Espainiako Ekonomia Frankismoan (1939-1973)
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,69 KB
Aztergai dugun grafikoa izaera ekonomikoa duen grafiko lineala da. Bertan, 1939tik 1973ra bitarteko biztanle bakoitzeko BPGaren bilakaera irudikatzen da. Datu hau herrialde baten egoera ekonomikoa islatzen duen adierazle nagusia da, herrialde batek ekoizten dituen ondasun eta zerbitzu guztien balioen batura baita.
Grafikoan, ardatz horizontalean urteak adierazten dira, eta ardatz bertikalean, berriz, errenta maila pesetatan.
Frankismoaren Garaiko Ekonomia (1939-1973)
Grafikoan bi etapa nagusi bereiz ditzakegu, eta horien barruan azpietapak.
Testuinguru Historikoa: Frankoren Diktadura (1939-1975)
Testuinguru historikoari dagokionez, Frankoren diktaduran koka dezakegu (1939-1975). Diktadura honen ezaugarriak, besteak beste, hauek ziren:
- Eskubide eta askatasun eza
- Totalitarismoa
- Alderdi politiko bakarra eta sindikatu bertikala
- Diktadura pertsonala
- Zentralismoa
- Katolizismoa
- Komunikabideen kontrola
Analisi Ekonomikoa: Bi Etapa Nagusi
Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, bi etapa bereiz ditzakegu, lehen aipatu bezala:
1. Etapa: Autarkia (1939-1959)
1939-1949: Autarkia Garaia
1939-1949 bitartean, Autarkia garaia eman zen. Frankoren helburu nagusia buruaskitasun ekonomikoa, hau da, autarkia, lortzea zen. Horretarako, kanpoaldetik isolatzea eta merkatu librearen ordez estatuak ekonomian esku hartzea bultzatu zuen. Horrek, epe motzean, miseria eta gosea ekarri zituen, eta epe luzeagoan, lehiakorra ez zen ekonomia bat sortu zuen.
1951-1959: Depresioaren Azken Urteak
Bestetik, 1951-1959 bitartean, depresioaren azken urteak eman ziren, eta ekonomia pixkanaka hazten hasi zen. AEBetako lehen mailegu eta inbertsioei esker, eta kanpo merkataritzaren liberalizazioari esker, miseria eta arrazionamenduaren amaiera eman zitzaion.
1959ko Egonkortze Plana
1959an Egonkortze Plana onartu zen, estatuak ekonomian esku hartzeari bukaera emateko eta merkataritza eta finantzak liberalizatzeko.
2. Etapa: Desarrollismoa (1959-1973)
1959-1973 bitartean, bigarren etapa bereiz dezakegu: Hazkunde Handiko Garaia, Desarrollismoa alegia. Opus Deiko teknokratak nagusitu ziren, eta hauek ekonomia zuzentzeko planak egin zituzten. Lehenengo, Egonkortze Plana (1959), eta 60ko hamarkadan, Garapen Planak. Hauen bidez, ekonomia egonkortu zuten, baita kanpo eta barne merkataritza liberalizatu ere.
1959-1963: Hasierako Hazkundea
Etapa honen barruan, 1959-1963 bitartean biztanle bakoitzeko BPGaren hazkundea eman zen, plan hauei esker.
1963-1973: Garapen Ekonomiko Handia
Halaber, 1963-1973 bitartean garapen ekonomiko handia eman zen, hainbat faktoreren eraginez:
- Turismoaren booma (atzerriko dibisak ekarriz)
- Atzerriko inbertsioak handitu ziren
- Askok Europara emigratu zuten (diru-bidalketak ekarriz)
- Hiri industrialak sortu ziren
- Lan-exodoa gertatu zen
Ondorioak eta Aldaketak
Ondorioz, Espainian bi etapa nagusi bereizi zirela ondoriozta dezakegu: Autarkia eta Desarrollismoa. Gainera, per capita errenta igo zenez, kontsumismoa areagotu zen, eta Espainia Europa mailara hurbildu zen, ongizatea hobetuz. 1963an Gizarte Segurantza sortu zen, pentsioak eta erretiroak hobetuz. Hezkuntza Legearen bidez, analfabetismoa murriztu zen. Espainia lurralde atzeratua izateari utzi eta lurralde industriala eta zerbitzuena bihurtu zen.
Hala ere, ez zen gai izan jende guztiari lana emateko; beraz, emigrazio handia gertatu zen, eta Espainia atzerriko kapitalaren menpe geratu zen. Ekonomia egitura berri hau 1973 arte mantendu zen, petrolioaren krisia gertatu arte.