"El intruso" (1904): Bizkaiko meatzarien bizitza eta borroka
Testuaren sailkapena
Aztertzen ari garen testua lehen mailako iturri historikoa da, aztertzen ari garen garaian jatorria duen idatzia delako. Formaren aldetik narratiboa da, eleberri bat baita; edukiaren aldetik, berriz, soziala da, langileen bizi-baldintzei buruzko kritika egiten duelako.
Egilea Vicente Blasco Ibáñez da, idazle, kazetari eta politikari espainiarra. Valentziako idazle hau Areilza doktorearen (Trianoko ospitaleko zuzendaria) laguna zen, eta Areilzak eskatu zion eleberria idazteko. Areilzaren bizitzan oinarrituta dago; hau da, benetako istorioa da, baina pertsonaien izenak aldatuta daude.
Testu publikoa eta nazionala da, Espainiako gizarteari zuzenduta baitago. Bere helburua meatzarien lan-baldintza gogorrak salatzea zen. Valentzian idatzi zen 1904an, langile-mugimenduaren hasieran, eta Enkarterrietako meategietan kokatzen da.
Edukiaren analisia
1868ko Meategien Legea zela eta, Espainiako meategien ustiapena, orokorrean, eta Bizkaiarena, bereziki, ikaragarria izan zen. Ehunka izan ziren meatzeetan lan egitera iritsi ziren etorkinak.
Lehenengo paragrafoan Aresti pertsonaia aipatzen da, eleberriaren protagonista. Aresti hau Areilza medikuarengan inspiratuta dago, Trianoko Meatze Ospitaleko medikua. Garai hartan Bilbon bizi zen pertsonarik erakargarrienetariko bat zen. Paragrafo honetan, gero deskribatuko den esparru zorigaiztokoa ikus dezakegu.
Meatzarien bizi-baldintzak eta etxebizitzak
Bigarren paragrafoan meatzarien etxebizitza agertzen da. Etxebizitza horien baldintzak jasanezinak ziren: arnastezinako haizea, parasitoz beteriko oheak, hotza... Bizi-baldintza penagarri horiek modu oso grafikoan deskribatzen dira.
Lan-eremua eta langileen borroka
Hirugarren paragrafoa meatzarien lantokian zentratzen da. Bizkaiko meategiak "irekiak" ziren, harrobiak balira bezala, eta edozeinek egin zezakeen lan hori, ez baitzen trebetasun handirik behar. Horregatik, etengabe iristen ziren peoiak, eta langile kopuru handi horrek oztopatu egiten zuen langileen borroka. Norbaitek protesta eginez gero, beste batek hartuko zuen utzitako lanpostua. Testuaren azken esaldiak kutsu demagogiko pixka bat dauka: Enkarterriko langileen kopurua egonkortu arte, ez dira lan-baldintzak hobetuko.
Testuinguru historikoa: Bizkaiko industrializazioa
Bizkaiko industrializazioa aitzindaria izan zen. Sektore nagusia siderurgia izan zen, eta itsasadarraren ezkerraldean kokatzen zen. XIX. mendearen erdialdean, Bizkaiak ez zeukan kapital nahikorik industrializazioa aurrera eramateko. Baina 1865etik aurrera, Ingalaterrara egindako burdin mineralaren esportazio indartsuetatik eskuratutako irabazien ondorioz, eta Bessemer asmakizunari esker, kapitalizazioa indartzea lortu zen. Horren ondorioz, burgesia sortu zen, Bizkaiko ekonomiaren kontrola zuena.
Ingalaterrara esportatutako burdina lortzeko meatzari asko behar ziren. Bizkaiko meategietan eta itsasadar inguruko udalerrietan biztanleriaren hazkunde handia egon zen, alde guztietatik langileak zetozelako.
Osasun-arazoak eta bizi-baldintza eskasak
Langileen bizi-baldintzak oso txarrak izan ziren. Heriotza-tasak gora egin zuen industrializazioaren eta populazio-pilaketaren ondorioz. Bizkaiko langile-klasearen heriotza-arrazoi nagusiak honako hauek ziren:
- Biriketako gaixotasunak eta gaixotasun infekziosoak.
- Higiene falta eta bizitzeko baldintza eskasak.
- Soldata baxuak eta lan-istripuak.
Egoera horri aurre egiteko sortu zen Trianoko ospitalea.
Etxebizitza-ereduak: Barrakoiak eta kantinak
Langile kopuruaren igoerak bizilekuen arazoa ekarri zuen: barrakoietan, peoi-etxeetan edo alokatutako etxeetan bizi ziren. Pilaketa, osasun-gabezia, argi-eza eta aireztapen-eza ziren nagusi. Meategien ondoan, jabeek barrakoiak eraiki zituzten, eta meatzariek derrigorrez bizi behar zuten horietan. Askotan ez zuten zerbitzu higienikorik, eta barruan ohe gehiegi pilatzen ziren. Gainera, meatzariak behartuta zeuden enpresaren dendetan (kantinetan) denetarik erostera, prezio altuegiak eta kalitate baxuegia izan arren.
Ondorioak: Langile-mugimenduaren lorpena
Langile-mugimendua sortu zen bizi-baldintza eta lan-baldintza negargarriei aurre egiteko eta eskubideen alde borrokatzeko. 1890ean izan zen lehen greba, eta 1910era arte beste bost greba garrantzitsu egon ziren. Mugimendu honek arrakasta handia izan zuen: meatzarien elkarteak eratu eta grebak antolatu ziren. Ideia sozialistak azkar zabaldu ziren. Langile-klasearen kontzientzia lortu arte ezin izan zituzten euren baldintzak hobetu; horretarako, elkartu eta irtenbide kolektiboak bilatu behar izan zituzten.