Aristotelesen Filosofia Praktikoa: Etika, Politika eta Arima

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 9,83 KB

Filosofia Praktikoa: Sarrera

Filosofia praktikoa ekintzaz arduratzen da; deliberaziozko arrazoimenaren bidez, zer aukeratzea komeni zaigun argitzen du. Horrela, gizakiaren ekintza gidatzen du. Bakarrik bizi ez garenez, besteak kontuan hartu behar ditugu eta, horrela, ezinbestekoa zaigu besteekin batera ongi jokatzeaz arduratzea. Aristotelesen kasuan, erantzun egokia bilatzeko abiapuntua gizakiaren ezagutza izango da. Gure burua ezagutzen badugu, gure helburua zein den jakingo dugu; beraz, ongi jokatzeko aukera gehiago izango dugu.

Zoriontasuna: Teleologia eta Eudaimonia

Aristotelesek esaten du jarduera bakoitzak bere "telos" edo helbururantz joera duela, eta hori dela bere ongia. Bakoitzak helburu desberdinak ditugu; beraz, ezinbestekoa da haien artean zein den azken helburua jakitea, hau da, Ongi Gorena. Badirudi guztion helburu gorena zoriontasuna dela (Eudaimonia), hau baita berez bilatzen den gauza bakarra.

Alabaina, zertan datzan zoriontasuna jakin nahi dugunean ez dago halako adostasunik: batzuek plazerean ikusten dute, beste batzuek ohorean, beste batzuek osasunean... Aristotelesentzat, horiek guztiak bitartekoak dira gure helburu gorenera iristeko. Hori dela eta, Aristotelesek antropologia erabiliko du gizakiaren ongi gorenari buruzko galderari erantzuna emateko.

1. Antropologia Aristotelikoa

Aristotelesen ikuspegi antropologikoak, hilemorfismoari jarraituz, substantziatzat hartu zuen gizakia, arima eta gorputza izanik forma eta materia. Horrela, estuki lotu zituen biak; izan ere, haren esanetan, gorputz batek bizitzeko egitura bat du bere baitan, jada izaki biziduna delako. Gorputz honi bizi-forma ematen dion indarra dugu, hain justu, arima.

Aristotelesentzat, gorputz osoan barrena dago arima, eta bien arteko batasuna substantziala da. Hori dela eta, Aristotelesek erabat absurdotzat hartu zuen arimak hil ondoren bizirik irauteari eta berragiztatzeari buruzko doktrina platonikoa, gorputz bat hiltzean arima ere hiltzen baita.

1.1 Arima Mailak

  • Arima begetatiboa: Arimaren behe-maila dugu, elikadura eta ugalketa prozesuen eragilea (landareek ere badute).
  • Arima sentipenduna: Sentipen, irriken nahiz atsegin eta min-egoeren iturburua. Animaliei eta gizakiari dagokio. Nahimenarekin lotzen da.
  • Arima adimenduna edo arrazionala: Maila gorena eta gizakiaren ezaugarri nagusia. Eginkizun gorena hizkuntzan eta pentsamenduan islatzen da. Adimena edo nous-a arimaren forma gorena da, eta bi adimen mota bereizten dira:
    1. Adimen hartzailea: Ideiak antzeman eta itxura ematen die.
    2. Adimen egilea: Jardun, aldatu eta sortu egiten du.

Aristotelesentzat ez da gauza bera ongia zer den jakitea eta ongi jokatzea. Garrantzitsua da, noski, komeni zaiguna jakitea, baina ez da aski; izan ere, askotan, nahiz eta jakin zer egin behar dugun, kontrakoa aukeratzen dugu. Zergatik? Ez delako gauza bera ongia ezagutzea eta hori egitea. Zoriontasuna ekintzarekin dago lotua.

1.2 Zoriontasuna eta Akto Puruaren Kontenplazioa

Gizakiari dagokion berezko jarduera, Aristotelesentzat, Physis-a da. Natura, bere osotasunean, sistema organiko bat da. Sistema horretan hierarkia bat ematen da, non behekoek goragoko formak prestatzeko balio duten. Lau atal hierarkiko bereizten dira:

  1. Natura inorganikoa
  2. Landareak
  3. Animaliak
  4. Gizakia

Gizakiaren helburua Akto Puruaren kontenplazioan lortzen da, eta hori gure adimenaren jarduerarekin lotzen da. Horregatik, zoriontasuna Akto Puruaren kontenplazioarekin lotuko dugu, errealitatearen zentzu osoa ulertzen dugunean, alegia.

2. Etika: Bertuteak eta Bikaintasuna

Aristotelesentzat ez gara adimen hutsa; gure adimena garatzeaz gain, gure nahimena ere kontuan hartu behar dugu, nahimenak hautatzen baitu, azken finean, egin behar duguna. Orduan, zoriontasuna lortzeko, gure nahimenak —adimenak ona dena erabaki ondotik— hori bera hautatu behar du.

Horregatik bereizten ditu Aristotelesek:

  • Adimenezko bertuteak (dianoetikoak): Arimako alderdi arrazionala ongi erabiltzen denean lortzen direnak. Ongia ezagutzeko eta erabakitzeko balio dute.
  • Bertute etikoak: Gure nahimena eta gogoa ongi erabiltzen dugunean lortzen direnak. Ongi aukeratzeko ohitura onak dira.

2.1.1 Bertute Dianoetikoak

Hiru eginkizun mota egozten dizkie bertute hauei:

  1. Kontenplazioa: Errealitatean beharrezkoa eta unibertsala dena aztertzen duena.
  2. Ekoiztea: Gizakiaren helburuak burutzeko behar diren bitarteko hoberenak bilatzen ditu.
  3. Jakintza praktikoa: Bertute honen garrantzitsuena zuhurtzia (phronesis) da, zer egin erabakitzen laguntzen baitu. Hartaz baliaturik, jardun baten erdibidea zein den argitzen dugu: zer den ona eta zer den txarra. Zuhurtzia araugilea da gizakiarentzat. Dena den, zuhurtzia ez duen gizakiak (gazteegia delako, adibidez), eredugarriak diren giza zuhurren arabera jokatu beharko luke.

2.1.2 Bertute Etikoak: Muturren Arteko Erdibidea

Gizakiaren bikaintasun morala edo arete-a nahimenak adimenaren menpe jokatzean datza. Gizaki bikainak adimenak esaten diona aukeratzen du; hori egiten ez duena ez da bikaina. Arete-a, hautatu beharra oinarri duen izateko modua da, bai eta geurekiko erdibide bat ere. Bi grina txarren arteko erdibidea dugu: gehiegikeriaren eta gabeziaren artekoa.

Erdibidea bilatzeko ohitura da lortu behar dena, baina ez erdibide abstraktu bat, pertsonala baizik, norberaren burua kontuan hartuz. Gehiegikeria eta eskasia, biak dira bizioak. Arete-a ohitura bat denez, arituz lortzen da.

Zoriontasunaren ikuspegitik, kontenplazio-bertuteak izango dira garrantzitsuenak, jakinduria eskuratzea lortzen dutelako. Gizakiaren Ongi Gorena jarduera intelektualean datza. Jakinduria izanda gure berezko jarduera, bertan aurkituko du gizakiak plazerik eta zoriontasunik handiena. Orain, ez dago denen esku hori lortzea: emakumeak, esklaboak eta esku-lanetan aritzen direnak ezingo dute.

3. Politika eta Estatua

3.1 Gizabanakoa eta Gizartea

Politika zientzia guztietan funtsezkoena da, gainerako guztiak bere baitan biltzen dituelako. Gizakia animalia politikoa da (zoon politikon), elkarbizitza ezinbesteko zaion izakia. Bizi on bat izateko politika behar da, gizakiaren ahulezia eta babesik eza konpontzeko sortu baitzen bizikidetza.

Polisa (hiri-estatua) gizarte perfektua eta buruaskia da. Denboraren aldetik familiaren ondotik heldu bada ere, logikoki lehena da, beste gizarte mota guztiek hiria baitute helburu. Hirian egiten du gogoeta gizakiak eta hantxe hautatzen du libreki. Politikan, gizakia "logosa duen animalia" gisa definitzen da; komunikazio gune horretan datza gizakiaren esentzia.

3.2 Agintze Sistemak

Aristotelesek hainbat erregimen aztertu zituen: aristokrazia, oligarkia, demokrazia eta tirania. Garrantzitsuena ez da modu perfektua bilatzea, baizik eta hiritarren ongizatea, segurtasuna (asphaleia) eta egonkortasuna lortzea. Berak ez du Platonen antzera antolakuntza perfektu bat asmatu nahi, Polis bakoitzaren egoerara hobekien egokitzen dena baizik.

Erregimen onena bakoitzetik bikainena nahasten duena izango da:

  • Demokraziatik: Askatasuna.
  • Oligarkiatik: Aberastasuna sortzeko gaitasuna.
  • Aristokraziatik: Adimenaren bikaintasuna.

Estatuaren antolamenduan hiru ideia nagusi daude:

  1. Harmonia: Denoi komeni zaiguna lortzeko.
  2. Autarkia: Polisaren independentzia eta buruaskitasuna.
  3. Heziketa: Herritar onenak sortzea da estatuaren zeregina.

Teorian monarkia hoberena bada ere, praktikan aristokrazia hobea da. Demokrazia sistema ona da, baina heziketa maila altua eskatzen du. Aginte bat agintarien ongizateaz soilik arduratzen bada, bizioso bihurtzen da: monarkia tirania bihurtzen da, aristokrazia oligarkia, eta demokrazia demagogia.

Etika eta Politika lotuta daude: norbanakoaren ongia gizartearenarekin lotzen da. Bertute guztien artean justizia da nagusi, zuzen jokatzea bestearengana iraultzen baita. Aristotelesen ustez, garrantzitsuagoa da gizartea babestea gizabanako bakoitza baino; horregatik, bidegabekeria da gaitzik larriena.

4. Testuinguru Historikoa eta Filosofikoa

Aristoteles Mazedoniako erregearen medikuaren semea zen. Atenasera joan zen Platonekin batera Akademian ikastera. Platonen eragina nabarmena da, baina bere teoriak zalantzan jarri zituen, dualismoa kritikatuz eta mundu sentigarria soilik existitzen dela esanez.

Platon hil zenean, Aristotelesek ezin izan zuen Akademia zuzendu Mazedoniarra zelako. Filipo II.ak bere semearen (Alejandro Magno) hezkuntzaz arduratzeko eskatu zion. Ondoren, Atenasera itzuli eta bere eskola sortu zuen: Lizeoa (ikasleak peripatetikoak ziren). Alejandro hil zenean, Aristoteles Kalcisera joan zen eta bertan hil zen.

Testuinguru filosofikoan, Aristotelesek sintesi berri bat sortu zuen: Ideia Platonikoak gauza partikularren funts intrintseko bihurtu ziren. Naturaren ikuspegi berri bat garatu zuen: perfekzioa bilatuz eraldatzen diren izaki bizidunak (teleologismoa). Gizaki guztion desioa jakitea denez, zientzia desberdinak jorratu zituen eta logika prestatu zuen ezagutza zientifikorako tresna gisa.