Euskal Idazle Garaikideak eta Klasikoak: Biografiak eta Obrak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 7,03 KB

AMAIA LASA

Bete hutsuneak

Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan. Ez da harritzekoa, beraz, Amaia Lasak alfabeto berri bat, hizkera berri bat asmatu nahi izana. Ezerk ez zion balio; dena zeukan zerotik eraiki beharra. Horregatik, Amaia Lasaren poesia sorrera-poesia da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria. Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara. Emakumeak iraultza ekarri zuen maitasunaren aldarrian, eta Amaia Lasak beldurrik gabe agertzen dizkigu bere sentimenduak, apaindurarik gabe. Maitasuna bi bakardaderen bizikidetza baino ez dela frogatzerakoan, mina duen emakumea azaltzen da. Hori ere berria genuen.

Biografia

Getarian (Gipuzkoa) jaio zen, 1948an. Magisteritza eta literatura-ikasketak egin zituen, eta hiru urte eman zituen Nikaraguan, sandinismoaren garaian, irakaskuntzan laguntzen. Zeruko Argia, Egin eta Punto y Hora aldizkarietan eman zituen argitara lan garrantzizkoenak. Bere poesiak maitasunaren literatura egiten du, intimista, norberaren sentimenduaren adierazgarria dena. Horrez gain, ordura arte isilpean egon diren emakumeen ahotza entzunarazi zuen euskarazko poesiaren mundu maskulinoan. Amaia Lasaren poesiagintzan norberaren nahien eta errealitatearen arteko talka ageri da, nitasuna eta mundua batean integratzeko zailtasuna nahiz itxaropena.

BERNARDO ATXAGA

Bete hutsuneak

Pil-pilean zegoen Hego Euskal Herria Bernardo Atxagak Etiopia poema-liburua argitaratu zuenean. Orduan arreta handirik jaso ez bazuen ere, obra hark XX. mendearen amaierara bitarteko euskarazko poesiaren eragin handia izan du. Etiopiak abangoardia ekarri zuen: arau-urratzea, irudiaren nagusitasuna, bazterrekoaren edertasuna. Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko egin zion, baita sentimentalismoari edota baikortasunari ere. Poesia egiteko erreferentzia berria zekarren Etiopiak: poeta ez da inoiz mintzo lehen pertsonan, sentimenduak gorde edo intelektualizatu egiten ditu inozotasuna ekiditearren; maite ditu baztertuak eta lur-jotakoak; egunkarietako, liburuetako eta filmetako proposamen ugarien bitartez, ingurua collagearen teknikaz deskribatzen du.

Biografia

Jose Irazu Garmendia, literaturan Bernardo Atxaga, Asteasun jaio zen 1951n. Bera izan zen Aresti hil ondoren abiatutako literatura-mugimenduko egile nagusietako bat, eta gaur egungo idazlerik ezagunena da, bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo, bere lanek izan dituzten sari eta itzulpen ugariei esker. Literatura esperimentalista egin zuen Atxagak hasiera batean. 1980 inguruan, fase berri batean sartu zen: batetik, haur-literatura idatziz eta genero horri kalitate handia emanez, eta bestetik, geografia pertsonal bat sortuz: Obaba. Hamarkada osoan zehar hainbat ipuin eta nobela labur argitaratu zituen, gehienak Obabakoak liburuan bildu zituenak. Obabari nolabaiteko agurra Soinujolearen semea nobelan egiten diola esan genezake. Bere azken lana Zazpi etxe Frantzian izeneko eleberria da.

CASTILLO SUAREZ

Bete hutsuneak

Castillo Suarezek orbanak erakusteko joera du. Ez, ostera, exhibizionismoagatik, zaurietatik ikasi duena konpartitzeko baino, zaurien edertasunean sinesten baitu poetak. Distantziatik harrotasunez erakusten diren orbanak dira, soiltasunean arinkeriatik ihes egiteko ahalegina da, soiltasunean zeresan sakona dagoela frogatzeko ardura. Poeta askoren xedea izaten dena Castillorena ere bada: hitz gutxirekin gauza asko esatea lortzea. Eguneroko hizkuntzan oinarritutako prosazko poesiagintzan, nabarmentzekoa da antzekotasun gutxiko elementuak metaforaren bidez lotzeko joera, irakurleak nekez uztartuko lituzkeen kontzeptuak korapiltzekoa. Jose Luis Otamendiren antzera, lirika jorratzen du, baina idazkera narratiboa du espresiobide Castillo Suarezek.

Biografia

Castillo Suarez Altsasun sortu zen 1976an. Euskal Filologian lizentziatu zen EHUn eta euskara teknikari lanetan dihardu. Orain artean poesia izan du sormen literariorako adierazpide, literatura-kritika ere jorratu izan badu ere. Besteak beste, Berria egunkarian zein Nabarra aldizkarian zutabegile lanetan ibilitakoa da. Hainbat sari eta beka eskuratu ditu, bere lanak plazaratzea ahalbidetu dizkiotenak.

ESTEBAN URKIAGA LAUAXETA

Bete hutsuneak

Esteban Urkiaga poeta eta politikaria izan zen. EAJko propaganda arduraduna izan zen. Ardura horien kausaz Gernikara joan eta Le Petit Gironde Frantziako kazetako Georges Bernaerd-ekin batera eman zituen azken 55 egunetan etsipena zein euforia erakusten duten testamentu edo azken nahikari legezko poemak idatzi eta autoerretratuak marraztu zituen. 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten Gasteizko kanposantuaren aurrean. Bere figura eta bere heriotza tragikoa gure poesiaren gai izatera heldu zaizkigu. Ugariak izan dira Lauaxeta kantatu duten poetak: Eusebio Erkiaga, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Omar Navarro...

Biografia

Laukizen jaio zen 1905ean eta Gasteizen fusilatu zuten 1937an. Jesuitetako ikasle izan zen eta han zaletu zen euskararekin. Lagundia utzita, Bilbon Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun gisa aritu zen 1928tik aurrera. Abertzale militantea, mitinetan hizlari ere ibili zen Errepublikako urteetan, eta 36ko gerra iritsi zenean gudarien batailoietan. Lizardirekin batera, euskal poesiaren berritzaile handia izan zen Lauaxeta, eta modernitatearen bide horretan hura baino aurrerago joan zela ere esan liteke. Lauaxeta gai sozialei kantatzen aitzindarietakoa izan zen. Halaber, abertzaletasuna eta fede kristaua etengabeko gaiak izan ziren bere olerkigintzan.

GABRIEL ARESTI

Biografia

Bilbon jaio zen 1933an. Ez zuen euskara etxean ikasi. Hamabi urte zituela zerbaiten gabezia zuela konturatu zen: euskara ikasi behar zuen euskalduna izateko. Bere burua euskaldun egin zuen. Bulego gris batean kontulari lanak egin zituen. Poeta, antzerkia berritu, kantagintza sustatu, itzulpenak, ipuinak, nobela idatzi eta artikulu eta hitzaldi mordo, zorrotzak bezain polemikoak, argitaratu zituen. Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zuen bere lehen poema. Askorentzat XX. mendeko euskal poeta handiena da.

Bete hutsuneak

Gabriel Arestiren hainbat poema sinbolo bihurtu dira euskaldunentzat; haren hizkuntza ereduak hurrengo belaunaldiak eta euskara bera markatu ditu, eta bere adimen kementsuak mugarri den obra zabala utzi digu. Nabarmentzekoa da, poeta askorentzat ezinbesteko iturria izan den Harri eta herri liburua. Sorrera-liburu guztiak bezala, ikur bilakatu zen, eta itzal egin dio egilearen obra osoari. “Hemen dago gizona, paper honetan dago. Nago.” Deklarazio xume bezain zintzo honekin hasi zuen Gabriel Arestik bere obra nagusia. Poeta eta gizona bat dira, ez dago bereizkuntzarik; artistak uko egin dio izaki berezia izateari. Poesia “enplegu txar bat” da, ez gutxiago, ez gehiago. Eta hau ezinbesteko giltza da Arestiren obra poetikoa ez ezik, bere jarrera publikoa ulertzeko.