1876ko Konstituzioa: Errestaurazioaren Oinarri Politikoak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,31 KB

Testuaren Identifikazioa eta Helburua

Aurrean daukagun testua 1876ko Konstituzioko artikulu sorta bat da. Testu juridiko eta publikoa da, espainiar guztiei bideratuta dagoena. Gorte Konstituziogileek idatzitakoa da, Alfontso XII.aren erregealdian, Errestaurazio garaian, Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean. Helburua Errestaurazio garai berriaren sistema politikoaren oinarriak finkatzea izan zen.

Konstituzioaren Ezaugarri Nagusiak

Sarreratik ondoriozta daitekeenez, subiranotasuna Gorteei eta Erregeari dagokie. Espainia estatu konfesionala da eta erlijio katolikoa da nagusi; Eliza mantentzen da. Gainontzeko erlijioak gurtzeko askatasuna dago, betiere eremu pribatura mugatuta (11. art.).

Eskubideak eta Askatasunak

  • Adierazpen askatasuna bermatzen da, baita biltzeko eta elkartzeko askatasuna ere (13. art.).
  • Espainiar guztiak berdinak dira legearen aurrean (75. art.). Berdintasun juridikoak argitu nahi du legeak berdinak izango direla herritar guztientzat.

Gorteen Egitura eta Sufragioa

Gorteak bi gorputz legegilez osatuta daude: Senatua eta Diputatuen Kongresua. Senatua norberaren eskubideko senatariek osatzen dute: Koroak izendatutako biziarteko senatariek, eta estatuko korporazioek zein zergapeko handiek hautatutako senatariek (19-20. art.).

Konstituzioak ez du zehazten sufragio mota, baina lehendabizi sufragio zentsitarioa ezarri zen eta, 1890etik aurrera, gizonezkoen sufragio unibertsala (28. art.).

Aginte Banaketa

Aginte banaketari dagokionez, botere legegilea Gorteari eta Erregeari dagokie (18. art.) eta betearazlea Erregeari (50. art.).

Testuinguru Historikoa: Errestaurazioa

Seiurteko Demokratikoak hondoa jo eta errepublika finkatzeko saioak ezerezean gelditu ondoren, 1874aren amaieran Borboien monarkia ezarri zen berriro Espainian, Isabel II.aren seme Alfontso XII.a buru zela. Horrela hasi zen Errestaurazioa, 1923ra arte indarrean iraun zuen erregimena. Bere xede nagusia alderdi politiko guztien artean oreka eta batasuna lortzea izan zen.

Cánovasen Sistema Politikoa

Garai horretako sistema politikoa Cánovas del Castillok eratu zuen. Alderdi Kontserbadorea sortu eta gizarte-ordena eta aurrerabide ekonomikoa bermatuko zuen sistema politikoaren oinarri judizialak finkatu zituen, herritarren demokrazia eskaerei entzungor eginda eta haien eskubide indibidualak ezerezean utzita. 1876ko Konstituzioaren bidez lortu zuen hori; 1845ekoa baino zabalagoa izan zen arren, oso antzekoak izan ziren.

Subiranotasuna Erregearen eta Gorteen esku zegoen. Erregeak Gorteak biltzeko deia egiten zuen, eta haiek desegiteko zein legeei botoa emateko eskumenak zituen. Gorteetan bi ganbera zeuden:

  • Senatua: Erregeak aukeratutako eta aberatsen artean sufragio murriztuz hautatutako nobleak, militarrak eta apaizak biltzen zituen.
  • Kongresua: Diputatuak herritarrek aukeratzen zituzten hauteskundeetan, sufragio zentsitarioz hasieran eta gizonezkoen sufragio unibertsalaz 1890etik aurrera.

Erlijio katolikoa izendatu zuten estatuaren erlijio ofizial, baina sinesmen guztiak onartuta zeuden.

Txandakatze Sistema eta Hauteskunde Iruzurra

Cánovasek bilatzen zuen alderdi guztien arteko batasuna lortzeko, txandakatze sistema ezarri zuen. Sistema horretan bi alderdi politikok zuten agintea, txandaka, aldez aurretik hitzarmenez erabikitakoaren arabera:

  • Alderdi Kontserbadorea: Cánovas bera buru zela. Garaiko liberal moderatuak eta unionistak biltzen zituen.
  • Alderdi Liberala: Práxedes Mateo Sagasta buru zela, liberal progresistez osatuta zegoen.

Ondorioz, burgesiaren alderdien arteko txandakatzea bermatzeko eta eskuineko zein ezkerreko alderdiei erakundeetarako bidea ixteko, hauteskundeak manipulatu eta iruzur egin behar zuten. Nekazari guneetan jauntxoek kontrolatzen zituzten bozketak, eta nahi bezala aldatzen zituzten hauteskundeen azken emaitzak, une horretan aginpidea haren esku izatea egokitzen zitzaion alderdiaren mesedetan.

Sistemaren Krisia eta Amaiera

1885ean Alfontso XII.a hiltzean, bere semeari eman zion tronua, baina oraindik jaio gabe zegoenez, bere emazte Maria Cristinak ordezkatu zuen boterean. 1890eko hamarkadan krisi politiko, ekonomiko eta sozial latza gertatzeaz gain, Espainiak bere azken koloniak galdu zituen.

Alfontso XIII.aren erregealdian (1902-1931) egoerak okerrera egin zuen. Txandakatze sistemaren krisiak, langile mugimenduak, nazionalismoaren indartzeak eta Marokoko Gerrak porrotera eraman zuten Errestaurazio sistema. Ondorioz, 1923ko irailean Primo de Riverak, Kataluniako kapitan jeneralak, estatu-kolpea eman zuen Bartzelonan. Alfontso XIII.ak ez zuen kontrako jarrerarik agertu eta gobernua osatzeko agindua eman zion. Horrela, Cánovasen erregimena deuseztatuta gelditu zen eta Espainiak monarkia konstituzionala izateari utzi zion.

Ondorioa

Konstituzio honek Seiurteko Demokratikoa deuseztatzea ekarri zuen. Orain arte iraupen handiena eduki duen konstituzioa izan da.