Antzinako Grezia: zibilizazioa, polisak eta hedapena
Clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 13,79 KB
Actualizado el
Resumen
Dokumentuak Antzinako Greziaren jatorria, ingurune geografikoa eta hiru garai historiko nagusiak (arkaikoa, klasikoa eta helenistikoa) aztertzen ditu. Minostar eta mizenastar zibilizazioak, polisen sorkuntza, kolonizazioa, Gerra Medikoak eta Peloponesoko Gerra azaltzen ditu. Atenasko demokrazia eta Espartako oligarkia alderatzen ditu, eta Alexandro Handiaren konkista eta helenismoa bukatzen ditu.
Puntos clave
- Greziak Balkanetako penintsularen hegoaldean sortu zen, eta Helade izena eman zioten eremuari.
- Ingurune menditsuak haran txikiak sortu zituen; beraz, Grezia ez zen Estatu bateratua, hiri-estatu independenteen multzoa baizik.
- Garai arkaikoa K.a. IX.-VI. mendeetan, klasikoa K.a. V.-IV. mendearen lehen erdian eta helenistikoa K.a. IV. mendearen erdialdetik K.a. I. mendera bitartean kokatzen dira.
- Polisak hiri-estatuak ziren, berezko gobernua, legeak eta armada zituztenak; Atenas, Esparta, Korinto eta Tebas adibide nagusiak dira.
- K.a. VIII.-VI. mendeetako biztanleria-hazkundea eta lur-banaketa desberdintasunak kolonizazioa eragin zuten, mendebalderantz eta ekialderantz.
- Atenasko demokrazian hiritarrek Ekklesian parte hartzen zuten, eta Espartak diarkia eta oligarkia zituen; Alexandro Handiak Persiar Inperioa konkistatu zuen K.a. 334-323 bitartean.
Resumen generado con IA a partir del documento. Ponte a prueba
Greziarren Mundua
Greziako zibilizazioa Mediterraneo itsasoko ekialdeko muturrean sortu zen; zehazki, Balkanetako penintsularen hegoaldean. Antzinako greziarrak Egeo itsasoko eta Itsaso Jonikoko uharteetan, Asia Txikiko kostaldean (gaur egungo Turkia) eta Mediterraneoan zehar ere hedatu ziren. Greziarrek Helade esaten zioten eremu horri; hau da, greziarren lurraldea.
Greziar Zibilizazioaren Kokapena eta Ingurunea
Ingurune fisikoak eragin handia izan zuen Greziaren historian. Balkanetako penintsularen lurraldea mendiek elkarrengandik bakartutako haran txiki batzuetan banatzen da. Horregatik, Antzinako Grezia ez zen inoiz izan Estatu bateratua; haran eta uharte bakoitza Estatu independentea zen. Hala ere, Estatu txiki horiek zibilizazio berekoak ziren, denek hizkuntza bera, grekoa, erabiltzen zutelako, eta jainko-jainkosa berak gurtzen zituztelako.
Greziako lurrak ez ziren oso emankorrak, eta nekazaritza eta abeltzaintza ez zeuden oso garatuta. Horregatik, greziarrek Mediterraneo itsasoan bilatu zuten beren mantenu-iturri nagusia. Itsasoa, elikagai-iturri izateaz gain, bide garrantzitsua zen nabigaziorako eta merkataritzarako.
Antzinako Greziaren Historia eta Kronologia
Antzinako Greziaren historia hiru aldi handitan banatzen da:
- Garai Arkaikoa: K.a. IX. mendetik K.a. VI. mendera bitartekoa.
- Garai Klasikoa: K.a. V. mendetik K.a. IV. mendearen lehen erdira bitartekoa.
- Garai Helenistikoa: K.a. IV. mendearen erdialdetik K.a. I. mendera bitartekoa.
Antzinako Greziaren Kronologia
- Zibilizazio Aurreheleniarrak (K.a. 3000 - 776)
- Minostar zibilizazioa (Kreta uhartean) eta Mizenastarra (kontinentalean) nabarmendu ziren. Dorio inbasioarekin, K.a. 1100 inguruan, garai iluna hasi zen.
- Aro Arkaikoa (K.a. 776 - 490)
- Aurreneko polisak edo hiri-estatuak sortu ziren: hiritar libreen komunitate burujabeak. Garai hartan, Grezia beste lurralde batzuetara hedatu zen Mediterraneo itsasoan barna.
- Aro Klasikoa (K.a. 490 - 334)
- Greziako polisen garai oparoena izan zen; Atenas nabarmendu zen guztien artean. Erregimen demokratikoa ezarri zuten hiri hartan. Kultura arloan ere loraldia izan zen.
- Aro Helenistikoa (K.a. 334 - 146)
- Mazedoniako erresuma boterea hartzen joan zen. Alexandro Handiak Antzinaroko inperio handienetakoa sortu zuen. K.a. II. mendean, Erromak Grezia konkistatu zuen.
Greziaren Jatorria: Zibilizazio Aurreheleniarrak
Minostar Zibilizazioa
Lehen zibilizazio aurreheleniarra minostarra izan zen, K.a. 3000. urtean Kreta uhartean sortua. Mediterraneoan, Europa, Asia eta Afrika iparraldearen arteko itsas ibilbideetan leku estrategikoan kokaturik dago Kreta. Minostar zibilizazioak Minos errege mitologikoarengandik (Zeus jainkoaren semea) hartu zuen izena.
Kretako gizartea oso aberatsa zen, nekazaritza, abeltzaintza, artisautza eta, batez ere, Mediterraneoko beste eskualde batzuekin zuen merkataritzari esker. Aberastasun horren adierazle dira orduko jauregi ugariak, hala nola Knossos-ekoa; haietan gordetako margoek luxu eta dotoreziazko mundua erakusten dute.
Greziar Mizenastarrak eta Dorioak
K.a. 1400. urtean, minostar zibilizazioa gainbeheran hasi zen, eta haien lekua mizenastarrek hartu zuten, Peloponesoko penintsulako biztanleek. Mizenas zen hango hiri garrantzitsuenetako bat, eta hortik hartu zuten izena. Mizenastar zibilizazioa estatu txikitan antolatuta zegoen. Nekazaritza zuten jarduera nagusia, baina Egeo itsasoan hedatzean, merkataritza garatu zuten eta lantegiak ezarri zituzten hainbat lekutan.
K.a. 1100 inguruan, dorioek (Grezia iparraldeko herria) hegoalderantz egin zuten eta Peloponeso okupatu zuten. Dorioen etorrerarekin garai iluna hasi zen; ekonomiaren eta kulturaren gainbeheragatik esaten zaio horrela. K.a. 750. urtera arte iraun zuen aldi horrek eta ez da orduko iturri historikorik geratzen.
Garai Arkaikoa: Polisak eta Haien Hedapena
Polisen Sorkuntza eta Ezaugarriak
K.a. 750. urtean, susperraldi geldo baten ondoren, garai ilunean sortutako herrixkek bilakaera nabarmena izan zuten, harik eta polis edo estatu-hiriak eratu zituzten arte. Garai arkaikoan, greziarrak polisetan bilduz joan ziren. Polisak berezko gobernua, bizimodua, legeak eta armada zituzten hiriak ziren. Horregatik esaten da polisak hiri-estatuak zirela. Polis horietako batzuk Atenas, Esparta, Korinto eta Tebas izan ziren.
Polisen Gobernu Ereduak
Hasieran, tokian tokiko buruzagiek gobernatzen zituzten polisak; baina, apurka-apurka, aberatsenek boterea eskuratu zuten eta gutxiengo pribilegiatua osatu zuten. Aberatsek aristoi –"onenak" esan nahi du– esaten zioten beren buruari; hortik dator aristokrazia hitza. Esparta izan zen aristokraziak gobernaturiko polisaren adibiderik onena.
Geroago, aldaketak gertatu ziren zenbait polisetan, eta demokrazia sortu zen. Polis demokratikoetan, hiritarrak aldian-aldian batzarretan biltzen ziren, erabakiak hartzeko eta kargu publikoak hautatzeko. Batzarren garrantzia handituz joan ahala, kontseiluak sortu ziren, batzarretan landu beharreko gaiak prestatzeko. Atenas da gobernu demokratikoko polisaren adibiderik onena.
Polisen Kokapena
Horrez gain, erasotzekotan ere, erraz defendatzeko tokietan eraiki ziren polis horiek: mendi hegaletan eta muinetan. Herriko lekurik altuenean akropolia edo “herri garaia” zegoen. Inguru horretan eraikitzen ziren tenplurik enblematikoenak; erasotzen bazieten, babesteko gune bihur zitezkeen.
Greziarren Hedapena: Kolonizazioa
K.a. VIII. mendetik VI. mendera bitartean, krisia izan zen Grezian. Biztanle kopurua asko handitu zen; baina lurra ez zen emankorra, eta ezin zuten denentzat behar beste janari lortu. Gainera, alde handiak zeuden lurren banaketan: lur-jabe aberats gutxi batzuen esku zegoen lur gehiena, eta gainerako biztanleak nekazari pobreak ziren. Horrenbestez, gosetea hedatu zen.
Greziar askok herrialdetik irten behar izan zuten; atzerrira joan ziren, mantenu bila. Migratzaileek kolonia asko sortu zituzten Mediterraneo osoan. Bi hedapen-bolada izan ziren:
- Lehenengoa, mendebalderantz (K.a. 750. urtetik K.a. 650. urtera bitartean): Itsaso Jonikoko kostaldean eta uharteetan, Sizilian, Italiako eta Frantziako hegoaldean, Libian eta Iberiar penintsulako ipar-ekialdean kokatu ziren.
- Bigarrena, ekialderantz (K.a. 650. urteaz geroztik): Itsaso Beltzaren kostaldean sortu zituzten koloniak.
Kolonizazio Sistema
Greziar kolonizazioa metropoli eta kolonien sistema batean oinarritzen zen:
- Metropoliak: Beste lur batzuen bila abiatzen ziren greziarren jatorrizko hiriak ziren.
- Koloniak: Iritsi ziren lurraldeetan sortzen zituzten hiriak ziren.
Itsasertzetik gertu sortzen zituzten koloniak, garraioa eta merkataritza errazteko. Mendixkaren bat gertu izatea ere kontuan hartzen zuten, hiria babestearren. Ura eskura izatea eta lurra emankorra izatea ere aintzat hartzen zuten. Koloniek biztanleen jatorrizko poliseko jainko-jainkosak, ohiturak eta antolakuntza izaten jarraitu zuten. Baina komunitate independenteak ziren.
Kolonizazioek eragin handia izan zuten. Batetik, greziarrek beste herri batzuekin (feniziarrekin, etruskoekin, egiptoarrekin...) harremanak izan zituzten. Bestetik, kolonizazioen bidez, Greziako zibilizazioa hedatu egin zen, Greziako mugetatik harago.
Garai Klasikoa: Atenas eta Esparta
K.a. V. mendea eta K.a. IV. mendearen lehen erdia Grezia klasikoaren garaia izan zen. Greziak bere garai oparoena bizi izan zuen, eta heldutasun politikoa, intelektuala eta artistikoa lortu zuen. Atenasko eta Espartako polisen nagusitasuna eta etengabeko gerrak dira aldi horretako ezaugarriak.
Gerra Medikoak
Persiarrak Irango goi-ordokian (Asia) bizi ziren eta lurralde-hedapenari ekin zioten, K.a. VI. mendearen erdialdera. Asia Txikiko eta handik hurbileko uharteetako greziar polisak mendean hartu zituzten.
Urte batzuk geroago, K.a. 499an, menderatutako polisak matxinatu egin ziren. Greziako gainerako polisak, Atenasek gidatuta, haiei laguntzera joan ziren, eta liskarra sortu zen persiarrekin. Horrela hasi ziren Gerra Medikoak.
- Lehen Gerra Medikoa K.a. 490ean amaitu zen, Greziako soldaduek, hoplitek, Maratongo Gudua irabaztean.
- Bigarren Gerra Medikoa K.a. 480an piztu zuen Xerxe I.a Persiako erregeak. Grezia inbaditu zuen, iparraldetik, bai eta Atenas arpilatu ere; baina porrota jaso zuen, Salaminako Guduan.
Gerra Medikoak greziarren garaipenarekin amaitu ziren.
Atenasen Goren Uneak
Persiarren aurkako gerran eginkizun erabakigarria izan zuela eta, Atenas polis aberatsena eta boteretsuena bihurtu zen. K.a. 447an, Delosko Liga, polisen batasuna, sortu zuten, persiarren erasoetatik babesteko. Ligaren erabakiak eta zenbait polis Atenasen mende zeuden.
K.a. V. mendean, Atenasek bere historiako aldi bikainena bizi izan zuen, batez ere Periklesen agintaldian. Agintari horrek demokrazia garatu zuen, bai eta ekonomiari eta kulturari lagundu ere.
Peloponesoko Gerra
K.a. V. mendean, Atenasen politika-, ekonomia- eta kultura-nagusitasunak beste polis garrantzitsu batzuen interesak arriskuan jarri zituen; esaterako, Espartaren interesak. Ondorioz, polisak bi alderditan banatu ziren: Atenasen aldekoak eta Espartaren aldekoak. Tentsio-egoera horrek Peloponesoko Gerra eragin zuen K.a. 431. urtean.
Gatazkak K.a. 404. urtera arte iraun zuen. Espartak garaitu zuen eta, ondorioz, polis boteretsuena bihurtu zen. Baina gerrak oso hondamen handia ekarri zien denei, eta polis horiek ezin izan zuten inoiz berreskuratu aurretik izandako boterea.
Atenas eta Esparta: Eredu Politiko Desberdinak
Atenas eta Esparta nor baino nor aritu ziren Greziako hiririk garrantzitsuena izateko. Biek antolaketa politiko desberdina zuten.
Atenas: Demokrazia
Atenasen, demos delakoak zuen botere politikoa; hau da, herriak. Hori dela eta, gobernu-eredu horri demokrazia izena eman zioten. Hogei urtetik gorako hiritar guztiek har zezaketen parte politikan. Atenastarrak Ekklesia edo hiritarren batzarrean biltzen ziren; horrek bozkatzen eta onartzen zituen legeak eta gerra deklaratzen zien beste herriei edo bakea sinatzen zuen haiekin.
Beste erakunde hauetan ere parte hartzen zuten:
- Bule: Urtero zozketa bidez hautatutako 500 kidek osatua. Legea betetzen zela zaintzen zuen.
- Heliea: Urtebeterako ausaz hautatutako 6000 hiritarrek osatua. Justizia egiteko ardura zuen.
Orobat, magistratura edo kargu politikoetara iristeko aukera zuten hiritarrek. Arkonteak, urtero hautetsiak, alderdi politiko eta erlijiosoen arduradunak ziren. Eta strategoak poliseko alde militarraren zuzendariak.
Atenasko Demokraziaren Egitura
- Agintariak: Magistratuak (Arkonteak, Strategoak)
- Hiritarren Parte-hartzea: Ekklesia (Batzarra)
- Erakundeak: Bule, Heliea
Esparta: Oligarkia
Esparta izan zen erregearen figurari eutsi zion polis bakarra. Diarkia sistema eduki zuen: hau da, eginkizun erlijiosoak eta militarrak zituzten bi errege. Hiritarrek parte-hartze txikiagoa zuten polisaren gobernuan Atenasen baino, eta familia gutxi batzuek baino ez zituzten kargu politikoak; horrela sortu zen oligarkia. Armadak botere handia zuen eta erabaki garrantzitsu guztietan parte hartzen zuten.
Espartan, hauek ziren gobernu-organo nagusiak:
- Gerusia edo zaharren kontseilua: 60 urtetik gorako 28 kidek osatua. Legeak egin eta justizia administratzen zuen organo horrek.
- Apella edo Batzarra: Gerusiaren proposamenak onartzen edo baztertzen zituen.
- Eforoak edo magistratuak: Legeak betetzen zirela zaintzen zuten eta barne-ordenari eusten zioten.
Espartako Oligarkiaren Egitura
- Agintariak: Bi Errege (Diarkia)
- Aholkulariak: Gerusia
- Erakundeak: Apella, Eforoak
Garai Helenistikoa: Alexandro Handia
Mazedonia Greziako iparraldeko erresuma oso zabala zen. Greziako kulturak eragin handia zuen Mazedonian; izan ere, mazedoniarrek grekoaren antzeko hizkuntza zuten.
Polisen arteko gerren ondorioz, greziar mundua ahuldu egin zen, eta Mazedoniako erregeak horretaz baliatu ziren. K.a. IV. mendearen erdialdera, Filipo II.a Mazedoniakoak armada indartsua antolatu zuen eta Greziako lurraldeak konkistatzeari ekin zion. Ia polis guztiak mendean hartu zituen. Filipo hil zutenean, haren seme Alexandro Handia izan zen ondorengoa.
Alexandrok lurraldeak konkistatzen jarraitu zuen: K.a. 334. urtetik 323. urtera bitartean, Persiar Inperioa konkistatu zuen eta Indus ibairaino heldu zen.
Konkistatutako lurraldeetan, Alexandrok hiri asko sortu zituen; aipagarriena Alexandria (Egipto) da. Era horretan, Greziako kultura Ekialdean ere hedatu zen. Hedapen horretan, Greziako kultura Ekialdeko kulturarekin uztartu zen; horren ondorioz sortutako fenomenoari helenismoa esaten zaio.
Alexandro Handia inperio izugarri hori antolatu gabe hil zen. Alexandroren jeneralek lurraldeak beren artean banatu zituzten, errege-titulua hartu zuten eta zenbait erresuma sortu zituzten: monarkia helenistikoak. Aipagarrienak Egipto, Mesopotamia eta Mazedonia izan ziren.
Preguntas frecuentes
Zergatik ez zen Antzinako Grezia Estatu bateratua?
Lurraldea mendiek elkarrengandik bakandutako haran txikietan banatzen zen, eta haran eta uharte bakoitza Estatu independentea zen. Hala ere, hizkuntza eta jainko-jainkosak partekatzen zituzten.
Zer da polis bat?
Polisa berezko gobernua, legeak, bizimodua eta armada zituen hiri-estatua zen. Hiritar libreen komunitate burujabea zen.
Zein ziren Gerra Medikoen emaitzak?
Lehen Gerra Medikoa K.a. 490ean amaitu zen greziarrek Maratongo Gudua irabazi ondoren. Bigarrena K.a. 480an hasi zen eta Salaminako Guduan porrot egin zuen Xerxe I.ak, greziarren garaipenarekin amaitu zena.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.