Iberiar Penintsulako Historia: Kontzeptu Gakoak (K.a. III - XVIII)
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 15,38 KB
Erromatarren Aurreko Herriak
Burdin Aroan eta erromatarrak heldu arte (K.a. III. mendean) Iberiar penintsulan zeuden herriak dira. Hiru eremutan bana ditzakegu:
- Iberiarrak (ekialde eta hegoaldean): feniziar eta greziarren eragina zuten eta nahiko garatuta zeuden (gizarte hierarkizatua, berezko idazkera).
- Zeltak eta zeltiberiarrak (erdialdean eta mendebaldean): indoeuropar migrazioek ekarritako kulturaren ezaugarriak zituzten eta herri gotortuetan bizi ziren (kastro).
- Iparraldeko herriak (Galiziatik Pirinioetaraino): abeltzaintzan eta arrantzan oinarritutako ekonomia zuten. Hauek ziren, besteak beste: galaikoak, asturiarrak, kantabriarrak, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, baskoiak...
Baskoiak
Burdin Aroan behintzat, Pirinioetako bi maldetan bizi zen erromatarren aurreko herri ez indoeuroparra, euskaraz mintzatzen zena. Gaur egungo Nafarroa osoa eta Gipuzkoako, Aragoiko zein Errioxako zati bana okupatzen zuen. Erromatarrek eman zioten izena, eta bi eremu bereizten zituzten:
- Saltus (iparraldea): abeltzaintzan oinarritua, erromanizazio ahulekoa.
- Ager (hegoaldea): nekazaritzan oinarritua eta erromanizazio sakonagoa izan zuena.
Erromatar Probintziak Hispanian
Hispania konkistatu ondoren (K.a. III-I) Erromak ezarritako lurralde antolaketa administratiboa. K.a. II. mendean bi probintzia ezarri ziren: Citerior (Ipar-Ekialdea Cartagenaraino) eta Ulterior (Guadalquivir harana). Augustoren garaian hirutan banatu zen: Tarraconensis, Betica eta Lusitania. K.o. III. mendean Tarraconensis zatitu eta bi probintzia berri sortu ziren: Carthaginensis eta Gallaecia; beranduago, Balearica. Gobernadore bat izaten zen probintzia buru eta hainbat funtzionario izaten zituen administrazio, lege, militar eta zerga kontuez arduratzeko.
Andelos: Erromatar Aztarnategia
Nafarroan, Mendigorriatik hurbil, aurkitu den erromatarren aztarnategia. K.a. I. mendean Arga ibaiaren terraza batean sortutako hiria (civitas) da, K.o. I. eta II. mendeetan goren unea lortu zuena. Hiri erromatarren ohiko egituraz gainera (bi kale nagusi gurutze forman, galtzadak, termak...), hiriak urez hornitzeko sistema hidrauliko konplexua zuen: presa eta ubide baten bidez ura depositu batean biltzen zen eta honek uraren irteera erregulatzeko sistema zuen, akueduktu baten bidez hiria hornitzeko.
Erromanizazio Prozesua Hispanian
Erromak konkistatutako lurraldeetan Erromaren antolaketa politiko, sozial eta kulturalaren errotze prozesua. Hispanian K.a. III. mendetik K.o. V.era errotu ziren erromatarren hizkuntza (latina), erlijioa (politeista hasieran eta kristautasuna geroago), legeak, hirigintza, gizarte- eta ekonomia-egiturak, hainbat eragileren laguntzarekin:
- Armada
- Bide sarea
- Hirien garapena
- Hiritartasuna zabaltzea
Erromanizazioa sakona izan zen Mediterraneoko kostaldean eta hegoaldean, arinagoa aldiz barnealdean eta batez ere iparraldean.
Monarkia Bisigodoa (Toledo, VI. mendea)
V. mendean Iberiar Penintsulara hainbat herri barbaro kanporatzeko asmoz iritsi ondoren, bisigodoek Erromatar Inperioa desagertutakoan Toledon sorturiko erresuma independentea (VI. mendean). Musulmanen inbasiora arte iraun zuen (711). Hasieran hautazkoa zen, baina geroxeago oinordetzako monarkia bihurtu zen. Erregeak gobernatzen laguntzeko bi erakunde zituen:
- Aula Regia: nobleziaz eta elizgizonez osaturiko erakunde aholku-emailea.
- Toledoko kontzilioak: batzar politiko eta erlijiosoak.
Erregeen artean azpimarratu behar dira: Leovigildo (batasun politikoa), Rekaredo (batasun erlijiosoa) eta Rezesvinto (lege batasuna).
Mozarabiarrak: Al-Andaluseko Kristauak
Musulmanek Iberiar Penintsula konkistatu ondoren (711. urtetik aurrera) musulmanen menpeko lurraldean (Al-Andalusen) bizi ziren kristauak. Beren erlijioa, legeak eta ohiturak gorde zituzten, baina zerga bereziak ordaindu behar zituzten eta ezin zuten kargu politikorik izan. XI. mendetik aurrera, birkonkistak aurrera egin ahala, beren egoera okertu zen eta askok iparraldeko kristau erreinuetara emigratu zuten.
Kordobako Kalifatua (929-1031)
Al-Andalusen 929. urtean Abd ar Rhaman III.ak bere burua kalifa (musulmanen lider politiko zein erlijiosoa) izendatzean sorturiko kalifatu independentea, Bagdadekiko lotura hautsi ondoren. Al-Andalusen goren aldia izan zen, eta 1031. urtean taifa erresumatan zatitu arte iraun zuen. Kordoba mendebaldeko hiri nagusi (100.000 biztanle izatera iritsi zen) eta kultura hedatzeko gune garrantzitsu bihurtu zen.
Taifa Erresumak (Al-Andalus, 1031)
Al-Andalusen XI. mendean (1031n) Kordobako kalifatuaren zatiketatik sorturiko erresumak; kultura arloan maila handikoak, militar arloan aldiz ahulak. Askotan pariak ordaintzen zizkieten erresuma kristauei. Taifa garrantzitsuenak hauek izan ziren: Granada, Sevilla, Toledo, Badajoz, Zaragoza eta Valentzia. Bi batasun saiakera izan ziren, almorabideena eta almohadeena, baina berriz taifatan banatu ziren. XIII. mendetik aurrera Granadakoa izan zen iraun zuen bakarra, 1492. urtera arte.
Birkonkista (722-1492)
722. urtetik (Covadongako gudua) 1492. urtera arte (Granadako erresumaren konkista), Iberiar Penintsulako erresuma kristauek Al-Andalusen mendeko lurrak konkistatzeko prozesuari deritzo. XI. mendera arte musulmanek nagusitasuna izan zuten, baina hortik aurrera erresuma kristauak indartsu hedatzen hasi ziren, birkonkistarekin batera jendeztatze prozesua aurrera eramanez. Bi data erabakigarri aipa daitezke: Toledoren konkista (1085) eta Navas de Tolosako bataila (1212).
Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma
830. urtearen inguruan, karolinjioen menderakuntzari aurre egiteko, Aritza dinastiak Mendebaldeko Pirinioetan sortutako gune politikoa. Tuterako Banu Qasi edo kristau erresumekin egindako aliantzei esker bere independentzia mantendu zuen. Antso Gartzes I.ak dinastia berri bati hasiera eman zion. Bere goren maila XI. mendearen hasieran lortu zuen, Antso III. Nagusiak bere eragina kristau erreinu guztietara zabaldu baitzuen. XII. mendearen bukaeran Antso VI.a Jakintsuak Nafarroako Erresuma izendatu zuen, eta 1512an Gaztelak konkistatu arte erresuma independente gisa iraun zuen.
Navas de Tolosako Gudua (1212)
Kristau erresuma nagusiek (Gaztela, Aragoi eta Antso VII.a Azkarra Nafarroakoa) almohadeen kontra egindako gurutzadan garaitu zuteneko bataila (1212). Musulmanek Iberiar Penintsulan zuten agintearen amaieraren hasiera ekarri zuen eta kristau erresumek hegoalderantz indar handiz jo zuten. Lurralde eskuraketak:
- Aragoik: Valentzia eta Murtzia.
- Gaztelak: Andaluzia.
- Portugalek: Algarve.
XIII. mendearen bukaeran, beraz, Granadako Nazari erresuma besterik ez da geldituko musulmanen eskuetan.
Erdi Aroko Gorteak eta Estamentuak
Behe Erdi Aroan gizarteko hiru estamentuetako ordezkariek osatutako gobernu-erakundea:
- Noblezia
- Kleroa
- Hirietako ordezkariak
Gaztelakoak, penintsulako zaharrenak, XII. mendean sortu ziren. Erregeari eskaerak egiteko eta ez-ohiko zergak baimentzeko ahalmena zuten (aholkularitza funtzioa besterik ez).
Aragoiko Koroan erresuma bakoitzak (Kataluniak, Aragoik eta Valentziak) gorte independenteak zituen eta, zergak onartzeaz gain, nolabaiteko botere legegilea zuten. Kataluniako Gorteek XIV. mendean Generalitat sortu zuten.
Nafarroan ere nolabaiteko ahalmen legegilea zuten eta foruen zaintzaz arduratzen ziren.
Batasun Dinastikoa: Errege Katolikoak
Gaztelako Isabel eta Aragoiko Fernandoren ezkontzaren ondorioz (1469), nork bere tronua eskuratu ondoren 1479an sortu zen batasun dinastikoa, hispaniar monarkiari hasiera eman ziona. Estatu anitza zen, ez bateratua. Beraz, erresuma bakoitzak bere legeak eta erakundeak mantendu zituen. Batasun honen bidez monarkia autoritarioa hasi zen Hispaniako lurraldeetan.
Juduen Kanporatzea (1492)
Erlijio-batasunaren eta katolizismoaren alde Errege Katolikoek hartutako neurrietako bat, Erdi Aroan juduen kontra hasitako jazarpena bururaino eramanez. Estatus ekonomikoa izan arren (bankari asko juduak ziren), bizitza publikotik zokoratuta eta auzo berezietan (aljametan) bizitzera behartuta zeuden. 1492an, Errege Katolikoek Torquemada inkisidoreak prestatutako dekretua sinatzean, kristau bihurtzera uko egin zioten judu guztiak (100.000 sefardi inguru) Gaztelatik eta Aragoitik kanporatu zituzten, heriotza-zigorraren mehatxupean. 50.000 judu inguruk bataioa onartu zuten.
Nafarroa Gaztelako Koroan Sartzea (1515)
1515ean Burgosko Gorteetan hartutako erabakia, 1512an, Fernando Katolikoaren aginduz eta beaumondarren laguntzarekin, Albako dukeak Nafarroa inbaditu ondoren. Inbasio hau Europako hegemonia lortzeko Gaztelaren eta Frantziaren arteko lehiaren testuinguruan kokatu behar da. Legeak eta erakundeak mantendu arren, Nafarroak erresuma independente izateari utzi zion. Nafarroako errege-erreginek, frantsesen eta agramondarren laguntzarekin, erresuma berreskuratzeko hainbat saio egin zituzten, Noaingo guduan (1521) eta Amaiurren (1522) garaituak izan arte. Nafarroa Behereak independentzia mantendu zuen.
Karlos I.aren Lurralde Oinordetza
Espainiako Austria etxeko lehenengo erregeak (1517-56) oinordetzan hartutako lurralde multzoa:
- Amaldeko amonarengandik (Gaztelako Isabel): Gaztela, Afrikako plazak eta Amerikako lurraldeak.
- Amaldeko aitonarengandik (Aragoiko Fernando): Aragoiko Koroa eta Napoliko erresuma (Sizilia eta Sardiniarekin).
- Aitaldeko aitonarengandik (Austriako Maximiliano): Austria eta Inperio Santuko enperadorea izendatua izateko aukera (1519an lortu zuen).
- Aitaldeko amonarengandik (Borgoñako Maria): Herbehereak, Luxenburgo eta Franko konderria.
Kontratazio Etxea (Casa de Contratación)
1503an Gaztelako Koroak sortutako erakunde koloniala, Amerikako koloniekiko jendearen eta salgaien trafikoa kontrolatzeko, eta errege-zergen bilketa ziurtatzeko. Koroak bertatik pasatzen ziren metal preziatuen bostena (“errege bostena”) biltzen zuen. Egoitza Sevillan zegoen, bere portuak Gaztela eta Amerikako kolonien arteko merkataritza-harremanen monopolioa baitzuen. 1717an Cadizera pasatu zen, 1790ean, koloniekiko merkataritza liberalizatzean, monopolioa eta Kontratazio Etxea desagertu arte.
Balidoak (XVII. mendeko Botere Gunea)
XVII. mendean, erregearen erabateko konfiantza izanik, botere politikoa kontrolatzen zuten pertsonak. Austria etxeko errege txikiek haien eskuetan utzi zuten gobernu-lana. Kargu eta pribilegioen truke, fideltasuna zor zieten pertsonez inguratzen ziren. Nabarmenenak hauek izan ziren:
- Lermako dukea (Filipe III.arekin)
- Olivaresko konde-dukea (Filipe IV.arekin)
- Juan Jose Austriakoa (Karlos II.arekin)
Moriskoen Kanporatzea (1609)
1609an Filipe III.ak dekretu baten bidez emandako agindua. Moriskoak kristau bihurtutako musulmanak ziren, baina praktikan beren hizkuntza, kultura eta erlijioa mantentzen zituzten. Valentzian eta Aragoin ugari ziren. Mediterraneoko pirata berberiskoekin eta turkiar otomandarrekin harremanak izatea leporatzen zieten. 300.000 morisko inguruk alde egin behar izan zuten, oso epe laburrean. Kanporatzeak galera demografiko eta ekonomiko handia eragin zuen Valentzian eta Aragoin, oso nekazari eta artisau onak baitziren.
Espainiako Ondorengotza Gerra (1700-1714)
1700ean Austria etxeko Karlos II.a ondorengorik gabe hiltzean sortutako gatazka dinastikoa. Filipe Anjoukoa borboitarraren izendapenak gatazka larria eragin zuen europar potentzien arteko botere-orekan.
Aliantzak: Portugal, Herbehereak eta Britainia Handia Austriako Karlos artxidukearen alde agertu ziren, Espainia eta Frantziaren aurka. Espainian Gaztela Filipe V.ari fidel mantendu zitzaion, baina Aragoiko Koroa Karlosen alde agertu zen, borboitarren zentralismoaren beldur.
Gerra Utrecht eta Rastadt-eko itunekin bukatu zen (1713-1714), Karlos artxidukeak Austriako tronua eskuratu ondoren. Filipe V.ak tronuari eutsi zion, Frantziako tronuari eta Espainiak Europan zituen jabetzei uko egin ondoren. Lurralde galera nagusiak:
- Austriari: Milan, Flandes, Napoli eta Sardinia.
- Britania Handiari: Gibraltar, Menorca eta Amerikarekiko merkataritza-pribilegioak.
Planta Berriko Dekretuak (Filipe V.)
1707 eta 1716 artean Filipe V.ak Ondorengotza Gerran bere aurka egin zuen Aragoiko Koroari ezarritako legeak, Gaztelako antolaketa politiko-administratiboa inposatzen ziotenak. Dekretuek Aragoiko erresumetako foruak eta erakundeak (Kontseilua, Gorteak) deuseztatu eta Gaztelakoen mende utzi zituzten. Zentralizazioa eta uniformizazioa agerian jarri ziren lurralde-administrazioan ere, erregeorderrien ordez kapitain jeneralek gobernatutako probintzia-barrutiak sortu baitziren. Salbuespenak: Nafarroak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak beren erakundeei eutsi zieten, gerran Filipe V.aren alde aritzeagatik.
Merkantilismoa (XVI-XVIII. mendeak)
XVI. mendetik XVIII. mendearen erdira arte Europan indarrean egon zen doktrina ekonomikoa. Doktrina honen arabera, herrialde baten aberastasunaren iturri nagusia metatutako metal preziatuen kantitatea da. Erreserbak handitzeko Estatuaren esku-hartzea ezinbestekoa zen, merkataritza-balantza positiboa lortzearren esportazioak bultzatuz eta inportazioak murriztuz, neurri protekzionisten bidez. Espainian XVIII. mendean borboitarrek neurri merkantilistak hartu zituzten:
- Barne-aduanak kendu.
- Amerikarekiko Merkataritza Konpainia Pribilegiatuak eratu.
- Barneko industria babesteko muga-zergak ezarri.
- Industria berriak sustatu (indianak).
XVIII. mendearen bigarren erdialdean fisiokraziak eta liberalismoak ordezkatu zuten merkantilismoa.
Despotismo Ilustratua (Karlos III.)
XVIII. mendean Europako errege batzuek, absolutismoa baztertu gabe, Ilustrazioaren ideiak bereganatu eta erreformak egin zituzten, printzipio honen arabera: “Dena herriarentzat, baina herriaren partaidetzarik gabe”. Espainian Karlos III.a (1759-1788) nabarmendu zen. Campomanes, Floridablanca edo Jovellanos bezalako ilustratuen bidez hainbat erreforma bideratu zituen: erreforma ekonomikoak, hezkuntza hobetzeko edo Elizaren aurrean erregearen autoritatea indartzeko neurriak…
Herrialdearen Adiskideen Elkarte Ekonomikoak
XVIII. mendearen amaieran ilustratuek Estatuaren laguntzarekin probintzia askotan sortutako erakunde pribatuak. Herriaren modernizazioa eta garapena lortzeko asmoz, irakaskuntza eta atzerriko liburuen itzulpena eta argitalpena sustatu zituzten, eta jarduera ekonomikoak bultzatu zituzten: nekazaritza (fisiokrazian oinarrituta), merkataritza eta industria. Lehenengoa Euskal Herriko Adiskideen Elkartea izan zen, Peñafloridako kondeak sortua 1765ean.