Egiaren Irizpideak eta Teoriak: Definizioak eta Adibideak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,69 KB
Egia Irizpideak
"Egia-irizpide" deritze esakune baten egia edo faltsutasuna bereizteko jarraibide edo erregelei. Ikus ditzagun irizpide horietako batzuk:
- Autoritatea: Baieztapen bat egiazkotzat onartzen da sinesgarritasuna egozten zaion norbaitengandik datorrenean; sinesgarritasun hori ematen dio bai gai bati buruz duen ezagutzak, bai harengan dugun konfiantzak. Gaur egun, ohikoa da oso konplexuak diren zenbait gairi buruz aritzean, gai horietan adituak diren pertsonen autoritatean sinestea, nahiz eta zentzuzkoena gehiagori galdetzea izan.
- Tradizioa: Egiazkotzat jotzen da aurreko belaunaldietatik jaso dena eta denbora luzez egiazkotzat onartu dena.
- Ebidentzia: Froga objektiboetan (era intersubjektiboan frogagarriak) oinarritzen den irizpidea da, froga arrazionalak izan (adibidez, froga logiko edo matematikoak) edo enpirikoak izan (esperimentalak). Printzipioz, nabaritzat jotzen dira, eta, beraz, egiazkotzat, bai eztabaidarik gabe jasotzen duguna, bai bitartekorik gabe jasotzen duguna. Arrazoimenaren eremuan, nabaritzat jo dira lehenengo printzipioak (identitate eta kontraesanik ezaren printzipioa). Hala ere, jo daiteke nabaritzat frogapen arrazionaleko prozesu baten ondoren egiazkotzat agertzen dena (teorema matematiko edo frogapen esperimentala).
Egiaren Teoriak
Egia Elkarrekikotasun eta Egokitzapen Gisa
Teoria hau gure kulturan zentzuzkoena iruditzen zaiguna jasotzen duen egia ulertzeko modua da. Egia hau dela baieztatzen du: esaten edo pentsatzen dugunaren eta errealitatearen arteko elkarrekikotasuna edo egokitzapena. Adibidez, norbaitek "euria ari du" pentsatzen badu eta leihotik begiratu ondoren euria ari badu, esakune hori egiazkoa dela onartu beharko dugu. Beraz, teoria horrek defendatzen du egia esakune batzuen ezaugarria dela, eta esakune horiek munduan dagoenarekin edo hartan gertatzen denarekin bat egiten dutela. Esakune faltsuek ez dute ezaugarri hori.
Egia elkarrekikotasun gisa lantzen duen teorian aurkitzen dira ezagutzaren jarduera osatzen duten oinarrizko elementuak: subjektua eta objektua. Beraz, pentsatu edo esaten denak eta gertatzen denak bat egiten dutenean, egia dago; bestela, faltsutasuna dago.
Autore batzuen arabera, teoria hori gainerako teoria guztietan aurresuposatua dago, baina arazo batzuk ditu:
- Ez du ematen prozedura argirik pentsatuaren eta errealitatearen artean elkarrekikotasunik baden ikertzeko.
- Teoria honek berekin dakar faltsutasun irizpide bikoitz bat.
Egia elkarrekikotasun edo egokitzapen gisa ulertzea Aristotelesi zor diogu. Geroago, Tomas Akinokoak, Ludwig Wittgensteinek eta Alfred Tarskik egin zuten bere.