Foruak eta Liberalismoa Euskal Herrian: Karlistadak eta Foruen Amaiera (1833-1876)
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,96 KB
Garai honek, XIX. mendea, politika, ekonomia eta gizarte bilakaera handiak ekarri zizkion Euskal Probintziei. Frantziatik heldutako liberalismoa karlismoaren kontra zegoen; izan ere, liberalek egindako konstituzioetan Foruak ez ziren aipatzen. Horretaz gain, Kontzertu Ekonomikoak Euskal Herriko industrializazio-prozesua sendotu zuen, horrela modernizazioa ekarriz. Ondorioz, pluralismo politikoa, hau da, aniztasun ideologikoa, eratu zen. Garai honetan, hiri-burgesiak estatu liberalen eta Isabel erreginaren aldeko apustu garbia egin zuen. Fernando VII.a hil zenean, euskal karlistak tradizioaren alde mobilizatu ziren eta foruak aldarrikatu zituzten. Hala ere, liberalismo foruzalea ere egon zen. Horren xedea Foruak Estatu liberalari egokitzea zen.
Lehen Karlistaldia (1833-1840)
1833ko urrian, gizon armatuen taldeak sortu ziren, Tomas Zumalakarregiren trebeziari esker. Karlos Borboikoa buruzagi zela, 1835eko apirilean, landa-esparruak eta euskal hirien arteko komunikabideak karlisten kontrolpean gelditu ziren. 1835eko maiatzaren eta ekainaren artean, karlistek ia Euskal Herri osoa menderatzen zuten. Gasteiz hartzea eta Madrileraino jarraitzea proposatu zuen Zumalakarregik, baina Karlosek Bilbo hartzera behartu zuen. Operazioak porrot egin zuen eta Zumalakarregiren heriotza ekarri zuen. 1836ko abenduaren 25ean, Esparterok Bilbo askatu zuen eta karlistek ezin izan zuten Donostia hartu. Lehen Karlistaldian (1833-1840) karlistek ez zuten emaitza onik izan. Gerra bukatzeko hainbat ekimen sortu ziren: Foruak eta Bakea, Jose Antonio Muñagorrik bultzatuta. Foruak kontserbatzearen truke, dinastia aldarrikatzeari uko egiteko proposamena egin zuen. Proposamen honek karlistak zatitu zituen eta Rafael Marotok konpondu zuen. Liberalekin hitzarmena sinatzearen alde agertuta, Bergarako Hitzarmena izenpetu zen, 1839ko abuztuaren 31n, Marotoren eta Esparteroren artean. Esparterok ondoko konpromisoa hartu zuen: gobernuari gomendatuko zion horrek Gorteei proposa ziezaien Foruak berresteko edo aldatzeko.
Foruen Murrizketa eta 1841eko Dekretua
Bergarako Hitzarmenaren ondorioz, 1839ko urriaren 25eko legea egin zen, foruak berresteko asmoz. Foruak berretsi ziren; horrela, Foruen tradizioak eta 1837ko konstituzio liberala batzeko saiakera egin zen. Hala ere, 1841eko urrian, aldundiek bat egin zuten O'Donnellek buru izan zuen matxinada moderatuarekin. Hain zuzen ere, foru-probintzietan kokatu zen horren epizentroa. 1841eko urriaren 29ko Dekretua xedatu zen, Esparterok Gasteizen sinatua. Aldaketa nabarmenak sartu zituen:
- Antolaketa judiziala ezabatzea.
- Euskal Herriko aldundiak eta Biltzar Nagusiak kentzea, horien ordez, aldundi probintzialak jartzea.
- Librekanbismoa ezartzea.
Azken neurria dela eta, Euskal Herria ez zen geroztik frankoa izango.
Foruen Berrezarpen Partziala (1844-1875)
Gobernu moderatuen etapa izanik, 1844ko uztailaren 4ko dekretuak Foruen zati bat berrezarri zuen. Gainera, sistema politiko berri bat sortu zen, liberalismoaren eta foruzaletasunaren nahasketa. Aldundi probintzial berriekin batera, foru-diputazioak sendoagoak egin ziren. Azken etapa foral hartan (1844-1875), Euskal probintziek administrazio- eta ekonomia-arloetako autonomia zabaldu zuten. Horretaz gain, herri-klaseak sisteman sartzeko nahia agertu zuten foru-erakundeek. Asmo horretarako, bi ildo gauzatu ziren: garapena eta gizarte-laguntza. Bestalde, euskal kleroa foru-agintarien babesean geratu zen: hiri-probintziek Estatuko zergak ez zituzten ordaindu behar. Aurrerakoiek boterea eskuratu zutenean (1854-1856), ez zuten 1844az geroztik moderatuek ezarritako foru-sistema aldatu, eta nolabaiteko bilakaera gertatu zen euskal liberalismoaren barnean.
Bigarren Karlistaldia eta Foruen Amaiera (1872-1876)
Seiurteko Demokratikoak (1868-1874) ezegonkortasun politikoak hegal berriak eman zizkion Karlismoari. Euskal oligarkiaren zati batek Karlismoaren aldeko jarrera hartu zuen eta Karlos VII.a zen horien burua. 1869an, matxinatzeko saiakera bat egin zuen. 1872an, Karlisten bigarren matxinada eman zen. Porrot egin zuenez, Amorebietako Hitzarmena sinatu zuten. Hala ere, 1872ko abenduan berriz matxinatu ziren, eta Lehen Errepublika ezarri zenean, kaosa sortu zen liberalen artean. Horri esker, 1873an, Karlistek liberalak garaitu zituzten. Adore handia hartu eta Bilbori eraso egitea erabaki zuten. Beraz, Bilboko Setioari ekin zioten karlistek, eta 1874ko maiatzean Concha jeneralak hiria askatu zuen. Karlistek estatu bat izango balitz bezala antolatzen ziren, Durango hiriburua zela eta hiru ministerio zituena. Halaber, aldizkari ofiziala, Justizia Errege Auzitegia, Moneta Etxea eta Unibertsitatea sortu zituzten. Hala ere, egoera militarra bere horretan jarraitzen zuen. Borboien monarkia berrezarrita, Karlisten armadan lehen desilusioak eta desadostasunak agertu ziren, eta ondorioz, atzera egiten hasi ziren. Jarraian, Karlisten armadak desegin ziren eta 1876ko otsailean, Karlos VII.ak Arnegitik zeharkatu zuen eta gerra amaitu egin zen.