Ezagutzaren Jatorria: Descartes, Enpirismoa eta Kant
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,19 KB
“Baina zenbait gizaki konbentzituta dago bera (Jainkoa) ezagutzea, eta baita euren arima zer den ezagutzea ere, zaila dela, eta honen arrazoia da gizakiok ez dutela sekula euren adimena gai sentigarrietatik altxatzen, eta ez dutela ezer bururatzen irudikatuz ez bada (hori gai materialez pentsatzeko modu bat delarik), eta irudikagarria ez den guztiari ulertezina deritzote. Hori nahikoa nabarmena egiten da filosofoek eskoletan arautzat duten honako baieztapenean: hots, ezer ez dagoela ulermenean aurretik sentimenetan egon ez dena; eta hala ere, hemen (sentimenetan) egia da ez direla sekula egon ez Jainkoaren, ez arimaren, ideiak.”
Descartes: Metodoaren diskurtsoa
Descartesek adierazten du honako tesi hau: ideia batzuk (jatorrizkoak) ezin dira irudimenaren bidez ulertu esperientziatik ez datozelako. Idatzi gogoeta labur bat gutxienez tesiaren aldeko argudio bat eta haren kontrako beste argudio bat emanez. Ondoren, eman ezazu zure tesiari buruzko hausnarketa. (3 puntu) (200-250 hitz).
Gogoeta: Ezagutzaren Jatorriari Buruz
Descartesek testu honetan jatorrizko ideien existentzia defendatzen du. Gainera, bere ustez, ideia hauek arrazoimenaren bidez bakarrik atzeman daitezke eta gure ezagutzaren jatorria dira. Tesi honen aurrean galde dezakegu ea ideia horiek benetan existitzen diren ala ez den egiazkoagoa ideia guztiak esperientziatik datozela, eskolastikoek eta enpiristek dioten moduan. Gai honi buruzko nire ikuspuntua azaltzen saiatuko naiz.
Descartesen aldeko argudioa
Descartesen alde esan daiteke berak aipatzen dituen ideiek, Jainkoarena eta arimarena, ez dutela eduki enpirikorik, hots, ez direla sentimenen bidez hautematen ditugun objektuak. Egia da baita ere arrazoimenaren bidez bakarrik ulertu ditzakegula. Ikuspuntu honetatik begiratuta, posible da ideia hauek gure arrazoimenetik sortu izana.
Descartesen kontrako argudioa
Beste alde batetik, tesi honen kontrako argudioa izan daiteke filosofo eskolastikoek eta enpiristek proposatzen dutena, hau da, gure adimena jaiotzean tabula rasa (orri zuria) dela, bizitzan zehar izandako esperientziez betetzen dena. Ikuspuntu honetatik gure ideia guztiak, abstraktuenak barne, sentimenen esperientziatik eratortzen dira, orokortze eta abstrakzio prozesuen bidez.
Kanten sintesia: Arrazionalismoa eta Enpirismoa
Bi ikuspuntu hauetatik zein da zuzena? Nire ustez, auzi honen konponbidea Kantek markatutako bidetik etor daiteke, arrazionalismoaren eta enpirismoaren arteko sintesi bat egiten saiatu baitzen. Kanten ustez, esperientziatik eta arrazoimenetik datorrena ezinbestekoak dira gure ezagutza eraikitzeko. Esan daiteke enpiristei arrazoi ematen diela puntu batean: gure ezagutza hasten da esperientziarekin. Beste aldetik, arrazionalistei arrazoi ematen die honako honetan: gure ezagutzan dena ez dator esperientziatik, badago alderdi bat gure arrazoimenetik datorrena —apriorizko elementua— ezinbestekoa dena ezagutzeko.
Ondorioa
Ondorioz, Kantek jatorrizko ideien existentzia zentzu hertsian berresten ez badu ere, gutxienez Descartesekin bat dator ezagutzeko ezinbestekoa dela arrazoimenetik datorrena dioenean.