Espainiako Historia Garaikidea: Errepublikatik Gerra Zibilera
Biurteko Erreformista (1931-1933)
Gobernuak, Manuel Azaña buru zela eta errepublikanoen eta sozialisten koalizioak osatuta, erreformen politika egin zuen.
Estatuaren eraldaketa
Zentralismoa bertan behera utzi nahi zen. Kataluniak autonomia-estatutu bat eta Parlamentua eta Gobernua, Generalitat delakoa, onestea lortu zuen. Euskal Herriak, Galiziak eta Andaluziak ere autonomia estatutuetan proiektuak egin zituzten, baina ez ziren onetsi.
Gizarte-eraldaketa
Langileen lan-baldintzak hobetu nahi izan ziren. Horretarako, honako erabaki hauek hartu ziren:
- Astean 40 orduko lanaldia ezartzea.
- Alokairuak igotzea.
- Aseguruak sortzea.
Nekazaritza-eraldaketa
Lurraren jabetza modu bidezkoagoan banatu nahi zen. Hori lortzeko, Nekazaritzaren Erreformarako Oinarrien Legeak gaizki ustiatutako latifundioak desjabetzea onartu zuen, kalte-ordainekin, eta horietan nekazariak ezartzea, modu indibidualean edo kooperatibetan elkartuta.
Biurteko Kontserbadorea eta Fronte Popularra (1933-1936)
Hauteskundeen ostean, zentroko Alderdi Erradikalak gobernatu zuen, Lerroux buru zela, CEDAren laguntzarekin. Azken hori eskuineko alderdien koalizioa zen eta Jose Maria Gil-Robles zen buru. Gobernu berriak egindako bira kontserbadorearen eraginez eta eraldaketak gelditu zituztenez, grebak eta mobilizazioak ugaritu egin ziren eta 1934ko Urriko Iraultza sortu zen. Mugimendu horrek Asturiasen eta Bartzelonan indar handia lortu zuen. Iraultzak jarrera politikoen polarizazioa areagotu zuen, eta gobernua deskonposatu egin zen. Ezkerra koalizio batean elkartuta aurkeztu zen, Fronte Popularra, eta garaipena lortu zuen.
Fronte Popularraren gobernua
Fronte Popularraren gobernuak aurre egin behar izan zion politikaren erradikalizazioari. Ezkerrean PSOEren sektore erradikalak irabazi zuen, eta horiek gizarte-iraultzaren aldekoak ziren. Eskuinean, Espainiako Falangea, erregimen faxista ezarri nahi zuen alderdi ultraeskuindarra, hazi egin zen.
Gerra Zibila (1936-1939)
Estatu-kolpea eta bando bakoitzaren babesak
Altxamendu militarra Espainia osora hedatu zen. Batez ere landa-inguruetan izan zuen arrakasta, eta porrota izan zuen inguru industrializatuenetan.
- Herrialdearen barrualdean, matxinatuek militar kontserbadoreen, nekazaritza-jabeen, goi-burgesen, monarkikoen, karlisten eta katoliko askoren laguntza izan zuten.
- Espainiatik kanpo, Parte ez Hartzeko Batzordea eratu zen, atzerritarrek bando bakoitzari laguntza emanda mundu-gerra sor ez zedin, baina ezin izan zuen saihestu bi bandoek laguntza jasotzea. Matxinatuek Alemaniaren eta Italiaren laguntza izan zuten, eta Errepublikak SESBren eta Nazioarteko Brigaden laguntza jaso zuen.