Erregimen Zaharretik Berrirako Trantsizioa: Liberalismoa eta Gizartea

Historia4,63 KB

Erregimen Zaharra eta Erregimen Berria: Definizioak

Erregimen Zaharra

Iraultza Frantsesaren aurreko antolaketa soziala, politikoa, ekonomikoa eta pentsamoldeak adierazten dituen kontzeptua da.

Erregimen Berria

Iraultza Frantsesetik eta, oro har, iraultza burgesetatik aurrera aurkitzen dugun antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko berria da.

Espainian ere, nahiz eta murriztuagoa izan, iraultza burgesa izan genuen. Burgesia hemen ahula izan arren, XIX. mendean indartzen joango da. Cadizko Gorteetatik aurrera, Erregimen Berria ezarriko da Espainian ere. Erregimen Berria, hain zuzen ere, burgesiak garatzeko eta gobernura iristeko behar zuen markoa zen. Marko hau hobeto definitzen duen hitza Liberalismoa dugu, bai arlo ekonomikoan, bai politikoan.

Trantsizioa: Iraultza Burgesaren Ondorioa

Beraz, Erregimen Zaharretik Erregimen Berrirako urratsa Iraultza Burgesaren ondorioa da. Burgesiak, indarkeriaren bidez, lehenbizi boterea eskuratzen du, eta gero botere hori erabiltzen du berarentzat mesedegarria ez zen Erregimen Zaharreko egoera aldatzeko. Horrela sortuko da Erregimen Berria.

Gizarte Antolaketa: Estamentuetatik Klaseetara

Erregimen Zaharreko Gizartea (Estamentuak)

Estamentutan banatuta zegoen (noblezia, kleroa eta hirugarren estatua). Jaiotza zen desberdintasunaren oinarria: noble jaioz gero, noble hilko zinen. Nobleak eta kleroak pribilegiatuak ziren:

  • Zergak ez zituzten ordaintzen (elizak uztaren %10a jasotzen zuen, diezmoa).
  • Lege bereziak zituzten.
  • Goi karguak monopolizatzen zituzten.

Hirugarren estamentuak ordaintzen zizkion zergak estatuari.

Erregimen Berriko Gizartea (Klaseak)

Klaseetan banatuta zegoen (goi klasea, klase ertaina eta behe klasea). Dirua zen desberdintasunaren oinarria, eta hori mugikorra zen, jaiotza ez bezala. Horrek mesede egin zion burgesiari, gobernu eta administrazioko kargu batzuen ateak zabaldu baitzitzaizkion.

Liberalismo Politikoa eta Oinarri Juridikoak

Liberalismoa

Doktrina politiko eta ekonomikoa da, gizartearen funtzionamendu ezin hobea gizabanakoaren askatasunean oinarritzen duena. Gizabanakoa da gauzarik garrantzitsuena, eta estatuaren politikak haien askatasuna bermatu behar du. Oinarri nagusiak Demokrazia (hiritarren parte-hartzea) eta Konstituzioa (eskubideak bermatzea) dira.

Erregimen Berriko Sistema Politikoa

Antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko berria dakar. Sufragio motak eboluzionatu egin zuen:

  • Hasieran zentsu-sufragioa (dirudunek bakarrik bozkatzen zuten).
  • Gero gizonezko sufragio unibertsala.
  • Azkenik sufragio unibertsala.

Konstituzioa da oinarri juridikoa.

Oinarrizko Kontzeptu Liberalak

Konstituzioa
Estatu bateko lege orokor eta gorena da. Bertan azaltzen dira gizabanakoen eskubide eta askatasunak, eta estatuaren funtzionamendua.
Gizabanakoen Eskubide eta Askatasunak
Gizabanakoa libre da ekonomian eta politikan jokatzeko. Estatuaren politikak gizabanakoaren askatasuna bermatu behar du.
Jabego Pribatua
Bakoitzak bere lur eremu pribatua du, eta horrekin nahi duena egin dezake. Konstituzioan funtsezkoa da, norberaren ondasunekin nahi dena egiteko eskubidea bermatzen baitu.
Lege Aurreko Berdintasuna
Lege berdinak mundu guztiarentzat, pribilegioak ezabatuz.
Botere Banaketa
Boterea instituzio desberdinen artean banatzea (legegilea, betearazlea, judiziala), elkar kontrolatzeko eta absolutismotik aldentzeko.
Subiranotasun Nazionala
Botere gorena nazioari dagokio. Herriak hautatzen du gobernua hauteskundeen bidez.

Liberalismo Ekonomikoa

Merkatu Librea

Ekonomia berez erregulatzen da (merkatu librea). Estatuak ez du parte hartzen. Zenbat eta arau gutxiago, orduan eta hobeto.

Eskaintza eta Eskariaren Legea

Merkatuaren funtzionamenduaren oinarria:

  • Eskaintza (handitu) → Prezioak (jaitsi) → Produkzioa (jaitsi)
  • Eskaria (handitu) → Prezioa (igo) → Produkzioa (igo)

Merkataritza Politikak

Protekzionismoa
Muga-zerga altuak ezartzea bertako produktuak babesteko.
Librekanbismoa (Merkataritza Librea)
Muga-zergarik ez egotea edo oso baxuak izatea. Nazioarteko merkataritzan erabiltzen den estrategia, inportazioak ez mugatzeko.

Erregimen Zaharreko Egiturak

Gremioak (ermandadeak): Artisauen elkarteak eta ofizioak. Liberalismoak egitura hauek ezabatu zituen.

Descargar

PDF Word HTML