Langile Mugimendua Berrezarkuntzan: Anarkismoa eta Sozialismoa
Langile Mugimendua Berrezarkuntzan
Industriaren garapenarekin batera hasi zen langile mugimendua, nahiz eta Katalunian lehenago hasi. Orokorrean, Berrezarkuntza garaian hasi ziren langileak indarra hartzen.
Korronte Ideologiko Nagusiak
Bi korronte ideologiko nagusiak ziren garai horretan: Anarkismoa eta Sozialismoa. Garai honetan, langileen aldarrikapena areagotuz joan zen, eta egunkariak, grebak, mitinak eta antzekoak agertzen hasi ziren. Honen aurrean, burgesek eta enpresariek ahalegin handiak egin zituzten langileria zapaltzeko, mehatxatuta sentitu zirelako.
Anarkismoa
1850etik aurrera hasi zen indarra hartzen. Anarkistek jabetza pribatua, Estatua eta honen erakundeen abolizioa nahi dute. Ez dute hauteskundeetan parte hartuko, ez dutelako ordezkaritza politikoan sinesten, eta antolaketa horizontala izango dute. Ekintza zuzenaz eta borroka sindikalez baliatuko dira.
Gehienbat nekazariak eta langile kualifikatu gabeak batu ziren, eta Andaluzian, Valentzian eta Bartzelonan eduki zuten indarra. Euskal Herrian ez zuten hainbesteko indarrik eduki, Errenteria-Orereta eta Erribera kenduta.
Hasieran klandestinitatean egin zuten lan, eta horregatik atxiloketa asko jasan behar izan zituzten. 1881ean sindikatuak legeztatu egin ziren, eta mugimendu sindikal indartsuena zela ikusita, FTRE eta Mano Negra erakundea sortu ziren.
1910ean CNT (Lanaren Konfederazio Nazionala) sortu zen, eta bizi baldintzak hobetzeko langileriaren batasuna aldarrikatzen zuen. Afiliatu gehien eduki zuen sindikatua izan zen (milioi bat inguru). Sabotaiak, grebak eta beste hainbat ekimen burutu zituzten, baina 1919tik aurrera hauen kontrako indarkeria hasi zen: enpresariek pistoleroak kontratatu zituzten anarkistak hiltzeko. Primo de Riverarekin ere errepresio handia jasan zuten.
Sozialismoa
Berrezarkuntza hasieran sortu zen,"Alderdi Demokrata-Sozialista Langilee" inguruan. Hau ere ilegala zen, eta Marx eta Engelsen doktrina jarraitu zuten. Hemendik sortu ziren PSOE alderdia eta UGT sindikatua.
Beraien helburua langile guztien bizi baldintzak hobetzea zen, eta horretarako proletargoak boterea hartu behar zuen. Klase sozialen eta jabetza pribatuaren abolizioa nahi zuten. Hirietako langileak eta kualifikatuak batu ziren, eta gehienbat Madrilen, Asturiasen eta Bilbon eduki zuten indarra.
Anarkismoak baino afiliatu gutxiago zituzten, eta, anarkismoak ez bezala, beraiek burgesiarekin negoziaketak egitearen alde zeuden hobekuntzak lortzeko.
XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, Facundo Perezagua izan zen euskal sozialisten buru nagusia, Bizkaiko meatze eta industrietan indar handia lortuz.
Bartzelonako Gertaerak (1909)
Bestalde, Bartzelonan langile mugimendu handi bat egon zen XX. mende hasieran. Espainia gerra luze batean sartu zen Maroko konkistatzeko, eta gizartea ez zegoen honen alde. Arrazoiak hauek ziren:
- Pobreak ziren gerrara eramaten zituztenak.
- Garaipenik eza.
- Hildako eta gaixo asko.
1909an, Espainiako armadako talde batek jipoi handia jasan zuen. Honen aurrean, gobernuak erreserbistak mobilizatzea erabaki zuen (mutil gazteak eta ezkondutako gizonak). Erabaki honen aurrean, Bartzelonako emakume herritarrek matxinada bat egin zuten, eta gutxira langileen sindikatuek greba orokorraren deialdia egin zuten.
Gobernuak gogorki zapaldu zituen protestak, eta eskola bateko zuzendaria erreboltaren eragiletzat hartu eta fusilatu egin zuten. Fusilamenduaren kontra protesta asko egin ziren Espainian zein Europan.