Zuzenbide Estatu Soziala: Funtzioak, Mugak eta Gizarte Zibilarekiko Harremana

Enviado por kepa y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,1 KB

Zuzenbide Estatu Sozialaren Oinarriak

Zuzenbide Estatu Sozialak, askatasunaz gain, gizarte-berdintasunarekiko kezka ere hartzen du funtsezko eskubideen sistemaren baitan. Estatuak gero eta eginkizun aktiboagoa hartu du bere gain gizarte zibilean, nagusiki bi arrazoi hauengatik:

Estatuaren Eginkizun Aktiboaren Arrazoiak

  1. Justizia soziala lortzeko eskakizunei erantzutea, aukera-berdintasuna benetan gauzatzeko. Horretarako, gizarte-zerbitzuak hedatu egin dira apurka-apurka: hezkuntza, osasun-zaintza, zahartzaroa... Zerga-politiken bidez aberastasunak banatu egiten dira.
  2. Sistema ekonomikoaren beraren arazoei aurre egitea. Izan ere, ekonomiak estatu osoko koordinazioa behar du, eraginkortasuna bermatzeko eta krisirako joerarik ez egoteko.

Laburbilduz, estatu soziala (ongizate-estatua) ekonomiaren aldetik eraginkorra izan behar du.

Bigarren Belaunaldiko Eskubideen Bermea

Estatuak bere gain hartzen du, berari dagozkion beste zereginekin batera, bigarren belaunaldiko giza eskubideak babesteko eginkizuna: hau da, eskubide sozialak, ekonomikoak eta kulturalak bermatzekoa.

Estatu Sozialaren Mugak eta Erronkak

  • Ongizate-estatua estatu ongile bilakatu da: zeharo paternalista izan da eta, horrela, asko murriztu du ekimen pribatua. Gizarte zibila bezero antzeko zerbait bihurtu da eta, etsita, estatu gero eta zabalagoak bere arazo guztiak konponduko dituela espero du. Ondorioz, herritarrek hartutako jarrera mendekotasun pasibokoa da: mendekoak dira, eta ez herritar aske eta arduratsuak.
  • Estatuaren eskumenak gehitu ahala, burokrazia ere hazi egin da; hau da, administrazioaren boterea gehiegi handitu da. Botere hori adituen erabakien esku baino ez dago, edonolako erantzukizun politikotik at geratuz. Ondorioz, gobernarien eta gobernatuen arteko bereizketa gero eta handiagoa da.
  • Azken urteotan, jarduera politikoa, soziala eta ekonomikoa nazioarteko bihurtzen ari dira (globalizazioa). Estatu-subiranotasuna ez da nahikoa horri aurre egiteko. Ez informazioa, ez ingurumenaren babesa, ez politika ekonomikoa ez dira jada estatu bakoitzak bere kabuz bidera ditzakeen gaiak. Horregatik, munduko iritzi publikoa (estatuen mugez gaindi) eta estatuz gaindiko erakundeak erronka horiei guztiei aurre egiteko ahaleginetan ari dira.

Estatua: Definizioa eta Zereginak

Estatua gizarte-instituzioen multzoa da, besteak beste, parlamentuak, gobernu zentralak, autonomia-erkidegoek, udalek eta justizia-auzitegiek osatua. Guztien ongizatea zaindu behar du.

Estatuaren Funtsezko Zereginak

Horretarako, estatuak zeregin hauek bete behar ditu:

  • Giza eskubideak sustatu, legearen inperioari jarraituz.
  • Herritarren artean balio demokratikoak sustatu eta defendatu.
  • Lurraldean bertan bakea ziurtatu.
  • Herritarrak kanpoko mehatxuetatik defendatu.

Estatuaren Bitartekoak

Zeregin horiek betetzeko, hainbat bitarteko ditu, esaterako: zuzenbidea, zuzenbidea betearazteko ardura duten funtzionarioak, eta funtzionarioek horretarako dituzten bortxazko bitartekoak.

Gizarte Zibila: Kontzeptua eta Ezaugarriak

Gizarte zibila gizartearen beste dimentsio bat da, hainbat elkartek eta harreman-sarek osatua. Besteak beste, familia, elizak, lagun-taldeak, kultura- edo bizilagun-elkarteak eta nazioarteko gizarte-erakundeak dira horren parte.

Talde horien guztien elementu bereizgarria estatuaren hertsaduraren mende ez egotea da. Aitzitik, elkarte horiek guztiak maitasun-loturengatik, erlijio-fedeagatik, laguntasunagatik edo proiektu komun ez-politikoengatik sortu dira.

Estatuaren eta Gizarte Zibilaren arteko Loturak

Gizarte zibilaren eta estatuaren arteko lotura zehaztu beharra dago. Honako puntu hauek proposatzen dira:

  1. Gizarte zibilak botere politikoa legitimatzen du.
  2. Gizarte zibilari dagokio estatua kontrolatzea eta boterea zein helburutarako erabiltzen duen gogoraraztea.
  3. Ezinbestekoa da estatuaren hertsadurarik gabeko eremu publiko bat eratzea, gizarte zibilak herri-arazoak askatasun osoz eztabaida ditzan.
  4. Gizarte zibilak estatuarekiko autonomoa izan behar du.
  5. Gizartearen benetako nahia adierazteko gai izango den iritzi publiko independentea sustatu behar da.
  6. Gizarte zibilak bere gain hartu behar ditu dagozkion erantzukizunak, estatua ez baita herri-arazoak konpondu behar dituen bakarra.
  7. Baina hori guztia ezinezkoa da, baldin eta gizarte zibilean elkartasuna eta erantzukizuna oinarri izango dituen etika bat indartzen ez bada.

Esparru Publikoaren Bereizketa: Estatua eta Gizarte Zibila

Estatua organismo autonomotzat hartzeak esparru publikoa bitan bereizi beharra eragiten du: estatuari dagokion esparru publikoa eta estatuari ez dagokiona. Azken hori gizarte zibilaren eremua da: estatuko administrazio-sistemaren mende ez dagoen gizarte-koordinaziorako erakunde eta mekanismoen multzoa.

Estatua gai politikoen eremu bihurtu da, eta gizartea, berriz, herritarren eta haien jardueren esparru despolitizatua.