Frankismoa eta Trantsizioa Euskal Herrian (1939-1982)

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 12,98 KB

I. Frankismoaren Lehen Aldia: Errepresioa eta Autarkia (1939-1959)

Frankismoa ia 40 urte iraun zuen diktadura izan zen, non Francisco Francok botere osoa bereganatu eta gobernu diktatoriala ezarri zuen. Garai honetako ezaugarri nagusiak autarkia ekonomikoa eta nazioarteko isolamendua izan ziren.

Gerraostea eta Errepresioa Euskal Herrian

Euskal Herriko (Bizkaia eta Gipuzkoa) lurraldearen konkistak (1937) erabat aldatu zuen lurralde honetako ikuspegi ekonomiko, sozial, politiko eta demografikoa. Arabak eta Nafarroak ez zuten ia kalterik izan, matxinatuen alde jarri baitziren. Gipuzkoak eta Bizkaiak, aldiz, kalte handiak jasan zituzten. Matxinatuek Euskal Herriko herriak eta hiriak beren menpe hartu zituztenetik, errepresioa guztiz bortitza izan zen. Espetxeak erabat bete ziren, eta gerran hildakoak kontuan hartuta, demografia asko jaitsi zen.

Gerraosteko garaia higiene, osasun eta elikadura egoera gogorrekoa izan zen. Euskal probintziak Estatuaren antolamenduaren mende geratu ziren erabat. Garbiketa sakona egin zen politikan, eta utzitako hutsunea erregimen berriaren aldeko funtzionarioek osatu zuten.

Ekonomiaren Susperraldia eta Oposizioaren Hastapenak

1945etik aurrera, Euskal Herriko demografiaren egitura gerra aurretik zuen joera bera hartzen hasi zen, eta ekonomiaren egoera hobetzen hasi zen berriro. Horrek industrializazio prozesu berri bat ekarri zuen. Garai honetan sinatu zen Baionako Hitzarmena (Helburua Eusko Jaurlaritzari sostengua eman eta monarkiaren Errestaurazioa galaraztea zen).

1955 aldera inbertsioak urritu egin ziren, eta beheraldi hori Egonkortasun Plana abiarazi zen arte ez zen gainditu. Hala ere, errentek goraldi nabaria izan zuten. Susperraldi hori Araban eta Nafarroan Industriaren sustapenerako planek eragin zuten. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, inbertsio pribatuak bultzatuta etorri zen. Atzerritik etorritako inbertsio gehiena metalurgia eta kimika sektoreetara joan zen. Hala ere, hazkuntza handiak izan ziren beste zenbait alorretan ere, adibidez, ontzigintzan eta makinerian.

1946-1956 bitartean, erregimen frankistak errepresio oso gogorra eragin zuen erakunde sozial, politiko eta sindikalen kontra. Gatazka eta liskar gutxi zeuden, baina oso gogorrak. Zenbait istilu gertatu ziren Bizkaian, eta errepresio gogorra izan arren, helburuetako batzuk lortu ziren. Euskal langileria klase berri bat eratuz joan zen. Langile mugimenduarekin batera, nazionalismoa bihurtu zen berehala diktadorearen kontrako oposizioko indar nagusia. EAJ-PNVk ezin zion egoera hari aurre egin, eta beste erakunde abertzale batzuk hasi ziren sortzen egoera politikoari aurre egiteko: ETA (1959), adibidez, sistema frankistari aurre egiteko borroka militarrez jardutearen aldekoa.

II. Frankismoaren Bigarren Aldia: Finkapena eta Krisialdia (1959-1975)

Frankismoaren bigarren aldian, autarkia bukatu eta irekitze prozesu bat eman zen.

Nazioarteko Irekitzea eta Antolamendu Politikoa

Politikari dagokionez, II. Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Espainian isolamendua eman zen, baina garai honetan irekitze prozesu bat hasi zen, non Vatikanoak (Konkordatua) sinatu zuen lehen akordioa Espainiarekin. 1955. urtean AEB-rekin paktu bat sinatu zen, non Espainia Marshall Planean sartu zen, trukean leialtasuna eta 4 base militar utzi zizkion Espainiak AEB-ri. Honen ondorioz, 1955ean Espainia NBE-n sartu zen. Hala ere, nazioartean ez ziren aldaketa sakonak eman irekitze prozesu honetan.

Kristauek eta militarrek izan zuten protagonismo nagusia, eta arautegia zorroztu zen gizartea kontrolatuta mantentzeko, zenbait lege sortuz. Horien artean, “Principios Fundamentales del Movimiento”, Frankoren erregimeneko lege funtsetako bat, frankismo garaiko antolaketa politikoa zehazten zuena. Beraz, “Movimiento Nacional” bezala ezagutzen duguna politikan aritzeko bide bakarra zen, estatuaren eta herriaren arteko bitartekari bakarra.

Garapen Ekonomikoa eta Gizarte Aldaketak

Ekonomiari dagokionez, 1959ko Ekonomia Antolamendu Berrirako Lege Dekretuaren bidez erregimenaren autarkia aldia amaitu zen. 1962-1975 bitartean, garapen planak hasi ziren 4 helbururekin:

  • Gastu publikoa murriztea.
  • Esportazioa sendotzea.
  • Peseta debaluatzea.
  • Inflazioa moztea.

Honek onurak ekarri bazituen ere, atzerriko inbertsioekiko mendekotasun handia ekarri zuen. Eraginkortasun txikikoak izan ziren, ez baitzuten eskualdeen arteko desoreka murrizterik lortu. Planak industriara bideratu ziren batez ere. Espainia Europako ekonomian sartu zenean, Europara joandako langileek familiei bidalitako diruarekin garapenean lagundu zuten. Bestalde, europarrak Espainiako kostetara etortzen hasi ziren, eta turismoak oso eragin ona izan zuen.

Nazio-errenta hirukoiztu egin zen eta per capita errentak gora egin zuen. Espainia herrialde industrializatua bilakatu zen. Nekazaritza-ekonomiatik industria-ekonomiara aldatzearen ondorioz, barne eta kanpo emigrazioa eman zen, eta igarotze honek aldaketak sortu zituen gizarte-egituran. Langile-klase berri bat sortu zen, ekonomia eta politika baldintzak hobetzeko borroka egin zuena, Langile Komisioak (CCOO) sindikatuaren inguruan bildurik. Bizi-maila hobetzearekin, espainiarren ohituretan ere aldaketak eman ziren: pentsamolde berri bat nagusitu zen, frankismoaren kontrolak eta mugak gainditzen zituena.

Hala ere, 70eko hamarkadan Espainia herrialde industrializatua bazen ere, desoreka handiak zeuden oraindik. Bizi-maila hobera egin bazuen ere, zerbitzu publikoak urriak ziren eta langile asko babesik gabe zeuden. Biztanle zati handi baten kultura-maila oso baxua zen, eta horrek hazkundea moteltzen zuen.

Oposizioa eta Diktaduraren Amaiera

1950eko hamarkadaren erditik aurrera, gatazka ugari sortu ziren langileriaren aldetik. Langileek lortu zuten antolamendu maila eta indarra izan arren, errebindikazio mugimendu horiei errepresio gogorrez erantzun zien sistemak, bortxakeria erabiliz, jendea atxilotuz eta torturatuz.

1960ko hamarkadan, frankismoaren aurkako oposizioa sektore guztietara zabaldu zen. Ikasleen eta langileen oposizioa geroz eta sendoagoa zen, eta Eliza erregimenetik urrundu zen. Oposizio politikoaren protagonistak alderdi politikoak izan ziren. Alderdi komunista izan zen aktiboena. PSOEn banaketa zegoen, baina 1974an bere burua antolatzen hasi zen. PCE oposizioa gidatzen eta monopolizatzen saiatu zen, baina porrot egin zuen.

60ko hamarkadaren hasieran, abertzaletasun ideiak indartzen hasi ziren berriro. 1964an lehen aldiz ospatu zen Aberri Eguna, hurrengo urteetan errepresioak eragotzi egingo zuena. Azken urteetan liskar handiak sortu ziren. Greba orokorra egin zen Bizkaian, ondoren Gipuzkoara zabaldu zelarik, eta 1970ean Burgoseko epaiketa izan zen. 70eko hamarkadaren hasieran, frankismoaren kontrako mugimenduak asko indartu ziren. Euskal Herriaren autodeterminazioaren eskariak, euskara biziberritzeko eskaria eta euskal kultura indartzeko errebindikazioak ugaritu ziren.

Hainbat hitzarmen eta lege sinatu ziren, baina egoerak okerrera egin zuen. Hildako asko egon ziren, bai ETAren atentatuen ondorioz, eta bai erregimenaren errepresioaren ondorioz. Unerik gogorrena 1975eko irailean hainbat euskaldun fusilatu zituztenean izan zen.

Frankoren diktadura luzea amaitzear zegoen, erregimenak ez baitzuen jakin gizartera egokitzen. 1973an Francok gobernuko buruzagitza eta Estatukoa bereizi zituen, eta gobernuko presidente Carrero Blanco izendatu zuen, baina hau ETAren atentatu baten ondorioz hil zen. Orduan Arias Navarro (kontserbadorea) presidente ezarri zen, baina honek porrot egin zuen. Francok, zahartuta zegoenez, ezin zuen zuzenean boterean jardun. Barne eta kanpo politikan erregimenaren ahultasuna nabarmendu zen. Handik bi hilabetera, 1975eko azaroaren 20an hil egin zen Franco, berak egindakoak jarraituko zuelakoan. Baina, Francorik gabe, frankismoa ezinezkoa zen.

III. Trantsizio Demokratikoa (1975-1982)

Espainiako trantsizioa Francoren diktaduraren amaieratik hasi eta mendebaldeko herriek demokratikotzat onartutako estatua bihurtu zen arteko denbora da. Trantsizioaren hasiera Francoren heriotzarekin ematen da (1975eko azaroaren 20a), eta amaiera, berriz, PSOE hauteskunde orokorretan garaile atera zen eguna da (1982).

Gobernuak eta Erreforma Politikoa

Politikan, Arias Navarrok lehenengo gobernua egin zuen, baina hau erreformen aurkakoa izan zen (1975-1976). Bigarren gobernua Adolfo Suarezena izan zen, eta honek erreforma ugari egin zituen eta demokraziarako bidea bultzatu zuen (1976-1979).

Franco hiltzean, Juan Carlos I.ak 1975ean zin egin zion Espainiako erregetzari. Bitartean, herrian hainbat gatazka egon ziren. Espainiako biztanleek kalea beretzat hartu zuten manifestazioen eta greben bidez, askatasuna, amnistia eta autonomia aldarrikatuz. Joan Carlos I.a erregearen etorrerarekin preso politikoen indultua iritsi zen. Bestalde, Eliza eta Armada erregearen alde zeuden.

Arias Navarroren ideologia frankista sendoa izan arren, bera izan zen prentsa-askatasuna, bilerak egiteko eta elkarteak eratzeko eskubidea eta Gorteen erreforma egin zituena. Baina ez zuen inoiz benetako demokraziaren alde egin. Erregeak trantsizioaren gidaritza onartu zuen eta bere helburua bete zen; hau da, Arias Navarrok gobernuko bere kargua uztea.

Erregeak Adolfo Suarez izendatu zuen Gobernu buru 1976. urtean. Aurreko gobernuan geldiarazi ziren aldaketa demokratikoak berriro ere martxan jarri ziren Suarezen etorrerari esker. Uste baino lehenago iragarri ziren preso politikoentzako amnistia, konstituzioaren erreforma eta hauteskunde orokor libreak. Alderdi politiko berri batzuk agertu ziren agerian zegoen tolerantziari esker. Demokraziarako urratsik garrantzitsuena geroago eman zuen, Erreforma Politikorako Lege Proiektua aurkeztu zuenean. Honen helburua sistema politikoa aldatzea eta hauteskundeetarako deialdia arautzea zen.

1977. urtea aldaketa urtea izan zen. Bertan, ETA eta GRAPO asko indartu ziren, baina eskuin terrorismoak ere indar handia hartu zuen atentatuak sortuz. Politikan, elkarte asko legalizatu egin ziren eta hauteskundeetan UCD-k irabazi zuen. Hauteskunde demokratikoak izan ziren eta talde honek aldaketa ugari gauzatu zituen.

1978ko Konstituzioa eta Gernikako Estatutua

1978. urtean Konstituzioa sortu zen. Gehiengo batek onartu zuen proiektua parlamentuan. Muturrezko ezkerrak, eskuin muturrak eta euskal nazionalistek eman zioten ezetza edo abstentzioa honi. Gorteek onartu ondoren, 1978ko abenduaren 6an egin zen erreferenduma eta erabateko baiezkoa lortu zuen Espainian. Euskal Herrian ez, ezezkoek eta abstentzioak, biak batuta, baiezko botoa gainditu zuten.

Konstituzioaren Ezaugarriak:
  1. Monarkiak ezker indarrei praktikotasuna mugatu zien.
  2. Erregimen parlamentarioa ezarri zen Kongresu eta Senatuarekin.
  3. Estatua deszentralizatu zen, Erregio guztietan Autonomia Estatutuak ezarri ziren.
  4. Estatua akonfesionala zen, baina harreman berezia zeukan Eliza Katolikoarekin.
  5. Eskubide indibidualak oso definituak geratu ziren.

1979. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua, Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da. Gernikako izena hartu zuen bertan adostu zelako, baina arazoak egon ziren mugekin eta Nafarroa kanpoan geratu zen. Estatutu honetan Euskal Herriaren nazionaltasuna aipatzen da. Bertan, Espainia barruko autonomia erkidegoa sortzen da eta euskara finkatzen da Euskal Herriko hizkuntza ofizial bezala. Horrela gaztelania eta euskara maila berean geratuko dira. Gernikako Estatutuak EAEn sistema parlamentarioa ezarri zuen.

Gernikako Estatutuaren Ezaugarriak:
  1. Lurralde antolaketa berezia.
  2. Kontzertu ekonomikoa.
  3. Polizia propioa.
  4. Eusko Legebiltzarra.
  5. Hezkuntzan erabateko eskubideak.
  6. Foru eta eskubide historikoak.

Azkenean, 1981ean Adolfo Suarezek dimititu egin zuen. Bere ordez Calvo Sotelo jarri zen, baina bakarrik urte bat iraun zuen. Urte berean Tejero jenerala estatu kolpe bat ematen saiatu zen Senatuan tiroka sartzen, baina ez zuen ezer lortu. 1982. urtetik aurrera Felipe Gonzalez jarri zen gobernuburu bezala PSOE-rekin. Bertan demokrazia hasi zen.


Testu Analisia: 1978ko Espainiako Konstituzioa

Identifikazioa: Historikoa + Juridikoa + Politikoa

Egilea: Juan Carlos I.a + Gorteek onartua + Herriak berretsia + Publikoa + 1978an egina

Testuingurua: Trantsizio garaia

Analisia (Ideia Nagusiak):

  1. Estatuaren oinarri ideologikoak.
  2. Estatuaren balioak.
  3. Autonomien auzia.
  4. Estatuaren antolamendua.

Iruzkina: ...

Ondorioak:

  1. Garrantzi handia du, demokraziako bidea da.
  2. Ondoren egindako lege guztiak EAEko Estatutuarekin ados egon behar dira.