Zelula-mintza, Organuluak eta Zatidura Zelularra

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 8,13 KB

Mosaiko jariakorren eredua eta zelula-mintza

Mosaiko jariakor eredua: Mintz plasmatikoa molekula proteikoak txertaturik dituen lipido-geruza bikoitz batez osatuta dago. Mosaiko jariakorraren ezaugarri bat hau da: molekula guztiek geruza bikoitzeko beste molekulekin alda dezakete kokapena.

Geruza bikoitza molekula anfipatikoek osatzen dute; honela, erradikal polarrak ingurune urtsurantz kokatzen dira eta erradikal apolarrak ingurune lipidikoen alderantz.

  • Zelula-mintza asimetrikoa da; hau da, osagaiak ez daude berdin banatuta mintzaren bi aldeetan.
  • Lipido-geruza bikoitza fluido baten moduan aritzen da: lipidoak eta proteinak alboetara mugi daitezke (alboko difusioa) eta bira egin dezakete ardatz nagusiaren inguruan (errotazioa). Fosfolipidoak geruza batetik bestera igaro daitezke (flip-flop).
  • Lipidoak, gluzidoak eta proteina integralak mosaiko baten moduan daude antolatuta.
  • Glikolipidoak eta glikoproteinak zelularen kanpoko gainazalean ageri dira: glikokaliza.

Mintzaren jariakortasuna

  • Kate hidrokarbonatuen luzera: Kate hidrokarbonatuak zenbat eta laburragoak izan, are eta ahulagoak dira euren arteko interakzioak. Ondorioz, osaturiko mintzak jariakorragoak dira.
  • Asegabetasuna egotea: Okerduraren eraginez, molekulak ez dira hain estu antolatzen eta, ondorioz, mugitzeko gaitasun handiagoa dute. Beraz, asegabetasun-maila zenbat eta handiagoa izan, jariakortasuna handiagoa da.
  • Kolesterol-proportzioa: Talde polarra fosfolipidoen buruen ondoan dago; eraztun-egitura zurrunak eta hidrofobikoak isats hidrokarbonatuei eragiten die. Horrek mintza gogortzen du eta, horren eraginez, jariakortasuna galtzen du.
  • Tenperatura: Tenperatura jaitsi ahala, jariakortasunak ere behera egiten du. Kolesterolak tenperatura-aldaketen eragina murrizten du, jariakortasuna mantentzen lagunduz.

Zelula-mintzaren bidezko garraioa

Garraio pasiboa

Mintzaren alde batetik bestera gertatzen den substantzien berezko difusioa da. Beti gradientearen aldekoa izaten da; hau da, substantzia gehiago dagoen ingurunetik substantzia gutxiago dagoen ingunera gertatzen da. Garraio hau pasiboa da, ez baitu energiarik behar.

  1. Difusio sinplea edo bakuna: Garraioa fosfolipidoen artetik ematen da (O2, H2O, CO2, N2).
  2. Difusio erraztua: Proteinak behar dira garraiorako.
    • Proteina garraiatzaileak: Gluzidoak, aminoazidoak edo nukleosidoak garraiatzen dituzte.
    • Kanaletan zeharreko difusioa: Ioiak (Na+, K+, Ca2+ eta Cl-) garraiatzen dira.

Garraio aktiboa

Proteina jakin batzuen bidez egiten da. Energia-kontsumoa dakar (ATP molekuletatik lortua), eta energiak aukera ematen du substantziak gradientearen aurka garraiatzeko. Garraio mota honen adibidea sodio-potasio ponpa (Na+/K+) da; funtsezkoa da neuronetan sinapsia gertatzeko.

Erretikulu endoplasmatikoa (EE)

Mintz-sistema bat da, sakulu esferiko eta tubulu bihurgunetsuen sare batez osatua. Sare hori zitoplasma guztian hedatuta dago eta kanpoko mintz nuklearrarekin komunikatuta. Konpartimentu bakar bat osatzen du, eta barne-espazioari lumen esaten zaio.

Hauek dira erretikulu endoplasmatikoaren funtzioak:

  • Proteinak (EEP) eta lipidoak (EEL) sintetizatzea.
  • Makromolekula horiei gluzidoak eranstea (glikokaliza sortzeko beharrezkoak).
  • Substantzia toxikoak substantzia ez-toxiko bilakatzea (detoxifikazioa).

Erretikulu endoplasmatiko pikortsua (EEP)

Elkarrekin komunikatuta dauden saku lauak dira eta erribosomak dituzte itsatsita. Bere funtzioak honakoak dira:

  • Proteinen sintesian parte hartzea: Proteinak mintzari lotutako erribosometan sintetizatzen dira eta lumenean sartzen dira. Batzuetan EEari atxikita geratzen dira, eta beste batzuetan Golgi aparatura, lisosometara edo zelularen kanpoaldera garraiatzen dira.
  • Proteinen glukosilazioan esku hartzea: EEPko proteinak glikosilatu egiten dira (glukoproteina bihurtuz) mintz plasmatikora edo kanpoaldera garraiatzeko.

Erretikulu endoplasmatiko leuna (EEL)

Zitoplasma guztian zehar hedatzen den tubulu-sare bat da, EEPri lotuta dagoena. Zelula gehienek gutxi daukate, baina oso garatuta dago gihar-zeluletan edo gibelekoetan. Funtzio nagusiak:

  • Lipidoak sintetizatzea, gordetzea eta garraiatzea.
  • Detoxifikazio-prozesuetan parte hartzea.
  • Muskulu-uzkurdura eragitea.

Golgi aparatua

Diktiosomaz osatuta dago; hauek lautik zortzira bitarteko sakuluak dira eta jariatze-besikulak (trantsiziokoak) dituzte. Animalia-zeluletan nukleotik gertu dago eta zentrioloak inguratzen ditu. Bi alde ditu:

  • Cis aldea: EEPri begira dagoena (ganbila).
  • Trans aldea: Mintz plasmatikora begira dagoena (ahurra).

Funtzionamendua eta funtzio nagusiak

Cis aldeak EEetik datozen trantsizio-besikulak jasotzen ditu. Eduki hori trans aldera igarotzen da zisterna arteko besikulen bidez. Trans aldean, jariatze-besikuletan edo lisosometan pilatzen da.

  • Molekulak aldatzea, paketatzea, garraiatzea eta jariatzea.
  • Mintz plasmatikoa berritzea: Jariapen-besikulen mintza mintz plasmatikoari lotzen zaio.
  • Glikosilazioa: Gluzidoak gehituz glukoproteinak eta glukolipidoak osatzea.
  • Polisakaridoak sintetizatzea (landare-zeluletan zelula-hormarako).
  • Lehen mailako lisosomak eratzea.

Lisosomak

Digestio-entzimak (hidrolasa azidoak) dituzten xixkuak dira. EEPn sortu, Golgi aparatuan aktibatu eta kontzentratzen dira. Bi mota daude:

  • Lisosoma primarioak: Digestio-entzimak bakarrik dituzte.
  • Lisosoma sekundarioak: Entzimak eta liseritu beharreko produktuak dituzte (digestio-bakuoloak).

Mitosiaren esanahi biologikoa

  • Egonkortasun genetikoa: Zelula berriek ama-zelularen informazio eta kromosoma kopuru bera jasotzen dute.
  • Hazkundea: Organismo zelulanitzen tamaina handitzea ahalbidetzen du.
  • Ugalketa asexuala eta birsorkuntza: Banako berriak sortzeko edo kaltetutako ehunak konpontzeko bidea da.

Meiosia: Definizioa eta kontzeptua

Meiosia nukleoa zatitzeko modu berezia da, sexu-bidezko ugalketari lotua. Gametoak (haploideak, n) batzean zigotoa (diploideak, 2n) eratzen da. Meiosian bi zatiketa gertatzen dira eta ama-zelula diploide batetik lau zelula haploide desberdin sortzen dira, aniztasun genetikoa bermatuz.

I. Profasearen etapak

Kromosoma homologoak elkartu eta tetradak eratzen dituzte, DNA zatiak trukatuz (gurutzaketa). Bost etapa ditu:

  • Leptotenoa: DNA kondentsatu eta kromosomak bikoiztuta agertzen dira.
  • Zigotenoa: Kromosoma homologoen arteko sinapsia gertatzen da.
  • Pakitenoa: Gurutzaketa eta birkonbinazio genetikoa gertatzen da kromatida homologoen artean.
  • Diplotenoa: Sinapsia amaitu eta kiasma izeneko lotura-guneak ikusten dira.
  • Diakinesia: Kondentsazio-maila handitu eta mintz nuklearra desagertzen da.

Meiosiaren esanahi biologikoa

  • Kromosoma kopurua mantentzea: Gametoak haploideak izateari esker, espeziearen kromosoma kopurua egonkor mantentzen da belaunaldiz belaunaldi.
  • Aniztasun genetikoa: Birkonbinazioari esker, banako bakoitza bakarra da.
    • I. profasean gene-trukaketa gertatzen da kiasmetan.
    • I. anafasean kromosomak ausaz banatzen dira, zelula desberdinak sortuz.