Foruen Abolizioa (1876): Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Zerga eta Soldaduskaren Amaiera
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,84 KB
Laburpena
Testuaren analisiari dagokionez, ideia nagusia hau da: Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, beste probintzietan bezala, zergak ordaindu beharko direla eta soldaduska egin beharko dutela (1. art.).
Zentzu horretan, testuan zehazten da hiru probintziek soldaduskara bidali beharko dutela eurei ezarritako gizonezkoen kupoa (2. art.). Probintzia bakoitzak zergak ordaindu beharko ditu dagokion proportzioan (3. art.). Azkenik, gobernuak Foruetan aldaketak egin ahal izango ditu, Gorteei horren berri emanez, hiru probintzien adostasunarekin, ondo iruditzen bazaio, eta interes orokorrak kontuan hartuta (4. art.).
Testuinguru Historikoa: Foruen Abolizioa
Testu hau ondo ulertzeko, komenigarria da haren testuinguru historikoan kokatzea: Foruen abolizioa.
Foruak Erdi Aroan sortu ziren. Hemengo legeak ziren. Haien aldeko eta kontrako jarrerak, batez ere XVIII. mendetik aurrera, oso elkarren kontrakoak izan dira. Batzuen ustez, errege-erreginek emanak ziren eta, hortaz, errege-erreginek indargabetu ahal zituzten. Besteen ustez, berriz, herri ohituretatik sortutako legeak ziren eta, hortaz, herritarrek zeukaten aldatzeko edo indargabetzeko ahalmena.
Errege absolutuekin eta liberalekin, Foruak arriskuan egon ziren.
Hala ere, Foruen aboliziorako azken etapa I. Gerra Karlistarekin hasi zen.
Urteak pasatu ahala, gero eta argiago zegoen karlistek ezingo zutela gerra irabazi eta, aldi berean, liberalak ez zirela karlistak garaitzeko gai.
Gauzak horrela, 1839ko abuztuan, Espartero jeneral liberalak eta Maroto jeneral karlistak Bergarako Ituna egin zuten gerrari amaiera emateko. Hitzarmen hura abiapuntutzat hartuta, 1839ko urriaren 25eko legea egin zen Foruak berresteko, “sin perjuicio de la unidad constitucional de la monarquía”. Beraz, konstituzioa Foruen gainean zegoela erabaki zen. Horren ondorioz, erabaki beharko zen Foruetatik zer gorde eta zer kendu.
Negoziaketetan, ordezkari nafarrak liberal progresistak ziren eta gainerako hiru probintzietakoak, berriz, liberal moderatuak.
- Nafarroan, Foruen aldaketa berehala, 1841ko abuztuaren 16an, gauzatu zen, “Lege Hitzartua” (Paccionada) izenekoaren bitartez. Erakunde propioak kenduta, erresuma probintzia bihurtu zuten. Gainera, aduanak Pirinioetan jarri zituzten eta nafarrek soldaduska egin beharko zuten. Azkenik, autonomia fiskala eta administratiboa utzi zioten.
- Gainontzeko hiru probintzietako ordezkari liberal moderatuek joera sendoagoa erakutsi zuten Foruen alde eta negoziazioan jarraitu zuten. Prozesua gorabehera askorekin 1876ra arte luzatu zen.
Foruetan, soilik utzi zuen Esparterok soldaduska eza eta zerga autonomia.
II. Gerra Karlista piztu zenean, Foruen inguruko eztabaida indar handiz berpiztu zen.
Karlisten porrota, garaileek Foruen gaian nahi zituzten baldintzak jartzeko parada izan zen. Lehenik, aldundiekin negoziatzearen alde agertu zen Canovas, 1839ko legeak zioen moduan.
Canovasek euskal aldundiak eta gobernuko ordezkariak bildu nahi zituen Foruei buruz eztabaidatzeko. Baina nabaria zen hemengo liberal asko ez zeudela ados Foruak kentzearekin eta aldundiek erabakiak luzatzeko eta egoera zegoen moduan uzteko asmoa zutela. Canovasek ez zuen onartu jokabide hori eta 1876ko uztailaren 21ean gobernuaren legea onartu zen: harrezkero, beste probintzietakoek bezala, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleek zergak ordaindu eta soldaduska egin beharko zuten.
Honen aurrean bi jarrera sortu ziren: amore eman zutenak (gobernuaren erabakia onartzen zutenak) eta amore eman ez zutenak (gobernuari lagundu ez ziotenak). Azkenean, Canovasek erabaki zuen euskal erakunde guztiak kentzea, ez zeudelako prest legea onartzeko.
Canovasek Euskal aldundiekin negoziatzeari uko eginda, 1876ko legea onartu zuen. Lege horren arabera, hiru probintzietako biztanleek, beste probintzietakoak bezala, zergak ordaindu eta soldaduska egin beharko zuten. Gero, Canovasek euskal erakunde guztiak indargabetu zituen. Zerga bilketa antolatzeko eta hemengo liberalak nolabait asetzeko, Kontzertu Ekonomikoak ezarri zituzten (diputazioek dirua bildu eta Madrili kupoa entregatu).
Denboraren poderioz, lau aldundien koordinazioa eta Kontzertu Ekonomikoak zerga politika berezia bilakatu ziren Euskal Herrian.
Ondorioak
Testu hau oso garrantzitsua da orduan gertatu zen prozesu historikoa, Foruen abolizioa, ulertzeko. Izan ere, ederki erakusten digu hiru probintzietan Foruetatik indarrean geratzen ziren ahalmenik garrantzitsuenak, soldadutzarik eza eta zerga sistema, kendu egin zirela. Gainera, azkenengo artikuluan zehazten da gobernuak nahi duena egin ahal izateko baimena izango duela. Beraz, espero izatekoa zen, aurreko puntuan azaltzen saiatu naizen bezala, Foruak guztiz kentzea, eta hala gertatu zen.