Espainiako Berrezarkuntza eta Primo de Riveraren diktadura (1874-1931)
Resumen
Dokumentuak Espainiako Berrezarkuntza politikoaren garapena azaltzen du 1874tik 1923ra, txandakatze-sistemaren, 1876ko Konstituzioaren, jauntxokeriaren eta 98ko Krisiaren eraginez. Gero, Miguel Primo de Riveraren diktadura (1923-1930) eta Monarkiaren amaiera (1930-1931), II. Errepublikaren aldarrikapenarekin amaituz, aztertzen ditu. Ikasleak sistema politikoaren gainbehera eta bere arrazoiak ulertuko ditu.
Puntos clave
- 1874an Borboien monarkia berrezarri zen Alfontso XII.aren buruzagitzapean, Cánovas del Castilloren eskutik.
- 1876ko Konstituzioak erlijio katolikoa ofizial bihurtu zuen eta Kongresuaren hautapena 1890etik gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez egin zen.
- Txandakatze-sistemak Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberala ordezkatu zituen; jauntxokeriak hauteskundeen emaitzak kontrolatzen zituen.
- 1898an Parisko Bake Itunak Espainiaren kolonia gehienak galtzea ekarri zuen, 98ko Krisia sortuz.
- Marokoko gerrak, 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoak eta 1921eko Annualeko Hondamendiak Berrezarkuntzaren krisia areagotu zuten.
- 1923ko irailean Primo de Riverak estatu-kolpea eman zuen, eta diktadura 1930era arte iraun zuen; 1931ko apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zen.
Berrezarkuntza (1874-1923)
Seiurteko Demokratikoak porrot egin ondoren, 1874aren amaieran Borboien monarkia berrezarri zen Espainian, Alfontso XII.a buru zela.
Antonio Cánovas del Castillok, Alderdi Kontserbadoreko buruak, ezarri zuen garaiko sistema politikoa: erregimen liberal moderatu eta berritua.
Helburuak
Egonkortasun politiko-soziala eta garapen ekonomikoa bermatzea.
Alfontso XII.aren erregealdia (1875-1885)
Cánovas del Castilloren gobernu kontserbadorearen helburuak honako hauek ziren:
- Gerra amaitzea: Gerra Karlista 1876an amaitu zen eta foruak indargabetu zituzten.
- Kubako gatazka bideratzea: Kubako gerra independentista 1878an konpondu zen, baina gatazka laster piztu zen berriro.
- Ordena sozial eta politikoa berrezartzea: Bi alderdi nagusien txandakatzean oinarritutako sistema bat ezarri zen.
Alderdi-txandakatzea
Alderdi Kontserbadorea: 1875ean sortua, Cánovas buru zela. Liberal moderatuek eta unionistek osatzen zuten.
Alderdi Liberala: 1880an sortua, Sagasta buru zela. Liberal progresistek osatzen zuten.
Sistema hau 1881ean hasi zen, Sagastak agintea hartu zuenean. Proiektu erreformistak proposatu ziren, baina 1884an kontserbadoreek agintea hartu eta proiektu horiek ez ziren bete.
1876ko Konstituzioa
Konstituzio berri bat sortu zen, 1876ko Konstituzioa. 1845ekoaren oso antzekoa zen, baina hobeto egokitzen zitzaien kontserbadoreei, erlijio katolikoa ofizial bihurtu baitzuten.
- Subiranotasuna erregeak eta Gorteek partekatzen zuten.
- Erregeak ministroak izendatu, Gorteak deitu eta desegin, eta legeei betoa jartzeko ahalmena zuen.
- Gorteek bi ganbera zituzten: Senatua eta Kongresua.
- Senatua: Noble, militar eta apaizek osatzen zuten. Batzuk erregeak izendatzen zituen, eta besteak sufragio murriztuaren bidez hautatzen ziren.
- Kongresua: Diputatuak herriak aukeratzen zituen, hasieran sufragio zentsitarioaren bidez. Hala ere, 1890etik aurrera, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zen.
Jauntxokeria
Burgesiaren alderdien arteko txandakatzea bermatzeko sortu zen hauteskunde-iruzurrean oinarritutako sistema izan zen. Nekazaritza-eremuetan, jauntxoek bozketak kontrolatzen zituzten, emaitzak nahierara aldatuz.
Maria Kristinaren erregeordetza (1885-1902)
Alfontso XII.a hil zenean, haren emazte Maria Kristina erreginaorde bihurtu zen, Alfontso XIII.az haurdun zegoela. Erregeordetza garaian, Sagastak eta Cánovasek txandakatze politikoari jarraipena ematea hitzartu zuten El Pardoko Itunean.
1885-1890 bitartean, Sagasta egon zen gobernuan. Egonkortasun politikoa eta ekonomiaren susperraldia lortu zituzten, baita askatasunak zabaldu ere:
- Elkartze Legea: Langile-erakundeak legeztatu zituen.
- 1890eko Hauteskunde Legea: Gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zuen.
98ko Krisia
90eko hamarkadan, zailtasun politiko, ekonomiko eta sozial larriak izan ziren, 98ko Krisia deiturikoan gailendu zirenak.
1895ean, Estatu Batuen laguntzarekin, gatazka armatua hasi zen Kuban eta Filipinetan. 1898an, Parisko Bake Itunean, Espainiak errendizioa sinatu zuen. Ondorioz, Puerto Rico eta Filipinak Ameriketako Estatu Batuen esku geratu ziren; Kuba, aldiz, AEBren protektoratu bihurtu zen.
Horren ondorioz, kolonietako merkataritzaren monopolioa galdu zen, eta horrek kalte ekonomiko eta politiko handiak eragin zituen. Pesimismoa eta espiritu kritikoa nagusitu ziren Espainiako gizartean.
Krisiaren ondorio ideologikoak
- Erregenerazionismoa: Berrezarkuntzaren sistema berritzea proposatu zuen mugimendu ideologikoa izan zen. Jauntxokeriari, analfabetismoari, gutxiengoaren gobernuari eta latifundismoari aurre egitea zuen helburu. Joaquín Costa izan zen aitzindaria.
- 98ko Belaunaldia: Idazle eta artistek osatutako talde honek (Unamuno, Azorín, Baroja, besteak beste) eraberritze politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren beharra azpimarratu zuen.
Alfontso XIII.aren erregealdia (1902-1923)
1902an adin-nagusitasuna lortu zuen. Garai honetan, Berrezarkuntzaren gainbehera gertatu zen.
Berrezarkuntzaren krisiaren arrazoiak
- Txandakatze-sistemaren krisia.
- Langile-mugimenduaren eta nazionalismoen indartzea.
- Marokoko Gerrak (1909-1926).
Krisiaren mugarriak
- Bartzelonako Aste Tragikoa (1909): Marokoko Gerraren aurkako matxinadak sortu ziren Katalunian. Mauraren gobernu kontserbadoreak gogor zapaldu zuen matxinada, eta horrek Espainiako iritzi publikoa aurka jartzea eragin zuen. Ondorioz, Maurak dimisioa eman behar izan zuen.
- 1917ko Krisia: Hiru protesta bateraturen ondorio izan zen: militarrena, parlamentarioena eta langileen greba orokorra. Konstituzioaren erreforma eta bizitza publikoaren eraberritzea eskatzen zuten.
- Annualeko Hondamendia (1921): 8.000 soldadu espainiar inguru hil ziren gudu horretan. Iritzi publikoak Maroko uztea eskatu zuen, eta Gorteetan armadari eta erregeari berari erantzukizunak eskatu zitzaizkien.
Sistema erreformatzeko saioek porrot egin zuten, eta 1917az geroztik, ezegonkortasun sozial, politiko eta ekonomikoa areagotu zen (greba iraultzaileak, anarkisten atentatuak enpresaburuen aurka...). Lehen Mundu Gerraren ostean, krisi ekonomiko orokorra sortu zen. Gainera, Sobietar Iraultzak itxaropen handiak piztu zituen mugimendu iraultzaileen artean. Krisiari aurre egiteko hainbat kontzentrazio-governu sortu ziren, baina guztiek porrot egin zuten. Ondorioz, armadak esku hartu zuen zuzenean, 1923an Miguel Primo de Riveraren estatu-kolpea babestuz.
Primo de Riveraren diktadura (1923-1930)
Estatu-kolpea eta diktaduraren bilakaera
1923ko irailean, Primo de Rivera kapitain jeneralak estatu-kolpea eman zuen Bartzelonan. Alfontso XIII.ak onartu eta gobernua osatzeko agindua eman zion. Horrek ondorio hauek ekarri zituen:
- Cánovasen erregimena desegin zen.
- Monarkiak konstituzionala izateari utzi zion.
Iritzi publikoaren zati handi bat estatu-kolpearen alde agertu zen, anarkistak eta komunistak izan ezik. Primo de Riverak Direktorio Militar bat ezarri zuen (militarrez osatutako aldi baterako gobernua), eta botere eta erantzukizun guztiak bereganatu zituen.
Garaiko arazo nagusiak eta neurriak
- Marokoko Gerra: 1926an amaitu zen, Frantziaren laguntzarekin lortutako garaipen militarrari esker.
- Ordena publikoa: Konstituzioa indargabetu eta gerra-egoera ezarri zen. Gorteak desegin, alderdi politikoak debekatu (Unión Patriótica izan ezik) eta manifestazioak nahiz grebak galarazi ziren, bereziki Kataluniako terrorismo anarkistari aurre egiteko.
- Kataluniako mugimendu nazionalista: Erregimenak estatuaren aurkako mehatxutzat jo zuen, eta zapalkuntza gogorra ezarri zuen, besteak beste, katalanaren erabilera publikoa debekatuz.
Hasierako arazoak konpontzeak diktadoreari hasierako asmoak (egoera konstituzionalera itzultzea) alboratzeko aukera eman zion. 1925etik aurrera, erregimena iraunarazteko asmoz, direktorio militarraren ordez direktorio zibil bat ezarri, eta konstituzio berri bat idazten saiatu ziren. 1929ko krisialdi ekonomikoak diktaduraren aurkako oposizioa indartu eta haren gainbehera bizkortu zuen.
Oposizioa eta diktaduraren amaiera
Intelektual ugari erregimenaren aurka jarri ziren, horien artean, Miguel de Unamuno. Alderdi politikoek ere diktaduraren amaiera nahi zuten.
Oposizioko taldeak
- Alderdi kontserbadoreek eta liberalek monarkia konstituzionalera itzuli nahi zuten.
- Errepublikaren aldekoak: alderdi errepublikazaleak, muturreko katalanistak, sozialistak, komunistak eta anarkistak.
1929aren amaieran, diktadorearen eta erregearen nahiz armadaren arteko harremanak okertu egin ziren, eta 1930eko urtarrilean Primo de Riverak dimisioa aurkeztu zuen.
Berenguer jenerala izendatu zuten gobernuburu, eta haren agintaldiari "Dictablanda" deitu zitzaion. Erregimen konstituzionalera itzultzeko prozesua moteldu egin zen, eta gobernuak sinesgarritasuna galdu zuenez, Berenguerrek ere dimititu egin zuen. Orduan, erregeak Aznar almirantea izendatu zuen gobernuburu.
Monarkiaren amaiera (1930-1931)
1930eko abuztuan, oposizioko sektore errepublikazaleek monarkia eraisteko altxamendu bat adostu zuten: Donostiako Ituna. Urte berean, errepublikaren aldeko altxamendu militar bat izan zen Jacan, baina porrot egin zuen.
1931ko apirilaren 12an udal-hauteskundeak egin ziren. Errepublikazaleek ia hiriburu guztietan irabazi zutenez, apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zen, eta erregeak erbestera jo zuen.
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Zer izan zen 98ko Krisia?
1898an Parisko Bake Itunaren bidez Espainiak Puerto Rico, Filipinak eta Kuba galdu zituen, eta horrek kalte ekonomiko eta politiko handiak eragin zituen. Ondorioz, pesimismoa eta espiritu kritikoa nagusitu ziren gizartean.
Zein izan ziren Primo de Riveraren diktaduraren ezaugarri nagusiak?
Konstituzioa indargabetu, Gorteak desegin eta alderdi politikoak debekatu ziren, Unión Patriótica izan ezik. Marokoko Gerra 1926an amaitu zen Frantziaren laguntzarekin.
Zer da Erregenerazionismoa?
Berrezarkuntzaren sistema berritzea proposatu zuen mugimendu ideologikoa izan zen, jauntxokeriari, analfabetismoari eta latifundismoari aurre egiteko. Joaquín Costa izan zen aitzindaria.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.