Zelula eta Molekula Inmunitarioak: Gida eta Ezaugarriak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,42 KB

Zelula inmunitarioak

Leukozito motak eta haien funtzioak

  • Neutrofiloak: Hiru edo lau lobuludun nukleoa dute. Zitoplasman lisosoma ugari dituzte, barnean patogenoak suntsitzeko entzimekin. Kapilarren paretak zeharkatuz atera daitezke infekzioa gertatu den tokira joateko eta organismoarentzat arrotzak diren elementuak fagozitatzen dituzte.
  • Eosinofiloak: Nukleoak bi lobulu ditu, saltxitxa itxurakoak. Kapilarretatik atera daitezke patogenoak fagozitatzeko. Bereziki zizare bizkarroien edo parasitoen infekzioen aurka egiten dute lan.
  • Basofiloak: Nukleoek "S" itxura dute eta bikorrak dituzte zitoplasman. Bikorretako substantziak askatzean, inflamazioa edo hanpadura sortzen dute.
  • Monozitoak: Giltzurrun itxurako nukleoa eta bikorrak dituzte zitoplasman. Ehunetan zehar hedatu eta kokatzen dira; ehunetara iristean, makrofago bihurtzen dira. Organismora sartzen diren substantzia arrotzen fagozitosiaz arduratzen dira. Ugariak dira gibelean eta biriketan, besteak beste. Batzuek antigenoen gordailu lanak egiten dituzte eta linfozitoei laguntzen diete immunitate-aktibitatean.

Linfozitoak

Zelula txiki eta biribilak dira; zatirik handiena nukleo biribilak betetzen du. Bi talde nagusi daude: T eta B linfozitoak. Haien arteko desberdintasuna mintzen osagaietan datza: bakoitzak funtzioa zehazten duten glukoproteina mota espezifikoak ditu.

  • T linfozitoak: Jatorria hezur-muin gorrian dute; ondoren, timora joaten dira eta bertan heldu eta funtzional bihurtzen dira.
  • B linfozitoak: Hezur-muin gorrian bereizteaz gain, bertan umatzen dira. T eta B linfozito helduak odolean eta linfan zehar barreiatzen dira agente patogenoen aurka egiteko.

Molekula inmunitarioak

Zitozinak

Hormona proteikoen talde bat dira, agente patogenoren batekin kontaktuan sartutako leukozitoek ekoitziak. Zelulek haien bidez aktibatzen dute elkar.

Osagarri-sistema

20 proteina disolbagarri inguruk osatzen duten multzoa da. Gibelean ekoizten dira eta odolean mugitzen dira. Infekzio bakteriano lokal eta orokorretan aktibatzen dira, bi ekintza nagusi eginez:

  • Infekzio-prozesuetan kapilarren dilatazioa erraztea.
  • Inmunoglobulinen osagarri moduan jardutea, bakterio-zelulen paretei erasoz.

Proteinek segidan jokatzen dute: baten aktibitateak hurrengoa martxan jartzen du, kaskada-erreakzioa (turrusta-erreakzioa) sortuz.

Inmunoglobulinak (Antigorputzak)

Globulinen taldeko proteinak dira, odolean eta zelulaz kanpoko likidoan aurkitzen direnak. Antigorputz ere esaten zaie eta B linfozitoek sintetizatzen dituzte. Haien funtzioa patogenoen molekula bereizgarriak (antigenoak) identifikatzea da.

  • Antigorputzen egitura: Bi polipeptido luze (kate astunak) eta bi motzago (kate arinak) dituzte. Lauak elkarren artean lotuta daude disulfuro-lotura bidez. Bi mutur bananduek antigenoaren identifikazio-puntua osatzen dute.
  • Antigenoak: Patogenoek sintetizatzen dituzte eta egitura oso desberdinak izan ditzakete. Birusaren kapsidan eta bakterio, onddo edo parasitoen paretan dauden molekulak dira (inorganikoak ere izan daitezke). Antigorputzak molekula horien zati bat identifika dezake eta berarekin konbinatu.