Municheko kontubernioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,7 KB

7. Gaia. Testu-iruzkina. MUNICHEKO KONGRESUAREN ERABAKI POLITIKOA. 1962


Aurrean dugun testua 1962ko ekainean Munichen ospatutako Europako Mugimenduaren IV. Kongresuan frankismoaren aurkako oposizioko 118 kidek sinatutako azken adierazpena da. Beraz, lehen mailako testu publikoa da, izaera politikokoa. Egileen artean Salvador de Madariaga eta Gil Robles nabarmendu ziren. Testua Alvarez de Mirandak (Municheko kongresuko kide) 1985ean argitaratutako Del “Contubernio de Munich” al consenso liburutik hartua da.


Testua Francoren diktaduraren garaian kokatzen da, garapenaren aldiaren hasieran hain zuzen ere. 1957an egoera ekonomiko larriak Franco gobernua aldatzera behartu zuen. Opus Deiko teknokratek autarkiarekin amaitu zuten. Ekonomia-garapenarekin batera berrikuntza politikoa sustatu zuten, administrazioa, legedia eta erakundeak modernizatzeko. Gizarte-ongizatea hobetu nahi zuten, baina erregimenaren izaera totalitarioa aldatu gabe. Aldaketa ekonomiko eta sozialekin batera oposizioko gizarte-mugimenduak sortu ziren. Gune nagusia langile mugimendua zen. Asturiasen, Euskal Herrian, Katalunian eta Madrilen greba ugari egin zituzten, debekatuta egon arren. Sortu berriko Langile Komisioak (CCOO)
sindikatu bertikalean infiltratzen ziren. Unibertsitateko ikasleek ere askatasun demokratikoak eskatzen zituzten.
Hiri handietako auzo herrikoietan auzo-mugimendua garatu zen, bizi-baldintza hobeak aldarrikatzeko, eta Elizaren sektore batzuk ere diktaduraren aurka aritu ziren (JOC, HOAC, apaiz gazteak). Alderdi politiko klandestinoen artean PCEk zuen indarrik handiena.


1962ko otsailean Espainiak Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko eskaera egin zuen. 50. Hamarkadan lortua zuen hasierako nazioarteko bakartzetik ateratzea (1953an Vatikanoarekin konkordatua eta AEBrekin Madrilgo ituna sinatu zituen, eta 1955ean NBEn onartua izan zen). Hurrengo pausua 1957an sortutako Europako Ekonomia Erkidegoan sartzea zen, baina ezezkoa jaso zuen, erregimen demokratikoa ez izateagatik. Eskaera honen harira, Munichen 1962ko ekainean ospatutako Europako Mugimenduaren IV. Kongresuan frankismoaren aurkako oposizioa gonbidatu zuten. Kongresura Espainiako 118 pertsona bertaratu ziren, oposizio klandestinoa zein erregimeneko disidenteak (monarkiko liberalak, demokrata-kristauak, sozialdemokratak, sozialistak, euskal nazionalistak eta nazionalista katalanak), komunistak izan ezik. Bi batzordetan aritu ziren: Espainiatik etorritako 80 lagun alde batetik, Gil Robles monarkikoak zuzenduta, eta erbesteko 38 bestetik, Salvador de Madariaga errepublikar moderatua buru. Kongresuaren bukaeran denek batera adostutako adierazpenean Espainiak Europako erakundeetan sartzeko bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten.


Hori da hain zuzen aurrean dugun testuaren edukia: Espainiak Europan sartzeko bete beharreko oinarrizko baldintza demokratikoak, hala nola, erakunde demokratikoak, eskubide eta askatasunak, sindikatu- zein greba-askatasuna, aniztasun politikoa. Sinatzaileen arabera “espainiar gehien-gehienekbilakaera hori gauzatzea nahi dute”. 1. Puntuan “herritarrak benetan ordezkatzen dituzten erakunde demokratikoak ezartzea” eskatzen dute, Francok ezarritako Demokrazia Organikoa ez baitzen demokratikoa (Gorteetako prokuradoreak ez ziren demokratikoki hautatuak izaten, eta ez zuten egiazko botere legegilerik). 2. Puntuan berriro agertzen da “benetan” hitza, Espainiarren Foruan zehazten ziren eskubideak ez baitziren benetakoak. Adierazpen askatasuna bermatzeko “zentsura kentzea” eskatzen zuten. 3. Puntua nazionalisten eskaera da: erkidego naturalak kontuan hartzea, Francok hasieratik ezabatu zituelako Euskadik eta Kataluniak eratutako autonomiak. Azken bi puntuetan sindikatu- zein greba-askatasuna eta “alderdi politikoak antolatzeko aukera eskatzen da. Frankismoak, estatu totalitario guztien antzera, sindikatu eta alderdi bakarra, Mugimenduarenak, onartzen zituen.


Kongresua amaitzean, Salvador de Madariagak, itxaropentsu, zera esan zuen: “Gaur, Gerra Zibila amaitu da”. Baina erregimenak gogor erantzun zuen Munichen  egindako salaketa honi. Mugimenduko prentsak kanpaina bat antolatu zuen, Municheko “kontubernioa”, hots, hitzarmen maltzurra, desprestigiatzeko. Erregimenaren aurkako azpijokoa zela adierazi zuten eta sinatu zutenei “traidoreak” eta “Espainiaren etsai, masoien eta marxisten lagun” izatea leporatu zieten. Horietako batzuk, itzultzean, kartzelaratuak edo deserriratuak izan ziren. Errepresioa areagotu zen (1963an, Ordena Publikorako Auzitegia eratu zen, delitu politikoak epaitzeko). Arestian esan dugun bezala, Espainia ez zuten Europako Ekonomia Erkidegoan onartu, baina 1970ean Lehentasunezko merkataritza akordioa sinatu zuen. Oposizioa garatzen joan zen eta 70. Hamarkadan, erregimen gainbeherarekin batera, indartu zen, baina frankismoa ez zen desagertu Francoren heriotza arte.


Entradas relacionadas: