Lehen Mundu Gerraren Kausak: Inperialismoa eta Aliantzak
Sarrera
Lehen Mundu Gerra 1914an hasi eta 1918an amaitu zen. Europan garatu zen, baina beste zenbait lurraldetara ere iritsi zen. Potentzia inperialisten lehiaren ondorioz hasi zen.
Bi bando nagusi zeuden:
- Entente Hirukoitza: Frantzia, Erresuma Batua, Errusia eta, ondoren, Estatu Batuak.
- Aliantza Hirukoitza: Alemania, Italia eta Austria-Hungariako Inperioak osatua. (Italiak bandoz aldatu zuen gerora).
Alemania garaitua izan zen eta ondorio gogorrak jasan zituen.
1. Kausak
1.1. Potentzien Oreka Europan eta Gerra Franko-Prusiarra
Gerra aurreko 40-50 urteetan Europako botereen arteko orekan aldaketa handiak gertatu ziren, eta horrek eragin zuen azkenean gerra. XVIII. mendetik aurrera, Europako kanpo politikak bi oinarri zituen: potentzien arteko oreka eta nagusitasun garbirik ez izatea. Britainia Handia, Frantzia, Austria eta Errusia parez pare zeuden botere banaketari zegokionez.
XIX. mendearen erditik aurrera, Alemania eta Italia bezalako potentzia berriak agertu ziren, eta honek zegoen oreka hautsi zuen. Aldaketa hauek hainbat gatazka eragin zituzten, eta gatazka horiek izan ziren gerraren eragileak.
Frantzia eta Prusiaren arteko gerran (1870-1871) Prusiak irabazi zuenez, Alemaniako Inperioa sortu zen eta kontinenteko bigarren botererik handiena bihurtu zen, Britainia Handiaren atzetik. Hori ez zen britainiarren eta frantsesen gustukoa izan.
Bismarck eta Aliantza Sistema
Beste herrialdeak kolonien bila zebiltzan bitartean, Alemania Europako kontinentean oreka bilatzen saiatu zen. Bismarck zegoen agintean, eta haren ustez koloniak ez ziren beharrezkoak nazioartean boterea lortzeko. Frantziaren etsaitasuna eta mendeku gosea ikusirik, Bismarckek hainbat herrialderekin akordio eta aliantzak egin zituen. Haien helburua Frantzia isolatzea eta Alemaniaren aurkako aliantza posibleak zapuztea zen. Sistema pragmatikoa burutu zuen, Realpolitik izenarekin.
Horrez gain, Erresuma Batuarekin zuen adiskidetasunaren ondorioz, ez zituen koloniei buruzko tentsio edo gatazkak izan nahi herrialde honekin.
Weltpolitik-erako Trantsizioa
Baina Gilen I.a enperadorea hil zenean, Gilen II.a jarri zen agintean. Hau Bismarcken neurrien erabat kontra zegoen, herrialdeko pentsamendu edo ideologien artean gatazka bat sortuz. Hasteko, Otto von Bismarck bere kargutik kendu zuen, eta Realpolitik-aren ordez Weltpolitik (Mundu politika) hasi zen erabiltzen.
Frantzia isolatzeari garrantzia kendu zion, eta horren ordez, Britainia Handiak mundu mailan zuen nagusitasunaz kezka handiagoa erakusten hasi zen. Kolonien banaketan Alemaniaren parte hartzea eskatu zuen, baina harreman diplomatikoak baztertu eta jarrera erasokorra erakutsiz.
1.2. Inperialismoa, Koloniak eta Merkatal Eremuak
XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Imperialismoak indarra hartu zuen, eta modu honetara, lurralde berdinak nahi zituzten herrialdeen arteko gatazkak hasi ziren. Adibide nagusiak hauek dira:
Marokoko Krisiak (1905 eta 1911)
- Lehen Krisia (1905): 1904an, Frantziak Maroko konkistatu nahi zuen, baina Alemania eta Espainia ideia honen aurka zeuden, beraiek ere nahi zutelako. Erresuma Batuak, berriz, Frantziari lagundu zion, honen ordainetan frantsesek Egipto bakean utz zezaten. Azkenean, Espainiak Marokoko lurralde txiki bateko kontrola lortu zuen. Alemaniak, Marokoko biztanleei independentzia lortzeko promesa egin zien Frantziako Inperioaren aurrean 1905ean, eta ia gerra piztu zen bi herrialdeen artean (Frantzia eta Alemania).
- Algecirasko Biltzarra (1906): Giroa baretu asmoz, 1906an Algecirasko Biltzarra ospatu zen potentzia desberdinen artean. Bertan Marokoren independentzia onartu bazen ere, errealitatean Frantziaren gidaritzapean geratu zen afrikar erdialdea.
- Bigarren Krisia (1911): 1911n berriro sortu ziren arazoak. Alemaniak Frantziak Algecirasko Ituna ez zuela bete salatu zuen eta presio moduan, Panther korazatua Agadirreko portura bidali zuen. Hainbat lurralde eskakizun egiteko aprobetxatu zuen Alemaniak. Negoziazio luzeen ondoren, Alemaniak Kongo frantsesaren zati bat lortu zuen, Espainiak eta Frantziak Marokon zituzten protektoratuak onartzearen truke.
Balkanetako Gatazkak
Balkanak Otomandar Inperiotik independizatu zirenean, potentzia handien arteko lehia hasi zen lurralde hau eskuratu nahian. Bestalde, inperio honen deskonposaketan sortu ziren herrialde txikien artean ere (Serbia, Grezia, Errumania, Bulgaria) izan ziren gatazkak.
Balkanetako Gerrak Europako hego-ekialdean gertatutako bi gerra izan ziren:
- Balkanetako Lehen Gerra: Serbiak, Bulgariak eta Greziak osatutako aliantzak, Errusiaren laguntzaz, turkiarrak Balkanetako penintsulatik bota zituen.
- Balkanetako Bigarren Gerra: Penintsularen antolaketa politikoa berriro ere aldatu zen. Bulgariak, lurralde gehiagoren bila, bere aurreko aliatuen kontra egin zuen eta gerra galtzean, hainbat lurralde ere galdu zituen. Bulgariako lurralde gehiena inguruko herrialdeen artean banatu zuten.