta, alderatzen ditu. Bakeko ezkonberriak begiztatzen ditu, eta biziak ikusten ditu; bera, ordea, guztiz zaharkituta. Aukeratu izanak lilura kendu diola ondorioztatzen du.

III. Atala: Ezkontzaren Eragozpenak

Jon lagunarekin topo egin, eta biek ezagutzen duten ezkon bikote baten hausturaz mintzo zaio. Jarraian, ezkontzaren eragozpenei buruz hitz egiten dio, seme-alabek dakarten lotura, besteak beste; ezkondu aurretik, probatu egin beharko litzatekeela ere diotso. Azkenik, lagunak hilobitzat jotzen du ezkontza. Bitartean, Leturia isil-isilik dirau. Etxean, ordea, guztiz etsita, ezkonduta gizartearen aurrean gezurrez bizi beharra madarikatzen du.

IV. Atala: Mikelen Harreman Ikuspegia

Mikelekin ere egon da. Neska batekin dabil guztiz maiteminduta, baina hala ere konpromisorik ez du nahi, eta hilabete batzuen buruan eten egingo du harremana; bikote harremanen hasierako grina soilik bilatzen baitu, Don Juan moduan. Leturiaren iritziz, Mikelen zorionaren iturburua aukeratze eza da, baina azkenik ez aukeratzea aukeratzeko modua ere bada, eta horrela, Mikelek bere burua engainatu besterik ez du egiten.

V. Atala: Senak eta Faltsukeria

Miren etxean utzi, eta paseo bat ematera doa Leturia. Inguruan, gizontxoak ikusten ditu neskak seduzitzen; nazka ematen dio faltsukeria-ikuskizunak eta lizunkeria hutsa deritzo. Azkenik, ordea, dena, maitasuna barne, senak bultzatutakoa dela eta naturaren mendean gaudela ondorioztatzen du, Freud aipatuz. Etxera joan, eta bat-batean gizon bihurtuta ikusten du Miren. Erotzen hasia ote den.

VI. Atala: Nazka eta Gatazka

Mirenengandik ihesi dabil Leturia. Miren eder ikusten ez duelakoan dago, eta negarrez hasten da. Leturiak onartu egiten dio bere baitarako gorputzarekin loturiko nazka sentitzen duela. Ezkondu aurretik, Mirenen gorputza bere sentimenduak asetzeko ez zen aski, eta orain nazka ematen dio; orain, haren gorputzak grinaren mendean dagoela dakarkio gogora. Bien arteko harremana zailtzen doa; ez dute elkarrekin hitz egiten. Mirenek behin ere ez duela maite eta berekoi hutsa dela aurpegiratzen dio. Hala ere, besarkatu egiten du, eta berak bai maite duela aitortzen dio. Momentuan bigundu egiten bada ere, bere pentsaera ez dela aldatu badaki.

VII. Atala: Huts Egindako Bizitza

Beste emakume batekin zer gertatuko zen pentsatzen hasten da, baina gauzak berdin izango zirela uste du, azkenik, bera baita ezkonduta huts egin duena. Bizitza ez galtzeko, zerbait egin behar duela badaki.

VIII. Atala: Bizitzaren Iragankortasuna

Zerubiden agure bati begira geratzen da, eta bizitzaren iragankortasunaz hausnarketa egiten du. Agurea inguratu, eta bizitza laster doala berresten dio, eta heriotza ezinbestekoa. Bestalde, beretzat gerorik ez dagoela pentsatzen du. Berak bizi nahi du, ordea. Zerubiden, berriz, udazken-giroa dago, eta neguaren zantzuak daude.

IX. Atala: Edana eta Lilura

Leturiak edanari ematen dio penak ahanzteko. Mirenengan nolatan bilatu nahi izan zuen zoriona, nolatan bilatzen den besteengan zoriona galdetzen dio bere buruari. Lilurak bultzatzen gaituela ondorioztatzen du azkenik.

X. Atala: Ispiluko Irudia eta Gatazka

Ispiluan begiratuta, ero itxuraz ikusten du bere burua, beste bat bailitzan, eta beldurra hartzen du; berdin jendearen begiradekin. Bart sesioa izan du Mirenekin, eta ohean nabaritu du negarrez zegoela. Bihotza bigundu, eta maitekorrago jokatzea pentsatzen du, baina beti bezala, gero badaki damutu egingo dela jokabide horretaz. Mirenek beste emakume batekin ibiltzen dela uste du, eta gauzak miatzen dizkio. Horrela jarraitu ezin duelakoan dago.

XI. Atala: Jonen Maitemina

Jon laguna, Mirenekikoa dela eta beti hipnotizatuta zegoela aurpegiratzen ziona, maitemindu egin dela jakin du. Jonek buruarekin jokatzen omen zuen, baina aitortzen du bihotzak gehiago ahal izan duela oraingo honetan. Hortik Leturiak berak egindako akatsa mundu osoan zabalduta dagoela eta belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dela baieztatzen du. Zentzugabea da bere iritziz bikotea aukeratzeko irizpidea: gehienetan bizi garen inguruan aukeratzen dugu bikotekidea, eta beste batek aukeratuak garenean ere, haren zorion-egarria asetzeko gauza omen gara.

XII. Atala: Lilura eta Zoriona

Edanda, berriz, zorion-mina maitasunaren liluraz asetzea bilatzen dugula gogoetatzen du, jakin gabe lilura iragankorra dela, eta zoriona iraunkorra; beraz, liluraz zoriona ez dugula aurkituko ondorioztatzen du. Horregatik, helbururik ez dela finkatu behar uste du, ezer ez baita betirako; nahiak betekizun utzi behar direla, Budaren irakaspenei erreferentzia eginez.

XIII. Atala: Mirenen Maitakeriak

Etxean ezin ditu jasan Mirenen maitakeriak, beti "maite zaitut" eta horrelakoak esaten; hori dela eta, betiko istiluak sortzen dira.

XIV. Atala: Amesgaizto Larria

Betiko nekeak bizi arren, aspaldian ez du idatzi Leturiak. Bart, ordea, gertaera larria izan da. Ametsetan Miren itotzen zuen lepotik helduz. Miren garrasika hasi da, eta bera ere bai, esnatu ezinik. Izututa zegoen Miren esnatu denean, eta galdezka hasi zaio, baina berak amesgaiztoa besterik ez zela esan dio.

XV. Atala: Parisera Ihesa

Etxetik alde egitea erabakitzen du, Mirenekikoa lilura besterik ez dela izan sinetsita. Parisera joango da, bizitza berri bat hasteko, Miren uzteak mina ematen badio ere, jakin baitaki okerragoa dela geratzea eta zuzendu nahi du beranduegi baino lehen. Mireni esango dio egun batzuetarako bakarrik doala, lan kontuak direla eta, berarekin joatea eragozteko.

Negua

I. Atala: Parisera Bidean

Trenean dagoela, Pariserako bidean, idazten du Leturiak. Biziberrituta eta ilusioz beteta dago, haur jaioberria bezala, bizitza berri bat herrialde eta hizkuntza berri batean. Mirenen agurra gogorra izan da, maite duela eta behar duela esanez; susmatu ere egiten zuen senarra galdu behar zuela. Leturiak, ordea, garbi dauka bere bidea bilatu behar duela.

II. Atala: Parisko Lilura

Parisko giro bizia liluratu egiten du. Hiri amaigabea eta ahaztezina da beretzat, mila bazter dituena —eta horietako askoren aipamena ere egiten du—. Hasieran Zerubidera joaten zeneko sentipena dakarkio, gazte eta bizirik sentitzen baita.

III. Atala: Jainkoa eta Zorionbidea

Zorionbidea Jainkoa dela daki orain, betetasuna eta egiaren jatorria. Garbi ikusten du orain emakumeen maitasunean ez duela zoriona aurkituko, ezta beste ezein lilurarekin ere. Horregatik, lilura guztiekiko lotura eten eta helmugak urruti jarri behar direla deritzo, amaigabean, inoiz hel ez gaitezen, beti zoriontsu izateko.

IV. Atala: Erlijioaren Balioa

Aurreko ideiak berretsiz, beti aurrera jo behar dela deritzo, ohitura baita lilura hiltzen duena. Horregatik, erlijioa onetsi egiten du, bizitza osoa bide moduan planteatzen baitu, heriotzaren ondoren jarriz helmuga. Erlijioaren balioa frogatzeko, historian zehar izan duen presentzia etengabea adierazten du; erlijioaren balio eza froga ezinezkoa dela adierazten du, bestalde, bere faltsutasuna, mundutik at izatean, ezin baita frogatu. Gizakiaren akatsek eta larriminak ere frogatzen dute bizitza bide bat dela, bestela bizitzarekin nahiko izango genuke.

V. Atala: Bidea eta Helmuga

Aurreko ideiak argituz, bizitza bidea bada ere, helmuga ere jakin behar dela idazten du Leturiak, nondik jo jakiteko, ibiltzea bera ez baita helburua. Nondik jo ez dugunez jakiten, itsu ibiltzen gara.

VI. Atala: Jainkoa edo Absolutua

Jainkoari buruzko beste gogoeta zenbaiten artean, Jainkoa edo Absolutua gidari izan behar dugula dio, baina nola aurkitu?

VII. Atala: Munduaren Igarokortasuna

Bizitzan eta munduan etengabe ibili eta higitzeak bakerik ez dakarrelakoan dago, aldi berean. Munduak igarokorra soilik eskaintzen badu, garbi ikusten du bizitzak ezin duela gure hutsunea bete.

VIII. Atala: Erlijio eta Aukeramen Askatasuna

Erlijio anitz dago munduan, eta bakoitzak bereari eusten dio, bestearena arbuiatuz, guztiak postulatu eta dogmetan oinarrituta badaude ere. Zuzena eta egiazkoa zein den ezin esan, beraz. Bestalde, gizabanakoak ez du erlijioa aukeratzen, jaioterriz, familiaz eta kulturaz bertako erlijioa aukeratzen baita gehienetan, jostailu bagina bezala, norberak arrazoiz eta egiaz aukeratu duela uste arren. Berdin gertatzen da politikan eta maitasunean, nork bere herria defendatzen du, eta maitalea ere herrikideen artean aukeratu ohi da. Beraz, ez gara aukeratzeko aske, eta aukeramena Jainkoari soilik dagokio. Jakintza arloetan ere, zein postulatutik abiatu, egia desberdinetara helduko da. Ezin da, orduan, ezer ziurtatu, eta fedez jokatu behar da. Itsu jokatzen dugu, eta ondorenean soilik jakingo dugu noraino heldu garen.

IX. Atala: Heriotza eta Kanposantua

Horri buruzko liburu bat irakurrita, heriotza bizitzaren muga eta absolutua dela adierazten du, bizitzari zentzua ematen diona, ezingo baita bizitza bi aldiz bizi. Kanposantuko giro isila eta baketsua aipatzen du, kontrakarrean egonezina eta urduritasuna ere eragiten dituena, heriotzaren ondoren datorrenaren beldurrez edo. Leturiak, ordea, nahiago du kanposantua hiriko kale zaratatsuak baino. Parke txiki lasai batean dago: geldia eta baketsua izan arren, eta bizitzan ibili behar dela baieztatu arren, gustura dago han, hustasuna aurkitzen baitu bertan, egia aurkitu ezinik.

X. Atala: Egiaren Bilaketa eta Adimena

Egia aurkitzeko, intuizioz edo aurreiritzietatik abiatu behar da, eta adimenaz baliatuko da. Hala ere, egiara guztiz heltzea ez da posible. Egia, gainera, zorionerako bilatzen da, eta zoriona emozioa da, eta ez dagokio adimenari. Adimenaz, beraz, ez gara helduko zorionera, ez da eskuratuko benetako egia, mugatua baita.

XI. Atala: Arrotz Ilunpean

Bidea atzeman ezinik, bere burua arrotz ikusten du, ilunpean. Sacré-Cœur basilikarekin egiten du amets, han bildutako gazteen artean egon da Paris zabalari begira.

XII. Atala: Egiaren Zuzia eta Nitasuna

Egiaren bilaketa baso ilun batean gertatzen da, eta horretan zuzi moduan adimena soilik daukagu, eskasa mundu osoko egia argitzeko. Orain arte, aurreko guztiek porrot egin dute bilaketa horretan. Beste alde batetik, nitasunari buruzko gogoetak egiten ditu: norbera erabat ausaz eta ustekabean jaio dela dio, eta hutsa da mundu osoarekin alderatuta. Hortik ulertzen da aukeratu eta mundua adimenaz ulertzeko ezina. Horrela, aukeratzea gizabanakoaren sustraia ez dela adieraztera heltzen da Leturia, lehen pentsatzen zuenaren bestera.

XIII. Atala: Mirenen Gutuna

Mirenen gutuna jasotzen du: maite duela eta bere beharra duela erregutzen dio. Leturia guztiz hunkitu, eta harenganako maitasuna berpizten zaio. Damu da Mirenekin nola jokatu duen, harro eta berekoi.

XIV. Atala: Maitasuna eta Sakrifizioa

Bere pentsamenduetan murgilduta dago berriz Leturia. Adimenak inora ez daramalarik, zoriona helburua duen sentimenduak, maitasunak hain zuzen, zorionera heltzea du helburu, nor bere burua besteari eskainiz. Adimena eta sentimendua alderatuta, sentimenduak gehiago betetzen duela deritzo. Maitatu beharrekoa bilatu behar da, ordea, zeinen zerbitzari izan, maitatzea nor bere burua sakrifikatzea den arren. Leturiak bera behar dutenen maitale eta zerbitzari ikusten du orain bere burua. Adimenaz egiara ezin iritsi badaiteke ere, Jainkoa badela sinestearekin betetasuna eskuratzeko aski dela deritzo.

XV. Atala: Itzulera Altzurainera

Mirenen, eta baita aberriaren alde ere, bizi behar duela ikusten du argi orain Leturiak, nondik datorkion galdetu gabe, bera garai eta inguru bati dagokiola konturatuta. Altzurainera itzultzea erabakitzen du, Mireni barkamena eskatuta bere egunkarian.

XVI. Atala: Miren Hilzorian

Miren hilzorian aurkitzen du. Bere ingurukoek gorrotozko harrera egiten diote, baina Miren guztiz maitasunez hartzen du. Sendagilearengana doa.

XVII. Atala: Errua eta Otoitza

Medikuak Mirenek sendabiderik ez duela adierazten dio. Etsita, Leturiak erruduntzat hartzen du bere burua. Errua garbitzeko, aurrerantzean guztizko maitasunez jokatzea erabakitzen du. Sendatzeko belarrak darabiltzan apaiz batengana doa laguntza bila. Mirenen alde otoitz egiten du.

Amaierako Oharra

Liburua ohar batez amaitzen da, non biltzaileak kazetako albiste bat jasotzen duen, leize batera erorita egun batzuk lehenago galdutako gizon baten gorpua azaldu dela berri emanez, Joxeba Leturia, itxura guztien arabera. Biltzaileak Leturiak ezagun zituen tokiak bisitatzen ditu: Zerubide eta Altzurain, eta Leturiaren emozio berberak sentitzen ditu berak ere.