Foruen Abolizioa (1876): Aurrekariak, Gerra Karlistak eta Ondorioak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,82 KB

Testuaren ulermena errazteko, komeni da kontzeptu hau azaltzea: FORUAK. Erdi Arotik zetozen ohiturak eta usadioak ziren, aro horren amaieran lege izaera hartu eta idatziz jaso zirenak. Foruak tradizionalak ziren, baina, aldi berean, izaera dinamikoa zuten eta etengabe ari ziren gizartearen beharrei erantzuten. Foruak desagertuz joan ziren Aro Modernoan zehar, eta XIX. mendean Euskal Herriko lurraldeetakoak baino ez ziren geratzen.

Aurrekariak

Aurrekarien dagokienez, gogoratu behar dugu liberalen politika zentralizatzailea 1812ko konstituzioarekin hasi zela eta jarraipena izan zuela 4. artikuluan aipatzen diren legeekin (Lehen Gerra Karlistaren amaieran egindako legeak). Une hartan foruak murriztu egin ziren, baina aldundiek botere handia izaten jarraitu zuten. Egoera egonkortuta geratu zen Elisabet II.aren agintaldian zehar, baina alde bakoitzak interes eta nahi desberdinak zituen.

Bigarren Gerra Karlista (1872-1876)

Testuinguru honetan, mugimendu berriak Seiurteko Demokratikoarekin batera etorri ziren. Horrela, Amadeo Saboiakoaren babes faltaz baliatuz, karlistek armak hartu zituzten berriro 1872an. Izan ere, Seiurteko Demokratikoan zehar, karlismoak indar handia hartu zuen Hego Euskal Herrian. Betiko karlistez gain, hirietako burgesiaren zati batek karlismoari eutsi zion, ordenaren alternatiba gisa. Karlos VII.a erregegaia zela eta Nikolas Olloren buruzagitzapean, armada bat eratu eta estatu baten oinarriak (hiriburua Lizarran) sortu zituzten. Hala ere, berriz ere huts egin zuten Bilbo eskuratzeko saiakeran. Borboien berrezarkuntzarekin, berriz, katoliko eta kontserbadore askoren babesa galdu zuten. Kanpoko laguntzarik gabe eta militarki garaituak, karlistek erbesterako bidea hartu zuten.

Foruen Abolizioaren Ondorioak

Porrotaren ondorioak berehala heldu ziren. Liberalen garaipenak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foruen behin-behineko indargabetzea ekarri zuen, aztertzen ari garen legearen bitartez. Legea 1876ko konstituzioa onartu ondoren etorri zen, eta lege nagusi horren espiritu zentralizatzaile berari eusten zion. Lege honi esker, liberalek sakondu ahal izan zuten euren proiektua (estatu bateratua), baina ez zuten azken bururaino eraman, ez baitzitzaien interesatzen euskal herritarrak gehiegi haserretzea. Hori dela eta, 1878an zehar egindako negoziazioak amaitzean, euskal probintziek Kontzertu Ekonomikoa lortu zuten. Honi esker, aldundiek zergak ezarri, batu eta administratu ahal zituzten, Estatuaren Ogasunari aurretik adostutako urteko kopuru jakin bat (kupoa) ordaintzearen truke. Hurrengo hamarkadetan kupoa zenbait aldiz eguneratu zen, baina aldundien autonomia fiskala mantenduz. Gerra Zibilera arte egon zen indarrean lurralde guztietan, eta hau amaitzean, indargabetuta gelditu ziren Bizkaia eta Gipuzkoakoak, "probintzia traidoretzat" hartu zirelako.