Bigarren Errepublika (1931-1933): Konstituzioa eta Erreformak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,65 KB

BIGARREN ERREPUBLIKA: ERREGIMEN DEMOKRATIKOA

Errepublikaren Aldarrikapena

1931. urtean, udal-hauteskundeetara deitu zen. Apirilaren 12an izan ziren hauteskundeak, eta hautagai errepublikanoek irabazi zuten ia probintzia guztietako hiriburuetan. Guztira monarkikoek irabazi bazuten ere, hiri handietan irabazlea erabateko garaipentzat hartu zuten errepublikanoek, hirietan jauntxoen eragina ez baitzen hain nabarmena. Monarkikoek ere onartu zuten ikuspegi hori.

Emaitzen berri izan zuenean, Alfontso XIII.a erbestera joan zen, eta behin-behineko gobernua eratu zen. Gobernu horrek Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen 1931ko apirilaren 14an, modu baketsuan.

Behin-behineko Gobernua eta 1931ko Konstituzioa

Donostiako Ituna sinatu zuten alderdiek osatu zuten gobernu berria, eta Alcalá Zamora zen presidentea. Berehala, gobernuak zenbait erreforma abiarazi zituen eta Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetarako deia egin zuen. Alderdi errepublikanoek irabazi zituzten hauteskundeak. Gorteek 1931ko Konstituzioa idatzi zuten. Bertan, erregimen erabat demokratikoa ezartzen zen, eta alderdi guztiek zuten ordezkariak izateko aukera.

Konstituzioaren Berrikuntza Nagusiak

Hauek ziren konstituzio horretako berrikuntza nagusiak:

  • Gizabanakoen eskubide ugari aitortzea: besteak beste, adierazteko, biltzeko eta elkartzeko eskubideak. Halaber, beste eskubide berri batzuk aitortzen ziren; esaterako, dibortziatzeko eskubidea.
  • Sufragio unibertsala: sexu-bereizketarik gabe.
  • Estatu ez-konfesionala: erlijio ofizialik gabea. Kontzientzia-askatasuna, eta edozein erlijio praktikatzeko zein hezkuntza laikoa jasotzeko eskubideak aitortzen ziren.
  • Lurralde-antolamendu deszentralizatua: Eskualde autonomoak sortzeko aukera aitortzen zen. Halaber, eskualde horietako hizkuntzak aitortzen ziren, gaztelaniarekin batera. Gaztelania zen Errepublikaren hizkuntza ofiziala.
  • Gizarte-ongizatearen garrantzia: Konstituzioak aukera ematen zuen erabilgarritasun publikokotzat hartutako ondasunak desjabetzeko, eta irakaskuntza publikoa bultzatzera animatzen zuen.

Konstituzioaren Mugak eta Tentsioak

Konstituzio hori izan zen Espainiaren historiako lehen konstituzio guztiz demokratikoa, baina sorreratik bertatik izan zituen mugak, idaztean adostasun zabalik lortu ez zelako; batez ere, erlijio-gaietan eta autonomiarekin lotutakoetan, gai horiek gizarte-eztabaida handia sortzen baitzuten erregimen berriarekin. Beraz, tentsioak sortu ziren: zenbait kale-istilutan, kleroaren aurkako gehiegikeriak gertatu ziren, eta Errepublikaren aurkako konspirazioak hasi ziren. Abenduan, errepublikano moderatuenek gobernua utzi zuten, haserre baitzeuden erlijioari buruzko konstituzioko artikuluekin. Alcalá Zamora Errepublikaren presidente izendatu zuten, eta Azaña, berriz, gobernuarena.

Biurteko Erreformista (1931-1933)

Erreforma Nagusiak

1931tik 1933ra, Azaña izan zen gobernuko presidentea, eta erreformak egiten jardun zuen. Bi urte horietan, aurreko mendetik konpontzeke zeuden arazo nagusiak jorratu ziren:

  • Nekazaritza-erreforma: Espainiako nekazaritza-egitura eraldatzeko helburua zuen, nekazaritza-ekoizpena eta nekazarien bizimodua hobetzeko. Helburu horiek lortzeko neurriak hauek ziren: landatu gabeko latifundioak desjabetzea eta lurrak jornalarien artean banatzea. Erreforma egiteko ardura Instituto de Reforma Agraria (IRA) erakundeak zuen, baina ez zuen izan helburuak lortzeko behar beste diru. Nekazariek desengainua hartu zuten, eta gatazka berpiztu zen landan.
  • Kataluniari autonomia: 1932an, Nuriako Estatutua onetsi zen, bai eta Generalitatea sortu ere.
  • Erreforma militarra: funtsezkoa zen, armadak oso eragin handia baitzuen politikan. Errepublikari leial izango zitzaizkiola zin egiteko eskatu zieten agintari militarrei; zin egin ez zutenek erretiro ordaindua hartu behar izan zuten. Neurri horren bidez, ofizialen kopurua murriztea eta haien leialtasuna bermatzea lortu nahi zen.
  • Lan-erreformak: garrantzitsuak egin ziren, langileen bizimodua hobetzeko. Besteak beste, gutxieneko soldatak eta istripu-aseguruak ezarri ziren.
  • Hezkuntza-erreforma: Bigarren Errepublikan, lehentasuna eman zioten hezkuntza erreformari, hezkuntza gizarte-hobekuntzarako bidea zela uste baitzuten. Lehen Hezkuntzako 10.000 eskola berri eraiki zituzten bi urteko epean eta hezkuntzarako aurrekontua % 50 handitu zuten. Halaber, ezkontza zibila eta dibortzioa arautu zen.

Erreformen Aurkako Oposizioa

Gobernuak lurjabe handien eta Elizako zein armadako goi-hierarkien oposizioa izan zuen, erreformak oso erradikalak zirela uste zutelako, bai eta anarkistena eta sindikatuena ere, eraldaketa sakonagoak nahi zituzten eta. 1932ko abuztuan, estatu-kolpe baten ahalegina gertatu zen Sevillan, Sanjurjo jeneralak zuzenduta, baina porrot egin zuten. Anarkistek, berriz, matxinadak egin zituzten, bai eta finkak okupatu ere, haserre baitzeuden nekazaritza-erreforma oso geldo aplikatzen ari zelako. 1933ko urtarrilean, nekazari-matxinada bat izan zen Casas Viejasen (Cádiz). Gertaera horretan, zenbait hildako izan ziren.

Biurtekoaren Amaiera

1933ko irailean, ekonomia-krisia larriagotu eta gobernuaren onarpenik eza gero eta handiagoa zen. Horrenbestez, Azañak dimititu egin zuen, eta hauteskundeetarako deia egin zen. Eskuineko alderdiak elkartuta aurkeztu ziren hauteskundeetara, CEDA (Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa) izeneko blokean. Gil Robles zen alderdi katoliko horren burua.