Agustin Hiponakoa: Fedea, Arrazoimena eta Jainkoaren Ezagutza

Filosofía y ética4,22 KB

Fedea eta Arrazoimena San Agustinen Arabera

Fedearen Garrantzia Agustinen Ikuspegitik

Agustinen ustetan, egia bakarra Jainkoarengan datza, eta kristau-ikuspegia jarraituz, Jainkoak benetako egiak agerkunde baten bidez azaltzen zituen. Jainkoaren errebelazio horren edukiak Biblian azaltzen dira.

Biblia: Jainkoaren Errebelazioaren Iturri

Biblia liburu askoz osatutako idazlana da. Bibliak kristautasunak onartzen duen mundu-ulerkera eta kristau-bizimodua azaltzen ditu. Bi atal nagusi ditu: Antzinako Testamentua eta Itun Berria. Biblia Jainkoaren errebelazioaren ardatza da. Bibliak esandakoak, Jainkoak errebelatutako edukia eta «Jainkoaren Hitza» direnez, zalantzarik gabeko eta ukaezinezko egiak dira: dogmak.

Fedearen eta Arrazoimenaren Uztarketa

Agustinen iritziz, arrazoimena eta fedea Jainkoarengandik datozkigu, eta biek helburu edo jomuga berbera dute: Izaki Gorenak errebelatutako egiak ezagutzea. Agustinek ez zuen argi markatu fedearen eta arrazoimenaren arteko desberdintasuna, eta ez zituen ondo ezarri jakinbide bakoitzaren mugak eta nolakotasunak.

"Ezagutzeko, Sinetsi": Credo ut Intelligam

Agustinen iritziz, ezagutzeko biderik zuzenena eta egokiena fedea da, eta ezagutzarako goreneko ibilbidea fedean datza. Fedeak erabateko lehentasuna du. Fedearen lehentasun hori adierazteko, Agustinek «Credo ut intelligam» («ezagutzeko, sinesten dut») printzipioa erabili zuen. Printzipio horrek fedea ezagutza-maila gorena dela ezartzen du.

  • Fedeak lehentasuna du ezagutzarako bidean.
  • Kristau-fedeak Jainkoak errebelatutako egiak (dogmak) biltzen ditu, printzipio ukaezin gisa onartuak.
  • Arrazoimenaren funtzioa fedearen edukiak argitzea eta ulertzea da, Jainkoaren Hitza aztertuz; filosofiak ez du egia bilatu behar, jada emana baitago.

Jainkoaren Existentzia eta Ideia Eredugarriak

Jainkoaren Existentziaren Argudioak

Agustinek ez zuen hausnarketa sistematikorik egin Jainkoaren existentzia arrazionalki frogatzeko asmoz (Akinoko Tomasek egin zuen bezala). Baina, Jainkoaren existentzia oinarritu nahian, argudio batzuk proposatu zituen:

  • Unibertsoaren ordena: Unibertsoaren barneko ordena ikusita, izaki edo adimen goren baten existentzian pentsatzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da; bestela, nola azaldu unibertsoaren ezaugarri miresgarriak?
  • Sinesmen unibertsala: Agustinek azaldu zuen Jainkoarenganako sinesmena unibertsala dela. Errebelazioa ezagutzen ez duten herriek ere Izaki Goren baten edo batzuen existentzian sinesten baitute.

Ideia Eredugarriak Agustinen Filosofian

Ideien Izaera eta Jatorria

Giza adimenak arrazionalki ulertzeko gaitasuna du. Gizakiok gauzen eta izakien mamia ulertzeko ahalmena dugu, eta horren bidez ezagutza arrazionala jasotzen dugu. Agustinen ustetan, ezagutza arrazionalaren bidez antzematen duguna «ideiak» dira; ideiak gauzen eta izakien benetako esentziak adierazten dituzten kontzeptuak dira.

Ideiak Jainkoaren adimenean kokatuta daude, ez beste errealitate batean (Platonek esan zuen moduan). Mundua egiterakoan, Jainkoak gogoan zituen «ideiak» eredutzat hartuta egin zuen sorkuntza. Kreazioa gauzatzean eta kreatura guztien eta munduaren izaera ezartzean, Jainkoak bere ideiak eredutzat erabili zituenez, Jainkoaren adimenean barneratutako ideiak ideia eredugarriak dira. Ideia eredugarriek izaki eta errealitate guztien izaera eta nolakotasuna ezartzen dituzte. Agustinen arabera, beraz, Jainkoaren gogoak barneratzen dituen ideiak ideia eredugarriak direla ondorioztatu zuen.

Ideiak Eskuratzea: Jainkoaren Iluminazioa

Gizakion ezagutza-prozesua azaltzeko Jainkoaren parte-hartzea ezinbestekoa dela esan zuen Agustinek. Gizakion ariman Jainkoaren ideiak islatzen dira, eta giza adimenak benetako esentziak ezagutzeko jakinbidea du. Agustinen iritziz, Jainkoa argi modukoa da: Jainkoak gizakion adimen mugatuari argia ematen dio, eta Jainkoak emandako argi horri esker, gizakiak Jainkoarenganako ideiak eskura ditzake. Beraz, Jainkoaren iluminazioari eta intuizio intelektualaren prozesu bati esker, ezagutza arrazionala posible da.

Descargar

PDF Word HTML