Enpresa Estrategia, Lehia eta Hazkunde Estrategiak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 20,3 KB
1. Enpresa Estrategia
Estrategia: enpresa batek egin behar dituen ekintzei eta horietarako erabili ditzakeen baliabideei buruz har ditzakeen erabakien multzoa. Horren helburua arrakastarekin lotutako enpresa-helburuak lortzea da.
Zuzendaritza Estrategikoa
Zuzendaritza estrategikoa: estrategia edo estrategia-multzo baten kudeaketa prozesua da, enpresaren barruan. Enpresa ingurune aldakor bati eta lehiakideen interakzioari egokitu behar zaio, epe luzeari begira. Enpresaren zuzendaritzaren helburu nagusia enpresaren arrakasta da, lehia-posizioa hobetuz edo antolakuntza mehatxatzen duten arazoak konponduz.
Estrategiaren Zikloa
- Estrategia
- Ekintza plana (estrategia martxan jarri)
- Helburuak lortu
Zuzendaritza Estrategikoko Prozesua
Analisi Estrategikoa
Argi eta garbi zehaztu zer helburu lortu behar diren.
- Enpresaren kanpo-azterketa egin (aukerak eta mehatxuak). Ingurunea aztertu, orokorra eta espezifikoa, lehiakidearenarekin konparatuz. (AMIA)
- Enpresaren barne-azterketa egin (indarrak eta ahuleziak). Enpresaren antolaketa aztertu eta lehiakidearenarekin konparatu. (AMIA)
Estrategia Aukeratzea
Zer estrategia mota ezarri nahi den zehaztu (Korporatiboa, negozio-estrategia edo estrategia operatiboa).
Estrategia Ezartzea
Enpresaren estrategia nola aplikatuko den zehaztea eta planifikatzea. Estrategia-ekintzen denborazko plana zehaztu.
Estrategia Motak
- Estrategia korporatiboa: Enpresaren helburu globalak (Zer sektore hautatu, zer produktu saldu...).
- Negozio-estrategia: Alderdi jakin batzuekin lotuta (Prezioa, marketin-estrategia...).
- Estrategia operatiboa: Enpresaren baliabideak efizientziaz kudeatzea. Estrategia korporatiboren bat edo negozio-estrategiaren bat lortzen laguntzea du helburu (Nola aurreztu materialetan, nola ekoitzi errazago, nola lortu kredituak...).
2. Lehia Estrategiak: Abantaila eta Balioa Sortzea
Enpresaren lehia-estrategiek sektoreko gainerako enpremekiko posizioa hobetzea dute helburu, lehiakideek baino emaitza hobeak lortzeko lehia-abantailak eskuratuz.
Lehia-abantaila
Lehia-abantaila: enpresak lehiakideen aldean posizio hobea lortzeko eta hura sendotzeko garatu behar dituen barne-ezaugarrien multzoa.
Balioa Sortzea eta Balio-katea
Enpresaren lehia-posizioa hobetzen lagundu dezakeen elementu bat balioa sortzea da. Hau da, balio erantsia sortzea, lehia-estrategia baten barruan arrakasta lortzeko elementu bat.
Balio-katea: Michael E. Porter ikertzaileak dioenez, enpresa-jarduera aztertzeko modu bat da, enpresak bere jardun orokorra zenbait zatitan bereizteko modu bat, balioa sortzen duen jardueretan lehia-abantaila lortzeko iturriak identifikatu ahal izateko.
Porterren Balio-katea
Enpresa-jardueraren azterketa honen bidez, jarduera bakoitzari errentagarritasun handiena lortzen saiatzen da, beharrezkoa ez den guztia murriztuz.
Balio-katea bi jarduera motatan banatzen da:
- Laguntza-jarduerak:
- Administrazioa eta kudeaketa
- Giza baliabideen zuzendaritza
- Teknologia
- Finantzak, kontabilitatea, kalitatea...
- Lehen mailako jarduerak:
- Barne-logistika
- Ekoizpena
- Marketina eta salmentak
- Zerbitzua
Lehia Estrategia Motak
Enpresa batek lehia-abantaila bat lortzeko zer negozio-estrategia ezar ditzakeen zehazten du. Hiru motatako lehia-estrategia daude:
- Desberdintze-estrategia: Produktua lehiakideen produktuetatik bereiztea edo produktu bakarra delako pertzepzioa sortzea.
- Kostuetan liderra izatearen estrategia: Kostu baxuenetan ekoiztea, lehiakideek baino prezio merkeagoa eskaini ahal izateko.
- Espezializazio-estrategia: Merkatuko segmentu batean arreta jartzea eta desberdintzeko edo kostuetan liderra izateko estrategiak aplikatzea.
3. Enpresaren Ingurunea
Ingurune batean parte hartzen duten sistemak dira enpresak. Enpresak inguruneari eragiten dio eta ingurunearen eragina jasaten du.
Ingurune Motak
Bi ingurune mota daude:
- Ingurune orokorra: Enpresa guztiei eragiten die. Hainbat alderdik osatzen dute: ekonomikoak, soziologikoak, politikoak, legalak, teknologikoak eta ingurumenekoak.
- Ingurune espezifikoa: Enpresa jakin batzuetan du eragina. Sektore berdinetan daudenak eta ezaugarri komunak dituztenak. Alderdi hauek osatzen dute: hornitzaileak, bezeroak, lehiakideak, finantza-bitartekariak, banatzaileak eta lan-merkatuak.
Ingurunearen Azterketa: AMIA Metodoa (SWOT)
Enpresan eragina izan dezaketen faktoreak aztertzeko metodo bat da. Batetik, indarrak eta ahuleziak daude (enpresaren barne-ebaluazioaren bidez hautematen dira), eta bestetik, aukerak eta mehatxuak (ingurunearen azterketa eginez jakiten dira).
| Barne Faktoreak (Enpresaren Atributuak) | Kanpo Faktoreak (Ingurunearen Atributuak) | |
|---|---|---|
| Positiboak (Helburuentzako) |
Indarrak Puntu indartsuak: enpresaren gaitasunak dira, lehiatzeko abantailak. Enpresaren antolaketa aztertzen da, eta lehiakideen antolaketarekin konparatzen da. |
Aukerak Enpresari lehiatzeko abantaila, errentagarritasuna hobetzea edo negozio-kopurua handitzeko ahalmena ekar liezaiokeen edozer gauza. Ingurunea aztertzen da, orokorra eta espezifikoa. |
| Negatiboak (Helburuentzako) |
Ahuleziak Puntu ahulak: ekintzak aurrera eramatea mugatzen dituzten gauzak. Enpresarentzat oztopoak dira. Kontrolatu eta gainditu beharrekoak. |
Mehatxuak Inguruneko indarrak dira eta ondorengo eraginak izan ditzakete: estrategia ezartzea galaraztea, eraginkortasuna murriztea, arriskuak areagotzea, baliabide gehiagoren beharra izatea edo diru-sarrerak eta errentagarritasuna jaistea. |
AMIA Adibideak
| INDARRAK | AHULEZIAK |
|---|---|
| Ondo prestatutako giza baliabideak | Motibazio eta prestakuntza gutxiko langileak izatea |
| Helburu argiak | Helburuak oso argi ez izatea |
| Puntako teknologia edukitzea | Ekonomia-baliabide urriak |
| Ekonomia-baliabideak izatea | Zaharkitutako teknologia |
| AUKERAK | MEHATXUAK |
| Demografia-hazkundea | Lehiakide berriak agertzea |
| Merkatuak hazkunde-zikloan egotea | Ordezko produktuak agertzea |
| Esportatzeko aukerak | Bankuen interes-tasek gora egitea |
| Teknologia berriak agertzea | Merkatua krisian egotea |
Porterren Lehia Indarrak (Bost Indarren Eredua)
Enpresa baten lehia-egoera enpresaren ingurunean identifika daitezkeen bost aldagaien araberakoa da.
Enpresak bost faktore horiek aztertu ondoren, estrategia korporatibo bat adierazi ahal izango du, eta horren bidez, merkatuan duen posizioa eta bere negozioaren arrakasta-espektatibak egokien planifikatzeko aukera izango du.
- Ordezko produktuen mehatxuak
- Lehiakide berrien mehatxuak
- Bezeroen negoziazio-ahalmena
- Hornitzaileen negoziazio-ahalmena
- Lehiakideen lehia-maila
Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE)
Enpresak gizarte-alderdiak ere kontuan izan behar ditu, eta horren ondorioz enpresaren erabakiek gizartean izan dezaketen eragina.
Enpresek hartutako erabakiek gizarte-kostua dakarte: bere jarduerak enpresaren parte ez diren beste pertsona batzuei kalteak eragin dizkienean sortutako kostua.
Gizarte-erantzukizun korporatiboa (GEK): Gizarte- eta ingurumen-kezka horiek enpresaren erabakietan txertatzea.
GEK Adibideak
- Enpresaren barruko jokabide-kodeak egitea.
- Langileek familia-bizitza eta lan-bizitza bateragarri egin ahal izateko neurriak hartzea.
- Langileei prestakuntza ematea, ingurumen-alderdiei buruz.
Balantze soziala: borondatezko dokumentua, enpresak gizarte-ikuspegiz egiten dituen jarduerak jasotzen ditu.
Etika Negozioetan
Jarduteko onartutako arau batzuk daude, zuzentasun moralean oinarrituak: zintzotasuna, legeak eta ingurumena errespetatzea, langileekin hartutako konpromisoak betetzea, etab.
4. Hazkunde Estrategiak
Enpresaren Kokapena eta Dimentsioa
Enpresak eta enpresaren jarduerak arrakasta izateko, oso erabaki estrategiko garrantzitsua da enpresa non kokatuko den eta zer dimentsio izango duen zehaztea.
Kokapen Faktoreak
- Merkatuaren eskaria: Bezero potentziala non dagoen.
- Lehengaien hornidura: Lehengaien kalitatea, kostua eta eskuratzeko erraztasunak.
- Lan-merkatua: Enpresan lan egin dezaketen langileak, haien ezagutza teknikoak, lege-egoera.
- Komunikabideak eta garraioa: Garraioak erraz heltzeko moduko lekua den.
- Hornidurak: Horniduren eskuragarritasunari buruzko informazioa (elektrizitatea, ura...).
- Eraikuntza-lanen kostuak: Kostua ez da berdina leku guztietan.
- Legedia: Zer lege-arau mota dauden (zerga-alorrekoak, merkataritza- eta gizarte-alorrekoak...).
- Inbertsioak eta finantzazioa: Finantza-erakundeak eskuragarri izatea eta inbertsioak egiteko aukera.
- Eskualdearen ekonomia-garapena: Eskualdearen garapen-maila aztertu behar da.
Dimentsio Faktoreak
- Salmentak edo fakturazioa
- Ekoizpen-ahalmen instalatua
- Ekoizpen-bolumena
- Lanean diharduten baliabideak
- Baliabide propioak
- Enpresaren plantila
- Enpresak sortutako balio erantsia
- Mozkin gordinak
Barne-hazkundea
Enpresen lehenbiziko helburua barne-hazkundea izaten da. Horretarako, ekoizpen-ahalmena handitzea erabaki dezake, produktu bera ekoizten jarraituz (espezializazioa) edo produktu berriak ekoitziz (dibertsifikazioa).
Ansoffen Matrizea
Barne-hazkundearen aukerak hobeto aztertzeko:
| Produktuak | ||
|---|---|---|
| Merkatuak | Egungoak | Berriak |
| Egungoak | Merkatuan gehiago sartzea (Espezializazioa). Egungo merkatuetan produktu gehiago saltzea. | Produktu Berriak Sortzea (Dibertsifikazio-estrategia). Produktu berriak egungo merkatuetan saltzea. |
| Berriak | Merkatua Garatzea (Espezializazioa). Produktu berdinak beste merkatu batzuetan saltzen saiatzea. | Dibertsifikazioa. Produktu berriak ezagunak ez zaizkigun merkatuetako bezeroei saltzea. |
Hazkunde Estrategiak (Barnekoa eta Kanpokoa)
Enpresaren helburuetako bat ekoizpen-ahalmena handituz joatea da. Bi modu daude enpresek hazkundea izateko:
- Barne-hazkundea
- Enpresaren ekoizpen-ahalmena handitzea. Hau da, enpresaren ondarea handitzea, inbertsio berrien bidez.
- Kanpo-hazkundea
- Beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzea, beste merkatu batzuetan sartzeko.
Kanpo-hazkundea
Barne-hazkundearekin nahikoa ez denean, enpresek kanpo-hazkundera jotzen dute. Beste enpresa batzuekin lankidetzan aritu edo akordioak egiten dituzte.
Kanpo-hazkunde Motak (Integrazioa)
- Bat-egite purua: Sozietate batzuk elkartzen dira beste sozietate berri bat sortzeko. Ondare bakarra eratzen dute. Indarrak batzeak aukera ematen die enpresa horiei bakarrik lortuko ez lituzkeen helburuak lortzeko.
- Xurgapen bidezko bat-egitea: Enpresa batek beste bat edo batzuk erostea (xurgatzea). Beste enpresa horiek desegin egiten dira eta beraien ondarea enpresa erosleak bereganatzen du.
- Partaidetza-sozietatea: Enpresa batek beste enpresa baten kapital sozialaren zati bat erosten du, enpresa hori mendean hartzeko.
Enpresen Lankidetza (Akordioak)
Enpresa independenteen arteko harreman bereziak dira: akordioen bidez, enpresak lankidetzan ibiltzen dira helburu komunak lortzeko baliabideak eta informazioa partekatzeko, kostuak eta arriskuak gutxituz.
- Klusterrak: Ekonomia-sektore jakin batean interesa duten enpresen, erakundeen eta unibertsitateen kontzentrazio geografikoak. Negozio bereko enpresa-taldeak, antzeko erronka estrategikoak dituztenak.
- Joint-Ventureak: Bi enpresen edo gehiagoren arteko akordioak dira, non biek kapitala edo beste aktiboren bat jartzen duten. Beste herrialde desberdinetako enpresen artean egiten dira, enpresetako batek ondo ezagutzen ez duen herrialde batean jardun nahi duenean.
Kontzentrazio Motak
- Trustak edo kontzentrazio bertikalak: Enpresa-multzoak dira, denen artean ekoizpen-prozesuko fase guztiak hartzen dituztenak, kostuak murrizteko eta merkatuan nagusi izateko.
- Kartelak edo kontzentrazio horizontalak: Ekoizpen-sektore bereko enpresa-elkarteak dira. Merkatuaren gehieneko kontrola dute eta ados jartzen dira prezioetan eta salmenta-estrategietan.
- Holding-a: Enpresa nagusi batek beste enpresa batuetako akzioak eta partaidetzak erosten ditu eta enpresa horiek kontrolatzen ditu.
5. Nazioartekotzea eta Enpresa Multinazionalak
Nazioartekotzea
Globalizazioa: Herrialdeen arteko ekonomia-harremanen hedapena, mundu-ekonomia sortzeko adinekoa, non parte hartzen duen ekonomia bakoitza besteen mende dagoen.
Nazioartekotzea: Nazioarteko merkatuetara irekitzea. Enpresa batek nazioarteko merkatu horietan jarduteko egiten dituen eragiketak.
Nazioartekotze-estrategiak
- Nazioartekotze multidomestikoa: Antolaketa oso deszentralizatua. Filialen jarduna independentea da. (Adibidez: Enpresa batek mundu osoan zehar hainbat enpresa ditu, baina ez die esaten nola funtzionatu behar duten; independenteak dira.)
- Nazioartekotze globala: Filialak enpresa nagusiaren mendekoak dira. (Adibidez: Enpresek nagusiak agindutakoa egiten dute.)
- Nazioartekotze transnazionala: Antolaketa partzialki zentralizatua. Modu independentean jarduten dute, baina koordinazioa dago.
Enpresa Multinazionalak
Multinazionalak enpresa-multzoak dira. Horietako bat enpresa nagusia da eta besteak enpresa nagusiaren filialak. Nagusia jatorrizko herrialdean egoten da eta filialak herrialde desberdinetan banatuta.
Ezaugarriak
- Multzo osoaren emaitzei esker, elkar konpentsatzen dira eta oreka lortzen dute.
- Punta-puntako teknologia dute.
- Enpresa nagusiak taldeak jarraitu beharreko estrategia zehazten du eta filialak taldeko ekoizpen-jarduerez arduratzen dira.
- Oso handiak direnez, eskala-ekonomiak lortzeko aukera dute.
- Oso handiak direnez, garrantzi handia izaten dute beren sektorean.
- Enpresa nagusiak filialen gaineko kontrola du, haien kapital sozialean partaidetza izanda.
Deslokalizazioa
Ekoizpen-jarduerak herrialde industrializatuetatik garapen-bidean dauden herrialdeetara aldatzea, garapen-bideko herrialde horietako biztanleen soldatak baxuagoak direlako. (Adibidez: Enpresak merkeago aterako zaien lekuetara eramatea.)
Kostuak minimizatzean, enpresek lehiakideek baino merkeago ekoiztea eta lehiakorragoak izatea lortzen dute, merkeago saldu ahal izango dutelako.
Deslokalizazio Egoerak
Bi egoera hauek gerta daitezke:
- Enpresak jatorrizko herrialdeko ekoizpen-instalazioak guztiz ixtea.
- Enpresak jatorrizko herrialdean neurri batean ekoizten jarraitzea, nahiz eta ekoizpen hori asko murriztu.
Deslokalizazioak oso eragin negatiboa izan dezake jatorrizko herrialdean: langabezia eta desinbertsioak gora egiten dute, eta kaltegarria da eskualdeko edo herrialdeko ekonomiarako.
Destinoko herrialdean kontrakoa gertatzen da: inbertsioak egiten dira eta enplegua sortzen da (onuragarria hango biztanleentzat).
6. Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak)
Oso garrantzitsuak dira bai gizartean eta bai ekonomian, familia asko enpresa horien mende daudelako.
Definizioa
- Enpresa txikia: Langileak 50 baino gutxiago eta fakturazioa 5 milioi euro baino gutxiagokoa.
- Enpresa ertaina: Langileak 50-250 artekoak eta fakturazioa 5-10 milioi eurokoa.
Enpresa-multzo horretakoak dira estatuko enpresen eta Euskadiko enpresen %98 baino gehiago. Beraz, oso garrantzitsuak dira bai gizartean eta bai ekonomian, familia asko eta asko horietan lan egiten dutelako.
ETEen Abantailak eta Desabantailak
| Abantailak | Desabantailak |
|---|---|
| Antolaketa malgua | Enpresa-prestakuntza urria |
| Langileen integrazioa | Finantza-ahalmen urria |
| Merkatu interstizialetan garatzea | Langileen kualifikazioa eta prestakuntza teknikoa baxuagoa |
| Enplegu-sortzaileak | Zaharkitze teknologikoa |