Industria Iraultza: Nekazaritza, Teknologia eta Gizarte Aldaketak
Resumen
Dokumentu honek Industria Iraultza aztertzen du. Britainia Handiko nekazaritza-iraultza, ikatz-meatzaritza, industria siderurgikoa eta ehungintza azaltzen ditu, baita garraioen eta komunikazioen aldaketak ere. Gero, bigarren Industria Iraultza eta kapitalismo handia jorratzen ditu. Azkenik, langileen erantzunak, sozialismo utopikoa eta marxismoa aztertzen ditu. Ikasleak ulertuko du nola aldatu ziren ekonomia eta gizartea.
Puntos clave
- Britainia Handiko nekazaritza-iraultzak ekoizpena handitu zuen, eta nekazari asko hirira joan behar izan zuten.
- Industria Iraultza ikatz- eta burdina-meatzeei, merkataritzari, kapitalari eta liberalismo ekonomikoari esker sortu zen.
- Ikatza energia-iturri nagusia zen lehen fasean. Burdina trenbideak eta makinak egiteko ezinbesteko gaia bihurtu zen.
- Ehungintzan makinek ekoizpena handitu zuten, eta lehen lantegiak sortu ziren.
- 1830ean eraiki zen Manchester eta Liverpool lotzen zituen lehen trenbide-linea.
- Bigarren fasean petrolioa eta elektrizitatea erabiltzen hasi ziren, eta industria siderurgikoak gora egin zuen.
- Marxismoak, sozialismo zientifikoak, klase-borroka eta iraultza soziala proposatzen ditu.
Industria Iraultza: Hazkunde Ekonomikoa eta Oinarriak
Industria Iraultza ekonomiaren etengabeko hazkunde azkarrean oinarritu zen (nekazaritza-iraultza eta demografia-iraultza).
Britainia Handiko Nekazaritza-Iraultza
XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, Europan, nekazaritza eta abeltzaintza modernizatu ziren eta ekoizpenak handitu. Tresnak hobetzean eta nekazaritza-lanak mekanizatzean, eskulana eta kostuak gutxitu egin ziren. Animalien arrazahautespenari esker, abere-ekoizpena handitu egin zen. Labore berriek, hala nola artoak eta patatak, garia ordeztu zuten, ordura arte oinarrizko elikagaia izan zena. Drainatze-sistemei esker, labore-lur gehiago izatea lortu zuten. Bazka landareak ere gehitu egin ziren.
Nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako aldaketa horiez gain, zenbait lege-erreforma ere egin ziren Britainia Handian, nekazaritzaren modernizazioan erabakigarriak izango zirenak. Lege-erreformen abiapuntua Parlamentuak onartutako zenbait lege izan ziren; lur-jabe handiak herri-lurren jabe egin zitezkeen eta haiek hesiz itxi (Enclosure Acts).
Britainia Handiko lur-jabe handiek pentsamolde praktikoa eta ekintzailea zuten; ustiategiak modernizatzeko erabiltzen zuten errenta, beste herrialde batzuetako noblezia tradizionalak luxuzko gauzetan xahutzen zituen errentak.
Aldaketa horien ondorioak oso kaltegarriak izan ziren nekazarientzat, ezin baitzituzten lur-jabe handiek hesitutako herri-larreak erabili, eta, gainera, eskulana gutxitu egin zen nekazaritza-lanen mekanizazioaren ondorioz. Nekazari askok hirira joan behar izan zuten; industriak eskulan merkea eta ezjakina behar zuen. Migrazio horri nekazarien exodoa esan zitzaion.
Industria Iraultza Britania Handian: Faktoreak
Industria Iraultza Britania Handian: Desberdintasunak industrian:
- Lehenengoan giharren indarra (gizakiena zein animaliena) da energia-iturri nagusia, eta bigarrenean, berriz, makinak erabiltzen dira, eta horiek bestelako energia-iturriak behar dituzte.
Faktore erabakigarriak:
- Hainbat ikatz-hobi eta burdina-meategi zeuden. Ikatza zen energia-iturri nagusia, eta burdina trenbideak eta makinak eraikitzeko ezinbesteko gaia bihurtu zen.
- Merkataritza hedatu egin zen. Napoleonen porrotaz geroztik, Britainia Handia nagusi zen itsasoan. Ozeanoetan zeharreko itsasbideak bere esku zituen, eta mundu osora garraia zitzakeen salgaiak.
- Nahikoa kapital zuten. Industrializazioa aurrera eramateko inbertsio handiak egiteko behar zuten kapitala nekazaritza- eta merkataritza-arloetan eskuratutako irabazietatik lortu zuten.
- Teoria ekonomikoak aldatu zituzten. Liberalismo ekonomikoaren oinarriak ezarri ziren. Industria Iraultzarekin batera ekonomia-sistema berri bat ezarri zen: kapitalismoa.
Ikatz-meatzaritza eta Industria Siderurgikoa
Ikatz-meatzaritza eta industria siderurgikoa: Sektore siderurgikoa oso lotuta zegoen ikatzaren ekoizpenarekin (metala urtzeko erabiltzen ziren labe garaietan). Altzairuaren fabrikazioak, kalitate hobeko materialak lortzen lagundu zuten. Labe garaiak ikatz-arroetan egiten zituzten, edota burdina-meategietatik hurbil. Lurrun-makinaren hedapenak eta trenbideen eraikuntzak berekin ekarri zuten industria siderurgikoak burdinaren eta altzairuaren gero eta eskaera handiagoa izatea.
Ehungintza
Ehungintza: Siderurgikoarekin batera, ehungintzaren sektoreak aldaketa nabarmenak izan zituen Industria Iraultzaren hasieran. Britainia Handian, ehungintzan oinarritutako artisautza tradizionala egiten zen; artilea lantzen zuten goruetan eta esku-ehundegietan. Ehungintzako sektore moderno bat lortzeko lehen urratsa babes-neurriak ezartzea izan zen, horrela Indiako kotoizko ehunen lehiari aurre egiteko, kalitate bikainekoak baitziren. Politika horri esker, inbertitzaileek lehengaia inportatzen hasi ziren eta Britainia Handian ekoizten. Artileak garrantzia galdu eta Britania Handiko kotoi-industria sortu zen. Zenbait asmakuntza zirela medio, iruteko eta ehuntzeko lanak mekanizatzea lortu zuten (energia hidraulikoa, lurrun-makina geroago, eta ekoizpena handitu zuen oso bizkor). Lehen lantegiak sortu ziren. Langile-kopuru handiek egiten zuten lan, batez ere emakumeek, eta oihal-kantitate izugarriak ekoizten zituzten makinekin, oso prezio baxuan gainera.
Garraioen eta Komunikazioen Iraultza
Garraioen eta komunikazioen iraultza: Industria Iraultzaren eraginez, merkataritzak eta garraioak gorantz egin zuten; izan ere, industriek lehengaiak eskatzen zituzten eta produktu manufakturatuek kontsumitzaileen eskuetara iritsi behar zuten. Kanalak egiten hasi zirenean eta errepideak hobetu zituztenean iritsi ziren aldaketak. Aldaketarik handiena trenbideak ekarri zuen, hau da, garraiorako lurrun-makina erabiltzen hasi zirenean. 1830ean, George Stephensonen lokomotorrari esker, lehen linea eraiki zen, Manchester (kotoi-industriaren gunea) eta Liverpooleko portua elkartzen zituena. Lurrun-makina erabiltzen hasi ziren nabigazioan ere, batez ere ibaian, eta horrela, ordura arteko oztopo bat gainditzea lortu zuten: ur-lasterraren kontra garraiatzea. Garraioaren iraultzak beste aldaketa batzuk ere eragin zituen komunikazioan: batetik, posta-sistema garatu zen eta bestetik, Samuel Morse-k telegrafo elektrikoa asmatu zuen.
Bigarren Industria Iraultza eta Kapitalismo Handia
Bigarren industria iraultza: XIX. mendearen erdialdera, industrializazioa zenbait lekutan bakarrik gertatzen ari zen: Britainia Handian eta Belgikan, eta Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Espainiako leku bakan batzuetan. Industria garrantzitsuena ehungintza zen. Baina mende horren azken laurdenean, Industria Iraultza bigarren fasean sartu zen; aldaketa garrantzitsuak izan ziren industriamotetan, bai eta garraioetan eta kapitala erabiltzeko moduan ere.
Aldaketak industrian eta garraioan:
- Lehen fasean ehungintza izan bazen ere aipagarriena, bigarrenean industria siderurgikoak egin zuen gora.
- Halaber, lehen ikatza zen energia-iturri nagusia, eta, orain, petrolioa eta elektrizitatea hasiziren erabiltzen.
- Garraiobideei dagokienez, trenbide-sarea hedatu egin zen nabarmen. Nabigazioan, lurrun-makinak erabiltzen hasi ziren arlo guztietan, eta lokomotor elektrikoak, automobilak eta hegazkinak ere asmatu zituzten.
Asmakuntza berri horiek guztiak, ordea, zientziak eta teknikak izandako aurrerapen izugarriei esker lortu ziren.
Kapitalismo Handia
Kapitalismo handia: Industria Iraultzaren bigarren fasean sortutako aldaketek kapitalismo handia edo finantza-kapitalismoa ere esaten zaiona sustatu zuten. Hona hemen sistema horren ezaugarriak:
- Sozietate anonimoak sortu ziren. Akzioen salerosketen bidez konpainiak bateratzeko prozesua erraztu zuten: trust deritzotenak sortu ziren.
- Bankuen garapena eta diruaren bilakaera. Billeteen eta bankuen erabilera hedatu egin zen, eta, horren ondorioz, merkataritzako transakzioak erraztu ziren.
- Lana antolatzeko modu berriak. Seriean hasi ziren fabrikatzen eta, horrela, ekoizpen-kostuak murriztu egin zituzten.
- Protekzionismorako joera. Pixkanaka aldatzen joan zen lehen faseko librekanbismoa edo merkataritza askea (herrialdeen arteko ondasunen eta lehengaien trukea aduana-murrizketarik eta muga-zergarik gabe egitea), eta, horren ordez, politika ekonomiko protekzionista ezarri zen.
Industria Iraultzaren Hedapena eta Gizartearen Zatiketa
Industria Iraultzaren hedapena: XIX. mendearen bukaeran, Industria Iraultza mundu mailako fenomeno bat bihurtu zen, hiru alderdi hauei dagokienez behintzat: herrialde gehiago industrializatu ziren, merkataritza-harreman berriak sortu zituzten eta biztanle-mugimendu handiak izan ziren.
Gizartearen Zatiketa
Beste zatiketa bat gizartean: Industria Iraultza oinarri hauei jarraituz sortu zen: produkzio-bideen (makinak, fabrikak, etab.) jabea kapitala jartzen zuena zen, eta harentzat izango ziren irabazi guztiak; langileak, berriz, soldata bat jasoko zuen bere eskulanaren truke. Bi klasetan zatitu zen gizartea:
- Burgesia. Salerosketa eta lanbide liberaletan aritzen ziren burgesak. Lehen nobleziak betetzen zuen goi-mailako klasearen lekua hartu zuten.
- Proletariotza. Horrela esaten zitzaien fabriketan eta meategietan lan egiten zutenei. Langile horiek guztiak behe-mailako klasekoak ziren, etxe-zerbitzariak eta merkatari txikiak bezalaxe.
Pixkanaka, erdi-mailako klasea ere sortu zen: mailan gora egitea zuten helburu.
Artearen eta Arkitekturaren Erantzuna
Errealismoa eta arkitektura berria: Arte plastikoan, errealismoaren bidez irudikatu zen garai berriaren espiritua: mugimendu artistiko horrek errealitatea bere horretan islatzea zuen helburu. Arkitekturan, aldaketa izugarriak izan ziren, Industria Iraultzan lortutako aurrerapenei esker. Material berriak erabiltzen hasi ziren, burdina eta beira adibidez. Tren-geltokiak ere burdinazko arkitekturaren erakusgarri izan ziren. Hirien erdigunean egiten zituztenez, ikusizko-inpaktu handia zuten hiri-ingurunean.
Langileen Erantzunak eta Ideologiak
Langileen Lehen Erantzunak
Langileen lehen erantzunak: Langileen lehen protesta-mugimendua luddismoa izan zen; Britainia Handian sortu zen XIX. mendearen hasieran, eta makinak suntsitzea zuten helburu; izan ere, haien esanetan, lanik gabe uzten zituzten langileak. Luddismo hitza Ned Ludd pertsonaiatik dator. Lehen sindikatuak ere Britainia Handian sortu ziren, Trade Unions (‘ofizioen elkarteak’) zeritzotenak. Grebak izan ziren presioa egiteko bide erabilienak, baina armadak, nagusien esanetara jokatuz, debekatu egiten zituen, bai eta gogor zigortu ere.
Sozialismo Utopikoa
Sozialismo utopikoa: Langileen arabera, kapitalismoak esplotatu egiten zituen; baina ez ziren hori uste zuten bakarrak. Izan ere, zenbait intelektualek ere langileen alde egin zuten. Horien artean sozialista utopikoak deiturikoak zeuden: asmo oneko proposamenak egiten zituzten, baina bete ezinezkoak. Hiru nabarmendu ziren:
- Henri de Saint-Simon. Estatuak ekonomia-plangintza bat egitea defendatzen zuen, bai eta ekoizpenaren erreforma arrazional bat egitea ere, gizartean zeuden desberdintasunak amaiarazteko.
- Robert Owen. Langileen lan-baldintza gogorrak salatu zituen. Langile-kooperatibak sortzea proposatu zuen: hiri idealetan biziko ziren eta haietan egingo zuten lan, elkarlanean.
- Charles Fourier. Oso kritikoa zen gizarte industrial berriarekin. Elkartze askearen aldekoa zen, eta horixe egin nahi izan zuen falansterioak sortuta.
Sozialismo utopikoaren proposamenak ez ziren aurrera atera; eta azkenean, esperimentu bakan batzuk besterik ez ziren egin.
Sozialismo Zientifikoa (Marxismoa)
Sozialismo zientifikoa. Marxismoa: Sozialismo zientifikoa deitu zioten marxismoari, Karl Marx filosofo alemaniarraren mugimenduari, XIX. mendeko gainerako korronteetatik (sozialismo utopiko zeritzenak) bereizteko, haiek proposatutako irtenbideak ez baitziren zientifikoak. Marxek ekonomiaren eta gizartearen azterketa zientifikoa proposatu zuen, ekoizteko modua erabat aldatzea izango zuena helburu.
Marxismoaren arabera, historiako gizarte guztietan izan ziren klase zapalduak eta zapaltzaileak, eta horien arteko tirabiren ondorioz sortu zen klase-borroka.
Sistema kapitalistan, burgesia zen klase zapaltzailea, eta proletariotza, berriz, klase zapaldua. Marxen iritziz, ekoizpen-bideen jabetza pribatua kendu behar zitzaion burgesiari, eta pribatua izandakoa kolektibo bihurtu; modu horretan, zapaltzailerik eta zapaldurik gabeko gizartea lortuko zen. Iraultza soziala izango zen hori lortzeko bide bakarra.
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Zergatik izan zen garrantzitsua ikatza?
Ikatza zen energia-iturri nagusia lehen fasean. Burdina trenbideak eta makinak eraikitzeko ezinbesteko gaia bihurtu zen.
Zer da kapitalismo handia?
Bigarren Industria Iraultzaren aldaketek sortutako finantza-kapitalismoa da. Sozietate anonimoak, bankuak, lana antolatzeko modu berriak eta protekzionismoa ditu ezaugarri.
Zer da luddismoa?
Britainia Handian XIX. mendearen hasieran sortu zen langileen lehen protesta-mugimendua. Makinak suntsitzea zuen helburu, langileak lanik gabe uzten zituztela uste zutelako.
Zer bereizten du sozialismo zientifikoa sozialismo utopikotik?
Marxek sozialismo zientifikoa deitu zion bere proposamenari, sozialismo utopikoaren irtenbideak ez baitziren zientifikoak. Marxen arabera, iraultza soziala izango zen lortzeko bide bakarra.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.