Estatu Batuen Independentzia Aldarrikapena: Analisi Historikoa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,1 KB
Estatu Batuen Independentzia Aldarrikapena
Estatu Batuen Independentzia Aldarrikapena izenburua duen testuak izaera politikoa du eta lehen mailako agiri publikoa da. Amerikako kolonien eta Britainia Handiaren arteko gatazkak islatzen ditu; gatazka hauetan nabarmena izan zen koloniek Britainiarekiko zuten menpekotasun politiko, ekonomiko eta soziala.
Testuingurua eta Egiletza
Dokumentu hau 1776ko uztailaren 4an argitaratu zen (Ilustrazioaren garaian), 13 kolonietako ordezkarien eskutik, Thomas Jefferson buru zela. Testuaren gaia, lehen esan bezala, 13 kolonien Britainia Handiarekiko burujabetzaren aldarrikapena da, eta Jeffersonek hainbat arrazoi emanez ematen die pisua bere argudioei.
Independentziaren Aurrekariak eta Ideia Berriak
Estatu Batuetako independentzia aldarrikapenaren aurretik bi gertakari garrantzitsu eman ziren: Britainia Handiko industrializazioa eta Frantziako ideia berrien argiztapena. Ideia hauek, Ilustrazioko ideiek, honako hauek bultzatuko dituzte:
- Aginte-banaketa (absolutismoaren ordez).
- Klase-gizartea (gizarte estamentalaren ordez).
- Askatasun ekonomikoa (gremioen ordez).
Ideia hauek gutxika-gutxika zabalduz joango dira kolonietara heldu arte, eta oihartzun handia izango dute, koloniak askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzen hasiko baitira.
Menpekotasun Ekonomikoa eta Politikoa
Estatu Batuek menpekotasun ekonomiko estua zuten. Britainia Handiak koloniak bere menpe zituen eta kolonietako merkataritzaren monopolioa kontrolatzen zuen. Hauek inportatzen zutena arautzen zuten eta, metropoliko ekoizpenaren onurarako, ez zitzaien kolonietako industriaren garapena komeni, lehengaiak eskuratzea baizik.
Ideia Errepublikarrak eta Autonomia
Beste alde batetik, ideia errepublikarrak zabalduz joango dira, eta agintea herriak eskuratzea aldarrikatuko dute. Gainera, gizartearen aldetik, kolonoek nolabaiteko autonomia politikoa izango dute, eta ez zaie gustatuko menpekotasun politiko hori; izan ere, edozein erabaki hartzeko Britainia Handira jo beharko lukete erregearekin zuzenean egoteko, parlamentuan ez baitute ordezkaririk.
Gatazka Ekonomikoa eta Bostongo Tearen Alderdia
Ekonomiari dagokionez, Britainia Handiaren eta Frantziaren arteko Zazpi Urteko Gerraren ondorioz, Ingalaterrak kolonietan armada zuen eta hori mantentzeko zergak ezarri zizkien. Kolonoek, ordea, Bostonen zegoen te kargamentu bat uretara jaurti zuten boikot moduan, baina honek ondorio latzak izan zituen, errepresio maila asko handitu baitzen.
Aldarrikapenaren Oinarrizko Printzipioak
Testu honek hainbat gai jorratzen ditu, 1773tik aurrerako guda bitartean bereziki, hala nola:
- Gizakien arteko berdintasuna.
- Herritarrenganako agintea (subiranotasuna).
- Eskubide besterezinak.
- Gobernuaren eginkizuna: eskubideak bermatzea.
Berdintasuna eta Eskubideak
Gizakiaren berdintasunari dagokionez, testuak honako hau dio: "Gizaki guztiak berdin jaiotzen dira". Ideia honek estamentuen arteko desberdintasunak deuseztatzen ditu, pribilegioekin amaituz eta berdintasunean oinarritutako klase-gizarte bat bermatuz.
Bestalde, eskubideei dagokionez, "Kreatzaileak eskubide besterezinak eman dizkiela" esaten du: bizitzarako, askatasunerako eta zoriontasuna eskuratzeko eskubidea. Honekin, Antzinako Erregimeneko ideiak berriro kolokan jarriko ditu, garai hartan erregea baitzen pertsona bakoitzaren gainean agintzen zuena.
Gobernuaren Eginkizuna
Gobernua herriak hautatuko duenez, boterea herriak erabakitakoaren araberakoa izango da, eta agintea herriarena izango da. Gizakiek gobernuak eratzen dituzte eskubide horiek bermatzeko; hau da, herria izango da gobernua hautatuko duena.
Ondorioak eta Eragina
Ondorioz, lehen aldiz kolonia batzuk bere kabuz independizatzen dira eta lehen Konstituzioa (1787) idatziko dute. Bertan ideia liberalak islatuko dira, Frantzian eta, geroago, Hego Amerikan eragin handia izango dutenak.