Giza Ugalketa, Pubertaroa eta Nerabezaroko Aldaketak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,35 KB

Pubertaroa eta Nerabezaroa: Definizioak

Nerabezaroa gutxi gorabehera 8tik 18 urtera arteko bizitzako aldia da. Organismoan aldaketak gertatzen dira.

Pubertaroa ugaltzeko gaitasuna hasten den bizitzako aldia da.

Nerabezaroko aldaketa fisiko eta psikologikoak

Neska-mutilek hainbat aldaketa izaten dituzte:

  • Gorputza haztea.
  • Ugal-organoak garatu eta halakotzat jarduten hastea:
    • Nesken kasuan, garapen hori lehenengo hilekoaren bidez ageri da.
    • Mutilenean, garapen hori lehenengo ejakulazioan ageri da.
  • Pubertaroan sexu-karaktere sekundarioak agertzea:
    • Nesketan: Sexu-organoak handiago bihurtu, bularra hazi, aldakak zabaldu, gerria estutu eta biloa hazten da pubisean eta besapean.
    • Mutiletan: Zakila eta barrabilak hazi, sorbaldak eta muskulu-masa handiagotu, ahotsa baxuago bihurtu eta biloa hazten da besapeetan, pubisean, bularrean eta aurpegian.

Gorputz-aldaketa hauek garrantzizko aldaketa psikologikoekin batera sortzen dira.

Espermatozoideak eta Espermatogenesia

Espermatogenesia semen-hoditxoetan gertatzen da. Hoditxo horietan zelula germinalak daude, eta etenik gabe biderkatzen dira.

Prozesua pubertaroan hasten da hormona maskulinoen eraginez, eta bizitza osoan irauten du.

Obuluak eta Obogenesia

Obuluetan honako hauek bereizten dira:

  • Nukleoa eta zitoplasma (nutrizio-erreserbak dituena).
  • Hiru mintz: bitelinoa, peluzidoa eta koroa radiata.

Obogenesia obulutegian gertatzen da, bi etapatan:

  1. Lehenengo etapa: Emakumea oraindik enbrioia denean eta amaren sabelean dagoenean gertatzen da. Folikuluek heldu gabeko obuluak barruan dituztela gelditu egiten dute garapena, emakumea pubertarora iritsi arte.
  2. Bigarren etapa: Pubertarotik aurrerakoa da. Gutxi gorabehera 28 egunik behin gertatzen da, eta horri obulazio esaten zaio. Obulazioak errepikatu egiten dira emakumearen bizitza osoan, menopausia arte.

Hilekoaren Zikloaren Erregulazio Hormonala

  1. Hipofisiak jariatutako FSH hormonak folikulu bat haztea eta obulutegian estrogenoak sortzea eragiten du.
  2. Estrogeno horiek umetokiko endometrioa loditzea eta hipofisiak LH hormona jariatzea eragiten dute.
  3. LH hormonak obulazioa eragiten du (zikloko hamalaugarren eguna aldera).
  4. Obulazioaren ostean, gorputz horiak estrogenoak eta progesterona jariatzen ditu. Hauek umetokiko endometrioa loditzea eta hipofisiak hormonak jariatzea ekiditen dute. Inhibizio horrek folikulu gehiago haztea eta beste obulu batzuk askatzea eragozten du.
  5. Ernalketarik egon ezean, gorputz horia endekatu egiten da, ez du hormonarik jariatzen, eta ondorioz endometrioa desegin egiten da (hilekoa gertatzen da) eta beste ziklo bat hasten da.

Erditzearen Faseak

  1. Dilatazioa: Umetokiaren uzkurdurek fetua kanporantz bultzatzen dute eta dilatazioa sortzen da.
  2. Botatzea: Erritmozko uzkurdurei eta muskuluen esfortzuei esker, haurtxoa kanpora ateratzen da. Jaio eta gero, zilborrestea ebaki egiten da.
  3. Haurrondokoa botatzea: Fase honetan, karena kanpora ateratzen da.

Lagunduriko Ugalketa Teknikak

Ugalkortasunik ezari konponbidea emateko erabiltzen diren teknika multzoa da.

Intseminazio Artifiziala

Emaile baten espermatozoideak emakume hartzailearen umetokian sartzea da.

In Vitro Ernalketa

Hiru etapatan gertatzen da:

  1. Obulutegitik obuluak eta gizonezkoen semena ateratzea.
  2. Laborategian lortutako obuluak semeneko espermatozoideekin ernaltzea.
  3. Enbrioia amaren umetokira aldatzea.

HIESa (Giza Immunoeskasiaren Sindromea)

HIESa GIBak (Giza Immunoeskasiaren Birusa) eragindako gaitza da.

Sintoma nagusia mikroorganismoen kontrako defentsak urritzea da. Ondorioz, gaitz hori duten pertsonek babesa galtzen dute, eta ez dute bestelako gaixotasun askoren aurkako defentsarik (gaixotasun oportunistak deritzenak).

HIESa odolaren, baginako jariakinen, amaren zilbor-hestearen edo amaren esnearen bidez kutsatzen da. Birusa duten eta oraindik gaitza garatu ez duten pertsonak seropositiboak dira.