Errusiako Iraultza: Aurrekariak, 1905 eta 1917ko Gertaerak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,69 KB

Errusiako Iraultza: Aurrekariak eta 1905eko Gertaerak

Tsarren garaiko Errusian, Tsarra Jainkoarengandik zetorkion botere absolutuaz jantzita zegoen; inperioko politika-erregimena autokrazia zen. Konstituzioari lotu gabe eta inongo Parlamenturen aurrean konturik eman gabe. Errusiar Inperioa nekazaritza-ekonomian oinarritzen zen. XIX. mendearen bukaeratik, kapitalismoa inperioaren lurralderik mendebaldekoenetan barneratzen ari zen eta, zenbait tokitan, gainera, industrializazioa ere hasi zen. Industria oso metatuta zegoen, tamaina handikoa zen eta atzerriko kapitalak indar handia zuen. Industrializazioak industria-langileen multzo handiak sortu zituen.

XIX. mendearen bukaeratik, tsarismoaren aurkako eta haren gizarte-egitura zaharkituen aurkako oposizioa handitzen joan zen. Hori industrializazioaren ondorioa izan zen; izan ere, industriarekin batera, ideia liberalak eta langileen aldeko doktrina berriak zabaldu ziren: anarkismoa eta marxismoa. Errusian herri-mugimendu batzuek indarra hartu zuten, populista izenekoek, eta tsarismoa suntsitzea proposatzen zuten. Giro populista horietan, anarkismoak erro sendoak finkatu zituen, eta hortik anarkismoaren intelektual handietako batzuk sortu ziren, Bakunin kasu. Anarkistek hainbat erakunde eratu zituzten.

Marxismoaren eraginez, Errusiako Alderdi Sozialdemokrata sortu zen; inspiratzailea Plekhanov izan zen, eta alderdi-bururik nabarmenena, berriz, Lenin. XX. mendearen hasieran, alderdia bitan banatu zen: boltxebikeak eta mentxebikeak.

1905ean mugimendu iraultzailea piztu zen, bai tsarraren zapalketaren aurka, bai gizarte-bidegabekerien aurka, bai eta jendearen oinarrizko bizi-baldintzak hobetzearen alde ere. Manifestazio jendetsu bat, izan ere, Neguko Jauregiaren aurrean bildu zen, tsarra bizi zen lekuan; armadak hura zapaldu zuen, eta horren ondorioz, gertakari horri Igande Odoltsua esaten zaio. Sistemaren aurkako talde politiko guztiek parte hartu zuten matxinadan. Iraultza horien ondotik, Nikolas II.a tsarraren gobernuek neurri batzuk hartu zituzten ekonomia eta politika pixka bat erreformatzeko. Duma bat, hau da, talde politikoetako ordezkarien Biltzar legegilea, eratzeko deialdia egin zen, eta parlamentuak nekazaritza-erreforma bat proposatu zuen. Saiakera horiek oso motz geratu ziren, eta ez zituzten inola ere inperioko gizarte- eta politika-egitura zaharkituak eraldatu.

1917ko Errusiako Iraultzak eta Gerra Zibila

Errusiak gerran sartzeak gertakariak azkartu zituen. Gerran sartu ondoren, Errusiako industria guztia gerrarako erabili zen, eta horrek eskasia eta gosea zabaldu zituen herritarren sektore askoren artean. Horri guztiari alemaniarren aurka hainbat gudu galdu izana gehitu behar zaio; Errusiak milioika soldadu galdu zituen, eta soldadu gehienak herri-xehekoak zirenez, krisi sakona ekarri zuen. Nahiz eta krisia egon, prezioak igotzen ari ziren, eta horrek kritikak ekarri zituen.

Hondamen militarraren eta ekonomikoaren ondorioz, 1905ekoa baino iraultza handiagoa izan zen. Lehen gertakari iraultzailea 1917ko otsailean piztu zen, herritar taldeak kalera atera baitziren gerra amaitzearen alde eta bizi-baldintza hobeak eskatzeko. Mugimendu horien ondoren, Errusia osotik zabaldu ziren ideia iraultzaile berriak, eta greba orokorra egin zen; horri lotuta matxinada militarra gertatu zen. Herrialde osoan sobiet-taldeak osatuz joan ziren, eta garrantzi handia izan zuten mugimendu iraultzailea bideratzeko. Armadaren zati handi batek behin eta berriz eskatuta, eta alderdiek estu-estu hartuta, tsarrak abdikatu behar izan zuen.

Krisi hartan, Dumak garrantzia hartu zuen, eta Petrogradeko sobietarekin bat eginda, behin-behineko gobernu bat bultzatu zuen. Leninek esana zuen iraultzak bere aldi liberal-burgesa gainditu behar zuela, zuzenean langileen iraultza egiteko. Gobernuak agindutako erreformek, bitartean, ez zuten aurrera egiten. Egoerak okerrera egin zuela-eta, Lvoven ordez, erreformak azkartzearen aldeko sozialista moderatu bat jarri zuten gobernuburu: Alexander Kerenski.

Abuztuan, militar tsaristek emandako estatu-kolpearen ondorioz, Kerenskiren gobernuaren arazoak korapilatu ziren. Boltxebikeek beren indarra erakutsi zuten. Urriko Iraultzan, boltxebikeek Guardia Gorria sortu zuten eta Neguko Jauregia eraso zuten. Era berean, lehenengo neurri iraultzaileak hartu ziren. Lehenengo neurrietako bat gerratik ateratzea izan zen, Brest-Litovskeko Ituna Alemaniarekin sinatuta. Horren ondoren, gerra zibila piztu zen, errusiar gorriak zurien aurka borrokatuz, eta gorriak irabazle atera zirenean, Gerrako Komunismoa ezarri zen estatuan.